AHTren aurkako tartalariekiko elkartasun manifestua

2011 urteko urriaren 27an, Nafarroako lehendakari Yolanda Barcina tartakatu zuten hiru lagunek, Pirinioetako Lan Komunikatea Toulousen ospatzen ari zen osoko bilkuran. Une batez, merenge gozoz estalia egon zen Barcinaren aurpegia. Ekintza haren bidez, AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduak Yolanda Barcina salatzen zuen, hain zuzen ere Euskal Herrian oposizio zabala jaso duen AHTren inposaketaren erantzule nagusia bera zelako ekitaldi hartan. Toulousen tartalariak aretotik kanporatu zituzten segurtasun zaindariek besterik gabe, eta ez zen protesta ekintzaren ondorioz atxiloketarik eta identifikaziorik egin. Alabaina, Nafarroara bueltan, Foruzaingoak tartalariak atxilotu eta “agintariaren aurkako atentatua” egin izana leporatuta Espainiako Entzutegi Nazionalean inputatu zituen, salbuespenezko auzitegi horrek beretzat hartu duelarik akusatuak epaitzeko ahalmena. Gainera, laugarren pertsona bat akusazio berarekin auzipetua izan da geroztik, Toulouseko protestan eta Iruñean ekintzaren arrazoien berri emateko hurrengo egunean egin zen prentsaurrekoan parte hartzeagatik. Egun, Entzutegi Nazionalak azaroaren 18an jarri du epaiketa egiteko data, 5 eta 9 urte arteko kartzela zigor eskariekin.

Abiadura Handiko Trmani tav tafallaena ekologia arloan suntsitzailea eta ekonomikoki porrot egin duen egitasmoa da. Lurrari eraso, energia xahutu, zarata arazo larriak sortu, hipermugikortasuna areagotu eta herri txiki nahiz hiri ertainen kaltetan lurraldea hirigune handietan are gehiago zentralizatzera datorren garraiobide elitista da AHTa: herritarren gehiengoak inoiz edo behin erabiltzen du, eta gutxiengo batek soilik baliatzen du maiztasunarekin. Bestalde, AHT bezalako azpiegitura-lan handietan baliabide publiko kopuru itzelak xahutzen dira, eta zarrastelkeria hori murrizketa sozialen eragileetako bat da.

Hori gutxi balitz, agintariak AHTren kostu soziala, ekonomikoa eta ekologikoa nahita ezkutatzen aritu dira azken hogeitabost urteetan zehar; egitasmoaren ustezko onurez gezurretan ihardun dute eta AHTren aurkako oposizioari irain egin diote kriminalizatu ez dutenean; eta kasu askotan ustelkeriaz aberastu dira, Bárcenasen paperek erakusten duten moduan. Agintariengandik nozitu dugun prepotentzia eta engainuzko jarrera hori nabarmen agertzen du Yolanda Barcinak.

Gauzak horrela, gure ustez erabat ulergarriak eta zilegiak dira Yolanda Barcina eta haren gisara AHTren inposaketaren erantzule diren agintarien “tartakatzea” bezalako ekintza herrikoiak. Finean, egitasmo horren benetazko ondorio ekonomiko eta sozialen inguruan gezurrak esanez eta AHTren eragin kaltegarriak ezkutatuz inposatu den proiektu txikitzaile horren aurka protesta egiteko bide justua da hori. Aldiz, lau ekintzaile hauei ezarri nahi zaizkien 5 eta 9 urte arteko kartzela zigorren erabateko proportzionaltasunik eza eta larritasuna salatzen ditugu: izan ere, halako kriminalizazio batek mendebaldeko inongo herrialdetan ez du parekorik, agintarien tartakatze ekintzak lege-hauste arin gisa ebazten diren auziak baitira nonnahi, apenas ondorio legalik ekarri ohi ez dutenak. Hau guztia, gehienetan absolbituak diren politikari gezurti eta ustelekin Justiziak agertu ohi duen eskuzabaltasunarekin aldera daiteke gero.

Horregatik guztiagatik, AHTren eraikuntza lanak gelditzeko eta Barcinaren aurpegia gozotu zuten tarten auziarengatik Espainiako Entzutegi Nazionalean lau pertsona hauen aurka zabaldutako prozesua bertan behera uzteko exijitzen dugu. Gainera, auzi honek edozein kasutan Toulouse epaitua beharko zuen, gertakarien tokian. Beraz, epaiketa honek “injustizia penala”ren osagarri guztiak biltzen dituela esan dezakegu ezbairik gabe: bestek beste, Entzutegi Nazionala bezalako salbuespenezko auzitegi batez baliatzen delako disidentzia soziala erreprimitzeko, eta kode penal geroz eta errepresiboagoak aplikatzen direlako desobedientzia zibila kriminalizatzeko. Eta auzi honen amaierak behingoz AHTren eta gainerako azpiegitura erraldoi eta txikitzaileen behar gabeziaz eta kaltegarritasunaz jabetzeko balio dezan nahi dugu.

Gai honi buruzko beste berriak

1.- Ekologistak Martxaneko hileko Buletina- 122 zenbakia

2.- Tartalariekin elkartasuna

  • Twitter
  • Facebook