Ekologistak Martxanek zalantzan jartzen ditu Bizkaiko Aldundiko Hondakinen Behatokiak emandako 2014ko Birziklatzeari buruzko datuak

Berriki, Bizkaiko Foru Aldundiak argitara eman ditu 2014an Bizkaian sorturiko eta trataturiko hiri hondakinei buruzko datuak, adierazita “guztirako birziklapen-indize eraginkorra 2013an % 62,5etik 2014an % 67,7ra igo dela”.

DSC_0192EHUko irakasle Gorka Buenok idatzitako txostena bere eginda, Ekologistak Martxanek adierazten du txosten honetan Bizkaiko Foru Aldundia berriz ere ari dela baliatzen adierazle bat, birziklapen-indize eraginkorra, eta metodologia bat ez zaizkionak egokitzen2008/98/CE Hondakinen Esparru Zuzentarauaren aplikaziotik eratortzen den araudiari, eta hainbat eratako akats metodologiko larriak egiten dituela. Foru Aldundiak, Bizkaiko hiri hondakinen (HH) tratamenduaren errealitateari dagokionez, oso irudi itxuraldatua ematen die oraindik ere biztanleei.

Europako Batzordearen Erabakietan eta Gidetan jasotako araudia BFAk emandako datuei aplikatuz gero, ondoriozta daiteke 2020an helburu europarrak (sorturiko hiri hondakinen % 50 berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketa) betetzeko aintzat hartzen duen HHen birziklapen-indizea % 38,5ekoa izan zela 2014an, eta ez % 67,7koa, sinetsarazi nahi diguten bezala.

Halere, benetako ehunekoa are baxuagokoa ere izan liteke, izan ere, BFAk “Eraikuntza eta konponketako hondakinak” goiburupean selektiboki jasotako 82.450 tona hondakin zenbatzen du material birziklatu gisa, eta horien baitan eraikuntza eta eraispeneko hondakin (obra-hondakin) fluxu oso handia ezkuta daiteke, Europako araudiaren arabera ez direnak hiri hondakin.

Bizkaiko HHen 2014ko datuek elementu oso kezkagarriak nabarmentzen dituzte, Aldundiak argitu beharrekoak. Eraikuntza eta eraispeneko hondakinak HH birziklatu gisa zenbatzean jada aipaturiko balizko iruzurraz gain, Aldundiak ondokoak argitu behar ditu:

  • zergatik bideratu zituen TMBk 2014an ia 40 kt hondakin zabortegira, instalazioaren ohiko funtzionamenduaren barruan erraustuak izan behar zirenak;

  • zelan biderkatuko den zortzi aldiz konpostaturiko HH kopurua hemendik bi urtera, hala II. BUHKPIren helburuak betetzeko;

  • zergatik tematzen den BFA Zabalgarbiko zaborrak HH birziklatutzat jotzen, ez direnean hiri hondakin, ez dagoenean egiaztatuta birziklatuak direnik eta egon badagonean hondakin arriskutsu izaera ote duten zentzuzko zalantza, hondakinen zerrenda europarrean (HEZ) ispilu-sarreradun hondakina baita;

  • zergatik uste duen BFAk, sistematikoki, Zabalgarbin errausturiko hondakin guztiak balorizazio energetikoarekin errausten direla, egon badaudenean ebidentziak instalazioa argindarrik sortu gabe errausten aritu dela frogatzen dutenak (132 egun 2013an), edo espero zitekeena baino askoz ere argindar gutxiago sortzen (2014).

Gorka Buenok idatzitako txostena:

“Bizkaiko lurralde historikoko hiri hondakinei buruzko 2014ko datuen analisia”

Bizkaiko Aldundiari eskatutako informazioa: hemen eskaera

  • Twitter
  • Facebook