AHTaren lanak gelditzeko eskatu dute Donostian 3000 lagunek

AHT Gelditu! Elkarlanak beste hainbat mugimendurekin (Ekologistak Martxan barne) antolatutako manifestazioan 3000 bat lagun bildu gara Donostian, nahiz eta eguraldiak ez lagundu. Alor desberdinetako mugimendu zein taldeek hartu dute parte manifestazioan, esaterako, amaierako ekitaldian, CADE Iparraldeko AHTren aurkako taldeataz gain, langileen, emakumeen, gazteen, internazionalisten, Gas Frackingeko mugimendukoen, afektatutako lurjabeen eta ekologisten munduko jendeak.

Argazki Galeria: Ekologistak MartxanAHT gelditu Donost2

AHTaren lanak gelditzeko eskatu dute Donostian 3000 lagunek

Berria
Abiadura Handiko Trenaren aurrekontuak gizarte beharrizanetara bideratzeko eskatu dute. 60 elkartek, gizarte mugimenduk, sindikatuk eta alderdi politikok babestu dute protesta. Jendetza bildu zen atzo Donostian AHT abiadura handiko trenaren kontra protestatzeko. Euskal Herriko hamaika eragilek deituta, manifestazioa egin zuten trenaren azpiegituren obrak geldi ditzatela eskatzeko. Aterkiekin babestuta egin zuten protesta, eta lanetara bideratutako aurrekontuak herritarren oinarrizko beharrizanak asetzera bideratzeko galdegin zuten. AHT Gelditu Orain! Xahuketa Gehiago Ez! Herritarrok erabaki! lelopean, Donostiako Alderdi Ederretik abiatu ziren bertora bildutakoek.

Euripean, baino gogotsu egin zuten bidea, eta ozen aritu ziren AHTaren kontrako leloak errepikatzen: «Ez, ez, AHTrik ez», «Lurraldea da etorkizuna, AHTrik ez», «AHTaren dirua, gastu sozialetan» eta antzeko aldarriak ahoz aho entzun ziren manifestazioa amaitu zenera arte.

Trenaren «bideragarritasunik eza» agerian geratu dela nabarmendu zuten amaiera ekitaldian, Donostiako bulebarrean. Hitza hartu zutenen artekoa izan zen CADE Ipar Euskal Herriko elkarte ekologisten koordinakundeko Pantxo Tellier, AHT eraikitzeko beharrik ez dagoela azpimarratu zuen.

Tellierek ez ezik, beste zenbait taldetako kideek ere hartu zuten hitza. Gehien-gehienek salatu zituzten AHTaren «inposizioa» eta horrek ekarritako ondorio ekonomiko, ekologiko eta sozial «lazgarriak». Hala, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari dei egin zieten, obrak bertan behera utz ditzaten. Salatu zuten, halaber, «ezkutukeriaz» aritu direla erakunde biak proiektuaren inguruan. AHTak «diru xahutzea» besterik ez du ekarri, eragileen ustez.

Protestarekin bat egin dute 60 elkarte, gizarte mugimendu, sindikatu eta alderdi politikok baino gehiagok. Beste askoren artean, manifestaziora deitu dutenen artekoak dira: AHT Gelditu Elkarlana eta Mugitu mugimenduak, Fracking Ez, Ekologistak Martxan, Eguzki, Euskal Herriko Bilgune Feminista, LAB, Steilas, ESK, ELA, EHNE, Berriotxoak eta EH Bildu.

Manifestazioa hasi aurretik, Donostiako Gipuzkoa plazan bildu ziren ehunka lagun. Zero Zabor plataformak antolatuta, elkarretaratzea egin zuten, eta, txistu ozenez, Gipuzkoan errauste planta eraikitzearen kontra protestatu zuten.

www.ahtgelditu.org

  • Twitter
  • Facebook