Bizkaiko Hiri Hondakinen kudeaketari buruz BFAk aditzera emandako datuetan gezur eta manipulazio larriak daudela salatu du Ekologistak Martxanek

  • Bizkaiko Batzar Nagusien Eskaeretarako eta Herritarren hartu-emanerako Batzordean izan da Gorka Bueno, Ekologistak Martxaneko kidea, elkarteak hiri hondakinen kudeaketa eta tratamenduaren aurrean duen ikuspuntua emateko.
  • Bizkaiko Lurralde Historikoan hiri hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko sistemaren erabateko kontu-ikuskaritza egin dadila eskatu dute ekologistek.
  • Kontu-ikuskaritza horrek gizarte-eragileen eta kanpoko adituen partaidetza izan beharko lukeela azaldu dute.

+ Informe osoa irakurri

EKOLOGISTAK MARTXANEK BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOAN HIRI HONDAKINEN KUDEAKETA ETA TRATAMENDUARI BURUZ EMANDAKO AGERRALDIAREN LABURPENA

BFAk aditzera emandako datuetan, Bizkaiko Hiri Hondakinen kudeaketari buruzkoetan, Europan indarrean den araudiarekin bat ez datorren zenbaketa-metodologia batekin prozesaturikoetan, gezur eta manipulazio larriak daude. Adibide bat jartzearren, Zabafoto1lgarbik sorturiko zepak sistematikoki jotzen dira birziklatutzat (42.648 tona 2014an); benetan, zabortegira botatzen dira. Eta Zabalgarbiko tximiniaren bidez errausketa-prozesuan atmosferara isuritako fluxu materialaren pareko hiri hondakinen zati bat (182.620 tona 2014an) sortutako hondakinen prebentziotzat jotzen da, hondakinen hierarkia larriki urratuta.

BFAk esan arren “guztizko birziklapen osoaren indizea” Bizkaian, 2014an, %67,7koa izan zela, Europako metodologiaren arabera kalkulaturiko birziklapen-tasa %40 baino txikiagoa da. Izan ere, Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integrala 2005-2016k ez du bermatzen Hondakinen Esparru Zuzentarauan (HEZ) ezarritako Hiri Hondakinen birziklapen-helburuen betetzea (%50eko birziklapen-tasa 2020 baino lehen).

Bizkaiaren arazoak birziklapen-helburuak betetzeko zuzenean daude lotuta Zabalgarbin egiten den errausketarekin, herrialdeko hondakinen kudeaketa eta tratamendua horretan oinarritzen baita neurri handian.

Zabalgarbiren benetako funtzionamendua, 2005ean abiatu zenetik, ez dator bat BFAk eta Zabalgarbik berak emandako informazioarekin, errausturiko hondakinen energia-berreskurapenari zein sortutako zepen osteko tratamenduari dagokienez.

Badirudi Zabalgarbin sorturiko zepei ez zaiela inoiz egin, lantegia martxan jarri zenetik, euren arriskugarritasuna egiaztatuko duen oinarrizko karakterizaziorik, hondakin horiek ispilu-sarrera duten heinean Hondakinen Europako Zerrendan. Zepa-fluxu handi baino handiagoa, 400.000 tona inguru errauste planta abian jarri zenetik, inoiz ez da birziklatu izan. Zepa horiek hondakin ez-arriskutsuen zabortegietara eraman dira, Zalla eta Igorrera; azken horretako zabortegia Aldundiarena da, dagokion onarpen-prozedura bete izan gabe. Zepa horiek isuri-ontzitik kanpo utzi dira, larriki urratuta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen araudia.

Martxan daramatzan hamar urteotan, Zabalgarbik hondakin asko erraustu ditu energia-berreskurapenik gabe. Zabalgarbiren Ingurumen Zaintzako Programan (IZP) eta Merkatu Elektrikoaren Operadorearen (OMIE) datuen erregistroan eskuragarri dauden datuen arabera, ondoriozta daiteke Zabalgarbik azken urteotan sorkuntza elektrikorik gabe erraustu dituela hondakinak denboraldi luzeetan (hiru hiletik gora 2013an, eta gutxienez ia hilabete 2014an). Sorkuntza elektrikoaren geldiune horietan errausturiko hondakinak ezin dira jo energiaren aldetik berreskuratutzat.

Bestetik, datuek erakusten dute Zabalgarbik batzuetan argindarra sortzen duela hondakinen energia berreskuratu gabe. Abian jarri zenetik, 2006. urte osoa hartzen duen ia 18 hileko denboraldi luzean, Zabalgarbik sortu zuen argindarra beraren gas-turbinan bakarrik, lurrun-turbinan izandako matxura tarteko; hain zuzen ere, bigarren horretan berreskuratzen da errausturiko hondakinen energia. Denboraldi horretan, lantegiak erraustu zituen hondakinak inolako energia-berreskurapenik gabe, eta efizientzia elektriko (gas naturalaren aprobetxamendua) oso eskasarekin, ziklo konbinatu osoak ezin baitzuen funtzionatu. Funtzionatzeko modu hori beste une batzuetan ere errepikatu izan da.

Zabalgarbik, abian jarri zenetik, 10 urtez baino gehiagoz, energia-iturri berriztagarrietan, baterako sorkuntzan eta hondakinetan oinarrituriko energia elektrikoaren sorkuntzari begirako pizgarriak jaso izan ditu. Pizgarriok jaso ditu martxan jarri zenetik sorturiko argindar guztiagatik, nahiz eta bakarrik %30 hondakinetatik etorri, eta zenbait denboralditan sorturiko argindarra, 2006. urtean, kasu, ez zen hondakinetatik etorri. Pizgarri horiek, dirutsuak eta ilegitimoak errausturiko hondakinetatik ez datorren zatian, ia 20 milioi eurokoak izan ziren 2012an, eta ia 19 milioikoak 2014an. Zabalgarbik, era berean, inoiz ez du ziurtatu izan, martxan daramatzan 10 urteotan, beraren kilowatt-ordu bat bera ere jatorri berriztagarriko gisa Elektrizitatearen Jatorriaren eta Etiketatzearen Bermeen Sisteman.

Horrenbestez, Ekologistak Martxanek eskaera egiten du Bizkaiko Lurralde Historikoan hiri hondakinen kudeaketa- eta tratamendu-sistemaren ikuskaritza osoa egin dadin, bai ekonomikoa, bai kudeaketa- eta tratamendu-sistemako sartu-irtenen fluxuei buruzkoa (sartzen diren hondakin-fluxuak eta ateratzen diren hondakin- eta isuri-fluxuak), gizarte-eragileek eta kanpo-adituek parte hartuta.

Bizkaiko Foru Aldundiari proposaturiko gaiak

Honakoen inguruko irregulartasunak egiaztatu dira:

  • Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Hiri Hondakinen birziklapen-tasa kalkulatzeko erabilitako metodologia.

  • Zabalgarbin birziklaturiko hondakin gisa zenbaturiko errausketa-zepak.

  • Zabalgarbiko errausketa-zepen izaera arriskutsua egiaztatzen duten karakterizazio eza.

  • Zabalgarbin errausturiko hondakin guztiak energia-berreskurapenez egin direla iriztea.

  • Zabalgarbik hondakinetatik eratorritako energiaren sorkuntzarako pizgarriak kobratu izana, baita gas naturaletik eratorritako sorkuntza elektrikorako pizgarriak ere.

Hori dela-eta, Ekologistak Martxanek eskaria egiten du Bizkaiko Lurralde Historikoan hiri hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko sistemaren erabateko kontu-ikuskaritza egin dadin. Kontu-ikuskaritza horrek barne hartu beharko lituzke kudeaketa- eta tratamendu-sistemaren alderdi ekonomikoak, baita sistemaren sarrera- eta irteera-fluxuen (sartzen diren hondakinen fluxuak eta irteten diren hondakinen eta isurien fluxuak) kuantifikazio eta karakterizazio egokia ere. Halaber, kontu-ikuskaritza horrek gizarte-eragileen eta kanpoko adituen partaidetza izan beharko luke.

Kontu-ikuskaritza horrek, besteak beste, txosten honetan jasotako auziak argitu beharko lituzke. Modu osagarrian, eskaera egiten diogu Bizkaiko Foru Aldundiari honakoak argi ditzan:

  • 2012., 2013. eta 2014. urteetako Bizkaiko Hiri Hondakinen birziklapen-tasa, txosten honetan jasotako Europako arauditik eratorritako metodologiaren arabera.

  • 2012., 2013. eta 2014. urteetako Bizkaiko Hiri Hondakinen birziklapen-tasa, 2005-2016 urteetarako Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Planaren bigarren berrikuspen arruntean erabilitako metodologiaren arabera.

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduketa-ildoen azalpena hondakinei buruzko Zuzentarau Markoaren 11. artikuluaren 2. atalean jasotako helburua betetzeko, hau da, 2020. urtea baino lehen Hiri Hondakinen %50 berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketa gauzatzeko.

  • Zabalgarbin martxan jarri zenetik gaur egun arte (2016ko martxoa) sortutako 190112 kodedun hondakinen (Labearen hondoaren eta zepen errautsak) gaineko informazioa; zehazki honakoa: urtero sortutako hondakin-kopurua, hondakinak hartzen dituzten kudeatzaileak eta tratamendu-prozesua helmugan.

  • Zabalgarbiko errausketa-zepei eginiko oinarrizko karakterizazioak eta adostasun-probak, hondakin horiek zabortegietan hartzeari dagokionez, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena, Ingurumen Baimen Bateratua eta Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko araudiak aplikatuta.

  • Ondokoen funtzionamenduaren ordutegi-erregistro zehatzak, martxan egon diren urte guztietakoak: labe-galdara (1. fokua), berreskurapen-galdara (2. fokua) eta gas-turbinako eta lurrin-turbinako elektrizitate-sorkuntzak. Hartara, argitu ahal izango dira erraustutako hondakinak energia-berreskurapenez erraustu diren eta elektrizitate-sorkuntza erraustutako hondakinen energia-berreskurapenez egin den.

  • 436/2004 ED, 661/2007 ED eta 413/2014 ED aplikatuta Zabalgarbik jasotako hobariak. Errege Dekretu horiek energia-iturri berriztagarrietatik, baterako sorkuntzatik eta hondakinetatik eratorritako energia elektrikoaren sariak arautzen dituzte.

+ Informe completo y fotos:
http://sarea.ekologistakmartxan.org/index.php/s/Cc1WLN93be0s9KH

 

  • Twitter
  • Facebook