Elefante zuriak: AHTa eta Alferreko eta Inposatutako Megaproiektuak

Abiadura handiko azpiegiturak eraiki dituzten enpresen arteko ustelkaria, gehi-ordainketak eta xahuketa salatu denean, Rumanian Alferreko eta Inposatutako Megaproiektuen Aurkako 4. Foroa ospatzen zen  (ikusi iazko kronika). Hemen doakizu Berria egunkarian Arantxa Elizegik idatzitako artikuloa eta gaztelaniazko atalean beste bat ODGko(Observatorio de la Deuda en la Globalización) David Llistar-ek idatzitakoa.

Egun hauetan Mugitu! er_DSF3763e mugitu da AHT-ren inguruko ustelkaria salatzeko: “San Maletin: dena diruarengatik, dena AHT-rengatik”

———————————————————————————————————————————-

“Elefante zuriak” (Arantxa Elizegi, Berria)

Elefant-AHT-EZ

Agintariek herritarren babesik gabe bultzatutako proiektu erraldoien aurkako foroa egin dute egunotan Errumanian.

Foroaren helburu nagusia, hauxe: egitasmo horien aurkako mundu mailako sare bat antolatzea.

Kondairen arabera, Thailandian erregea menpeko batekin haserretzen zenean, elefante zuri bat oparitzen zion. Animalia horiek sakratuak ziren, eta, beraz, herritarrak ezin zuen hura lanerako edota okelatarako erabili: bere irabaziak hura zaintzen erabili behar zituen, zigortuko ez bazuten. Ordutik hona, irabaziak baino kostu handiagoko proiektuei ematen zaie elefante zuri izena; alegia, alferrekoak izan arren mantendu beste erremediorik ez dauden horiei.
Europan badira elefante zuri ugari, batzuk besteak baino ezagunagoak. Hauek dira horietako batzuk: Erresuma Batuko abiadura handiko trenaren bigarren zatia; Errumaniako Rosia Montanako meategia; Notre-Dame-des-Landeseko aireportu proiektua, Bretainian; eta Lyon (Frantzia) eta Turin (Italia) elkartu asmo dituen tren lasterraren egitasmoa. Horietan guztietan sortu dira herri mugimendu eta plataformak agintarien jarrera aldatzea helburu dutenak. Talde horiek, baina, euren herriko proiektua geldiarazteko ekintzak antolatu ez ezik, Alferreko eta Inposatutako Megaproiektuen Aurkako Foroa ere antolatu dute.
Partaideak Errumanian batzartuta daude joan den ostegunaz geroztik, Rosia Montanan. Haien helburua argia da: politika orokor bilakatzen hasiak diren egitasmo erraldoien aurkako sarea osatzea.

Ekialdearen txanda

Aurreko urteetan —laugarrena da hau— mendebaldera begira jarri ziren, eta oraingo honetan ekialdeko mugimenduei eman diete protagonismoa. Izan ere, ekialdean ia mende erdia egin dute sobiet garaiko indarren menpe, eta Europa amets baten parekoa zen. Baina finantza krisiak han ere izan du eraginik, eta, horren ondorioz, ohartu dira paradisutzat zutena ilusio hutsa zela. Azkenean, multinazionalek bultzatzen dituzte orain, agintarien babespean, erregimen totalitarioen aginduz eraikitzen ziren azpiegitura erraldoi eta garestiak. Horietako bat da Rosia Montanako urre meategia; errealitate bilakatuko balitz, Europako handiena izango litzateke.

Kanadako Gabriel Resources konpainiak zabaldu nahi duen meategi horrek aurrera egiten badu, 1.500 hektareako baso eremua suntsituko da, eta 740 baserri eta 140 etxe lekuz aldatu beharko dira. Hori guztia errazteko, 2011ko abuztutik lege proposamen bat aurrera bultzatu nahian dabiltza, zeinak eskumena emango liekeen meatze enpresa pribatuei lur-jabeak indarrez desjabetzeko. Hainbat aldiz atzera bota ostean, iazko abuztuan Errumaniako lege egitasmo bat onartu zuen, Gobernuak Rosia Montanako desjabetzak erraztuko zituena. Irail horretan bertan
hasi ziren horren aurkako protesta ekintzak. Horiei esker, abenduan Legebiltzarrak atzera bota zuen desjabetza legea herrialde osoan aplikatzea ahalbidetuko zuen proposamena. Meategia eraikitzeko lanak, ordea, ez dira gelditu.

Europako AHTak

Badira hiru urte Erresuma Batuko Gobernuak abiadura handiko bigarren zatiaren proiektua aurkeztu zuela. Orotara 52.000 milioi euro inguruko aurrekontua iragarri zuten orduan trenbidea egiteko. Horri beste 9.000 milioi euro gehitu behar zaizkio trenak erosteko. Proiektu osoa 2033. urterako amaitua egotea espero du exekutiboak. Egitasmo erraldoiak ez du, ordea, sostengurik herritarren artean. Duela aste batzuk egindako inkestaren arabera, galdekatutakoen %27ren babesa du soilik. Baina Londresek aurrera egiteko asmoan jarraitzen du; izan ere, haren arabera, Ingalaterra iparraldea eta hiriburua lotzeko modu azkarrena izateaz gain, ekonomiarentzako «bultzada handia» litzateke tren lasterra. StopHS2 plataformak, ordea, besterik dio. Talde horretako kideen arabera, irabaziak Londresen geratuko lirateke, eta trenak iparraldera eramango lukeen gauza bakarra «natur hondamendia» litzateke.

Oso antzeko beste proiektu bat da Frantziako Lyon eta Italiako Turin lotu asmo dituen trenbidea. Egitasmoa D Korridorea izeneko proiektuaren barnean da, zeinak Lisboa eta Kiev elkartzea dituen helburu. Badira hogei urte proiektu horren aurkako mugimendua sortu zela, argudiatuz ingurumena arriskuan jartzen duela eta bide batez beste helburu batzuetarako hain beharrezkoak diren aurrekontuak xahutzen dituela, oinarrizkoa ez den proiektu erraldoi batera bideratuz. Hain zuzen ere NO TAV mugimendua izan zen inposatutako mega-proiektuen aurkako lehen foroa antolatu zuen plataforma.

Grezia, multinazionalen El Dorado

Atenasko Gobernuak Kanadako multinazional bati eman dio Kassandrako meategiak ustiatzeko
baimena, herritarren nahiaren aurka.

Atenasek 11 milioi euroren truke saldu zizkion meategiak Kanadako enpresa bati
Meategien eremuaren barruan, galtzeko arriskuan dauden espezie batzuk bizi dira

VI. mendean hasi ziren ustiatzen Kassandrako meategiak (Grezia). Geroztik enpresa desberdinek ustiatu izan dute, harik eta 2002an Gobernuak haiek ixtea erabaki zuen arte, argudiaturik osasunerako arriskua meategiak eman zitzakeen etekinak baino handiagoa zela. Urtebete geroago, ordea, iritzia aldatu eta Parlamentuak Kanadako multinazional bati saldu zizkion meategiak, 11 milioi euroren truke eta lehiaketa publikorik gabe. Atenasekin hitzartutako akordioaren arabera, konpainiak ez du transferentziaren gaineko inolako zergarik ordaindu behar, ez eta ingurumenean eragindako kalteei lotutakorik ere. Europako Batzordeak ohartarazi du kontratua legez kanpokoa dela; izan ere, gobernuak legea urratzen du multinazionalaren mesedetan. Egun auzia epaiaren zain dago, baina Atenasek dagoeneko iragarri du ez duela atzera egingo.

Bitartean, SOS Halkidiki plataformak protesta ekintzak antolatzen jarraitzen du, baina agintariak gero eta muturrekoagoak diren neurriak hartzen ari dira haiek isilarazteko. Aste honetan bertan zabaldutako prentsa oharrean, plataformak salatu du Polizia baimenik gabe bildutako DNA probak erabiltzen ari dela ekintzaileak identifikatu eta estu hartzeko. «Urre meategiaren aurkako borrokak gizarte mugimendu itxura hartu du dagoeneko, eta aurka egiten dio multinazionalen mesedetan desjabetzak bultzatzeko politikari. Hori dela eta, gobernua ahaleginak eta bi egiten ari da gizarte osoa terroristatzat aurkezteko, horretarako komunikabideak, segurtasun indarrak eta Justizia bera erabiliaz», gaitzetsi du plataformak.

Herri mugimenduak salaketa bat baino gehiago jarri ditu dagoeneko epaitegietan, bai Greziako Gobernuaren aurka eta bai Eldorado Gold multinazionalaren kontra. Baina epaien zain dauden bitartean, protestetan jarraitzen dute. Horiek, ordea, azken aldietan indarra erabiliz eten dituzte segurtasun indarrek. Istilu larrienak iazko martxoan izan ziren: hirurehun bat poliziak aurre egin zieten manifestariei Halkidiki eskualdeko Ierissos herrian; negar gasa jaurti zuten laurehun bat ikasle bilduta zeuden eskolaren inguruan, eta, ondorioz, 17 urteko gazte bat eta 11 hilabeteko haur bat eraman behar izan zituzten erietxera. Bederatzi ordu inguru iraun zuen operazioak, eta hainbat etxe ere miatu zituzten.

Ur iturriak arriskuan Kakkavos menditik datorren ura erabiltzen dute Halkidiki eskualdeko herritarrek. Gaur egun Kassandrako meategira bideratzen dira 350 metro kubo hektareako —40.000 lagunentzako adina ur, alegia—. Baina Kanadako multinazionalak proiektua garatzea lortzen badu, 480 metro kubo baino gehiago bideratu beharko dira, soilik Skouries meategira.

Horretaz gain, Olympiada meategia egin ahal izateko itsasoaren maila baino 600 metro beherago zulatu behar dutenez, arriskua dago itsasoko ur gazia akuiferoetan sartzeko. Ura ez ezik inguruko baso eta nekazaritza eremuak ere suntsituko lituzke egitasmo erraldoi horrek. Agintariek iragarritakoaren arabera, meategien eremua 264 kilometro koadro ingurukoa izango da, zeinetatik %90 inguru basoak diren. Lur horietako asko, gainera, babestutako eremuetan daude, eta bertan aurki daitezke desagertzeko arriskuan dauden hainbat espezie.

Meategiak zulatzeko suntsitzen den eremuaz gain, kontuan hartu behar da airearen kutsadura ere. Mea ustiatu ahal izateko erabiltzen diren prozedurek sulfuroa, artsenikoa, kadmioa eta beste hainbat gai kimiko isurtzen dituzte airera, eta horiek guztiek kalte larriak egiten dizkiete bai ingurumenari eta bai gizakiei eurei.

Hori guztia, ordea, ez da ezer urtean milioika euroko irabaziak espero dituen Eldorado Gold enpresarentzat —Halkidikiko mea 15.500 milioi eurotan dago balioetsia—. Gainera, Greziako Meategien Araudiaren arabera, multinazionala da kontzesioaren jabe bakarra, eta Estatuak ez du etekinik aterako handik.

Gaiarekin lotuta dauden artikuloak

AHTren xuhaketa eta ustelkariaria:

  • Twitter
  • Facebook