Bilboko Udalak Garoña ixtearen alde dagoela berretsi du baina ez Iberdrolarekin mozteko zentrala zabalduz gero

 

Atzo udalbatza egon zen eta eguneko azken puntuan Garoñaren kontrako Foroak
aurkeztutako mozioa aztertu zen. Mozioa Txernobilen 30. urteurrenean sartu
zen eta orain aztertzeko, Forokoek hainbat argudio eman zituzten atzo: Une
honetan estatuan dauden zentral nuklear guztiak itxi ahalko lirateke,
benetan behar dugun elektrizitate kontsumoa, martxan diren zentral (mota
guztietakoak) guztiek ekoizten duten horren %40a gutxiago delako. Beraz,
nuklearretatik datorkigun %21 horri uko egiteko ahalmena dugu, lasaitasun
osoz. Txernobilek eta Fukushimak 200.000 hildako baino gehiago eragin
dituzte (Alemaniako Erradiologoen Elkartearen txosten baten arabera
hildakoak 900.000 direla dio), 680.000.000.000 euroko galerak orain arte,
desplazatuak, malformazioaz betetan ehunka pertsona…

Horren aurrean erakundeek, enpresek, norbanakoek… jarrera aktibo eta
koherentea hartu behar dugula azaldu dugu eta une honetan, zentralak 60
urte arte luzatu nahi dutenen aurka, dagoen aukera bakarra portabilitatea
dela, hau da, alde egin energia nuklearra saltzen duten enpresetatik.
Zentzu horretan, BIlboko Udalak Iberdrolarekin duen argindar suministroa
eteteko konpromezua hartzera bultzatu dugu Garoña berriro martxan jarriz
gero.

Atzoko bilkuran gogoratu zen urrian Udalak Garoña ixtearen aldeko mozioa
onartu zuela aho batez, PPren aldeko botoa barne baina EAJk eta PSE ez
zeuden ezer gehiago egitearen alde. Bi partidu hauek aurkeztutako moziorako
zuzenketan, istripu nuklearrengatik zauritutako pertsonekiko elkartasuna
adierazten dute baina ez dute portabilitaterako konpromezu hori hartzen.
Garoñaren Kontrako Forotik oso modu negatiboan baloratzen dugu zuzenketa
hori, izan ere, hitz politak baino ez direla kontsideratzen baitugu.
Kontraesankorra iruditzen zaigu udaletxeak zentrala itxi dezala eskatzea
gobernu zentralari baina, aitzitik, egoera aldatzeko bere eskuetan dagoena
egiteko erabakia hartzeko unean, konpromezurik ez hartzea.


Azkenik, EAJ-PSE-ren zuzenketa onartu egin zen (euren bozkekin), beraz gure
mozioa ez zen bozkatu ere egin, egoera kafkiano bat sortuz. 5 minutu izan
genituen soilik gure azalpena emateko eta ondoren ez genuen aukerarik izan
replikarako, nahiz eta alderdi politikoetako batek euren txanda eskeini
nahi izan zigun.

Mozioa eta argazkiak ikusgai hemen
<https://drive.google.com/open?id=0B1isZdQGXdg5a2h0dDVtN19XaFk>
  • Twitter
  • Facebook