Ekologistak Martxan-ek Bilboko Udalari Europa parkeko zuhaitz-mozketa bereala gelditzeko eskatzen dio

Aste Nagusiko kontzertuak Txurdinagako Europa Parkean egiteko asmoa dela eta joan den astelehenean Bilboko Udalak parkeko hainbat zuhaitz moztu zituen. Ekologistak Martxan-etik zuhaitz-mozketa hauek bereala gelditzea eskatzen dugu, eta hiri plangintza eza eta espazio publikoen erabilerarako plangintza eza salatu nahi dugu.

Lan eta Zerbitzuen zinegotzia den Jose Luis Sabas-ek orain dela gutxi zera adierazi zuen publikoki: “ zuhaitzak gure hiriko altxor handienetako bat dira, gure ongizatea lagundu eta gure foto5hiria edertzen duten izaki bizidunak dira” eta orain, aste batzuk geroago Bilboko Udalak parke garrantzitsu honen zuhaitz multzo bat (12 eta 30 artean) moztu nahi du.

Arrazoirik gabeko mozketa hau Bilboko ingurugiroaren aurkako eraso bat da, argi uzten du Bilboko Udalak hiriko berdeguneekiko duen ardura eza eta gainera zentzurik gabeko gastu ekonomiko bat dakar. Bilboko Udalari kontzertuetarako leku egokia bilatzeko eskatzen diogu baina gure berdeguneak eta zuhaitzak kaltetu gabe, eta hiritarrekin erabakiak adostuz.

Bilboko parke eta berdeguneen kudeaketa ekologiko eta jasangarria lortzeko eztabaida bat zabaltzea eskatzen dugu. Auzokideok eta Europa Parkeko erabiltzaileok antolatutako ekintzekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzera deitzen dugu.

  • Twitter
  • Facebook