Zergatik ezkutatzen duzue daukazuen informazioa?

AHT Gelditu! Elkarlana Koordinakundetik, egoera sozioekonomiko larriagotzen ari den arren, Gasteizko nahiz Iruñeko euskal gobernuek AHT proiektuarekin tematuak jarraitzen dutela azpimarratu nahi dugu. Izatez, euskal exekutiboak AHTren lanei bultzada handiagoa eman gura dio. Zehazki esanda, egiteke dauden lanak, EAEko hiriburuetako sarbideak eta betearazte epeak ahalik eta lasterren zehaztu daitezen nahi du. Are gehiago, Lakuak, Bergarako Korapiloa deitutako bide-tartea bere esku hartzearen aukera iradoki du, honek diru-kutxa publikoentzako suposatuko zukeen gastu ekonomikoa handia zatekeen arren.

Azken hilabete hauetan AHTren inguruan ematen ari den gardentasun gabezia eta informazio hutsunea oso deigarria suertatzen zaigu, etengabe Madrilgo eta Gasteizko gobernuen arteko bilerak burutu zen ari baitira eta oraingoz, jendarte aurrean ez da han hitz egin eta negoziatu duten ezeren inguruko argibiderik jaso. Zehazkiago, Urkullu Lehendakaria Mariano Raxoi eta Ana Pastor Sustapen Ministroarekin hainbatetan bildu da, eta gaur-gaurkoz, bilera horietan AHTren inguruan adostutakoaren berri ez dugu. Gainera, proiektuari buruzko informazioaren zain daudela diote, non, izaniko bilera ugarirekin berririk ez dutela sinestea asko kostatzen zaigun. Gure aburuz, egun hauetan EAJk eginiko adierazpenak, kontuaren arreta desbideratzeko eta gai honetan duten gardentasunaren ardura saihesteko helburua dute.

revista2

Era berean, Ana Oregi Ingurumen Kontseilariak Gasteizko Parlamentuan agerraldia egin duen aldiro ez du proiektuaren egoera errealaren inguruan argipenik eman, ez eta gaur egungo kosteak zein diren edota finantziazio arazoen inguruko azalpenik eman. Honek guztiak, AHTren proiektuaren inguruan dagoen ziurgabetasuna eta zalantzagarritasuna handitzea baino ez dakar.

Madril ez dabil bere zatia betetzen

Arestian aipatutako egoera honi, Madril EAEri AHTren lanengatik aurreratzen ari den dirua ordaintzen ari ote zaion gehitu beharko litzaioke. EAJtako hainbat kidek publikoki onartu dute Madril ez dagoela adostutakoa ordaintzen ari eta ez duela proiektuaren finantziazioaren inguruan adostutako konpromisoak betetzen ari. Abagune eta krisi larri egoera honetan, Espainiako gobernuak AHT proiektua hasiera batean planifikatu zen moduan aurrera eramateko dituen zailtasun handiak gogorarazi nahi ditugu. Eta ez hau soilik, AHTren gastu ekonomiko itzelak zorraren eta defizitaren igoera handia suposatzen ari dira, datozen hamarkadetan jasan beharko dugun hipotekatzarra sorraraziz. Hainbestetan esandakoa berresten dugu, azpiegitura honetan urtez-urte ehunka milioi euro xahutzen dira murrizketa sozialen testuinguru gogor batean eta jendartearen beharrizan larrienak bermatu gabe darraiten bitartean.

AHT berehala gelditzearen beharra

Aurreko guztiagatik, AHT Gelditu! Elkarlanatik AHTren proiektua ahalik eta lasterren gelditu behar dela eskatzen dugu. Dagoeneko, proiektu honetan 2.200 milioi euro inguru gastatu dira eta hala ere, oraindik proiektu osoaren (6.000 milioi euro) aurrekontuen %60 baino gehiago gastatzeke dago. Honexegatik, AHTren egoera krisi iraunkorrean dagoen proiektua dela esaten dugu. Hau gutxi balitz, gobernu frantsesak Bordele eta Hendaia arteko AHTren eraikuntza, gutxienik, 2032. urterarte atzeratzea erabaki du, eta AHT proiektua iparraldetik nahiz hegoaldetik isolatua geldi daitekeela adierazi nahi dugu, abiadura handiko konexioei dagokionez, Sustapen Ministerioak ez baitu honen inguruko aipamen argirik egiten. Gauzak horrela, pixkanaka “bide itsua” baino ez diren bide-tarte isolatuak burutzen doaz, AHTren plangintzaren porrota eta hasieratik egon den ziurgabetasun eta inprobisazioa agerian utziz.

EAJri bilera formal baten eskaera

Hiritarrak garen heinean klase politikoak herriak dioena entzun behar duela sinesteaz gain, kudeatzea egokitu zaizkion eginkizun publikoen inguruan hartzen dituen erabakien berri eman behar dituela uste dugu, are gehiago, AHTren tamainaren moduko proiektuak tartean daudenean. Hau dela eta, AHTri dagokionez, hiritarrenganako gardentasuna eta informazio publikoa oinarrizko eta ezinbestekoa gauza direla ulertzen dugu. Eta horregatik, EAJri bilera bat eskatu nahi diogu zio honen inguruan dugun kezka helarazi nahi baitiogu. Gure ustez, azkenaldian AHTren inguruan mugitzen ari den guztia ez zaie hiritarrei heltzen, eta proiektu honen ondorioak hain handiak izanik auzi garrantzitsuegia da hau gardentasunez, zintzotasunez eta erantzukizun politikoz ez jokatzeko.

AHT Gelditu! Elkarlana

  • Twitter
  • Facebook