Garoñaren Kontrako Foroak energia nuklearra baztertu dezala eskatuko dio Bilboko Udalari

– Bizkaiko Garoñaren Kontrako Foroa –

 

Duela hilabete Txernobylgo istripu nuklear larriaren 30. urteurrena bete zen, eta martxoan berriz, Fukushimaren 5. urteurrena izan zen. 200.000 pertsonatik gora hil dira istripu hauen ondorioz, eta beste hainbestek gaixotasun larriak garatu dituzte, malformazioak, desplazamenduak…eta 680.000 milioi eurotako galerak, momentura arte.

Energia nuklearraren inposaketak arrisku larria dakar bai osasunerako baita ingurumenerako ere, beraz, premiazkoa da Bilboko Udalak energia mota honen erabilera publikoki baztertzea eta horixe da, hain zuzen ere, Garoñaren Kontrako Foroak, datorren maiatzaren 26ean udaleko bilkuran aurkeztuko duen mozioaren bitartez egingo duen eskakizuna.

Mozioak bi helburu ditu:

1) Hondamendi hauetako biktimen oraitzapenean 5 minututako isiltasuna egitea: 425 zentral nuklear daude oraindik ere martxan mundu osoan, beraz edozein momentutan errepikatu daiteke istripua berriro ere.

2) Udaletxeak manifestu bat sinatu dezala, Garoña berriro ere martxan jarriz gero, energia nuklearra komertzializatzen duten enpresekin dituzten kontratuak eteteko konpromezua hartuz.  Gaur egun badira energia garbiak eta segurtasuna bermatzen duten aukerak.

Era berean, Garoñako Santa María zentral nuklearra Bilbotik 58 kilometrotara dagoela soilik adierazi dute,  estatu osoko zentral zaharrena izanik, dagoeneko bete baititu martxan egoteko zituen 40 urteak. Fukushimakoa bezalakoa da, baita Belgikako Doel bezelakoa ere, eta azkeneko hau segurtasun arrazoiak direla eta istea erabaki dute. Gainera, Garoña beste 17 urtez irekitzea, aurrekaririk gabeko gertaera litzateke, zentral nuklear bat 60 urtez martxan jartzen den lehengoa aldia bailitzateke, horrek dakarren arriskua sekulakoa izanik. Honetaz gain, jarduerarik gabe eman dituen azken 3 urteetan hornidura elektrikoan arazorik ez dela egon azpimarratu dute.

 

  • Twitter
  • Facebook