‘La Huertaka’ bideoak ikus-entzunezko saria eskuratu du Sutondotik Plazara lehiaketan

  • 100€tako saria eta urriak 26tik 30era, Errumanian egingo den Elikadura burujabetzarako Bigarren Europar Forumean parte hartzeko aukera izango dute Barakaldoko saridunek.
  • Bizilurrek antolaturiko lehiaketa honen helburua, Elikadura Burujabetzaren inguruko informazioa, hausnarketa eta eztabaida sustatzea izan da
  • 67 lanen artean aukeratua izan da bideoa 

    +BIDEOA IKUSI

Ekologistak Martxanek sustatutako ‘La Huertaka’, Barakaldoko hiri ortuen ekimenak, Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Erakundeak eta Etxalde Nekazaritza Iraunkorrak, Donostia Europako Kultur Hiriburua 2016, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Hands of the Land for food Sovereignty elkarteen artean antolaturiko Sutondotik Plazara lehiaketaren ikus-entzunezko saria eskuratu du. Sari moduan, 100€ eskuratzeaz gain, NYÉLÉNI Europako 2. Foroan parte hartzeko aukera eskeintzen da, urriak 26tik 30era bitartean Errumanian.

Lehiaketaren helburua, elikadura-burujabetzari buruzko informazioa, hausnarketa eta eztabaida sustatzea izan da, herri eta hirien artean dagoen lotura indartuz. Zentzu horretan, antolakuntzak adierazi duenez, 67 pieza jaso dira guztira, ‘oso anitzak izan dira, hizkuntza artistiko eta komunikatibo oso ezberdinekoak; kalitatezkoak eta originalak; ikuspuntu eta istorio anitz landu dituztenak; hausnartzen laguntzen dutenak; salaketak egiten dituztenak; informatiboak; eta orokorrean elikadura burujabetzaren eraikuntza kolektiboaren bidean inspiratzen dutenak’.

‘La Huertaka’ proiektua

La Huertaka Lutxana auzoa eta industrialdearen artean zegoen berdegune batean jaio zen. Bertan parte hartzen duten pertsonek egiten duten ahaleginak esperientzia aberasgarria bilakatu dute, herriaren jakinduria eta hiria eta naturaren arteko harremana berreskuratzen lagundu duelarik.

  • Twitter
  • Facebook