Aralarko Enirio-Igaratzako txaboletarako pista proiektua ONARTEZINA!

Gaur NATURKONeko, Gipuzkoako natur eta ekologista elkarteetako ordezkariok Foru Aldundia ebaluatzen ari den Enirio-Igaratzako txaboletarako pista proiektu berria eta bere ingurumen inpaktuko azterketaz egiten dugun aurkako balorazioaren berri azaldu nahi diogu Gipuzkoako gizarteari.

  • Lehendabizi adierazi behar dugu, Aralar Bizirik plataformak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak, Ingurumen Diputatuari bilera eskatu ziotela uztaila erdialdera, txabola horietara iristeko Eniriotik dagoen oinezko bidea pista bihurtu gabe alternatiba aurkezteko eta oraindik ez dute erantzunik jaso. Handik egun batzuetara, Foru Aldundiko Ingurumen departamendu berak, pista proiektu horri buruzko ekarpenak egiteko epea, uztailaren 24tik irailaren 7ra ireki zuen, abuztua opor hilabetea izanda, natur eta ekologista elkarteon parte hartzea zailduz, Aldundiaren gobernantza onaren helburuen aurka.

  • Pista hau ez da beharrezkoa, Igaratzako txabolek badutelako jada Nafarroatik barrena 4×4 ibilgailuz euren txabolen ateraino iristeko pista; eta gainera, pista bihurtu nahi den oinezkoen bidea bizikletaz edo motoan ibiltzeko modukoa da. Oinezko 2,275 kmko bide hori (PR-Gi 2010) antzina-antzinatik mendizale eta oinezko askok erabili dute, Goierritik Igaratzara eta Aralarko San Migelera joateko. Oso ederra izateaz gain, balio historiko eta kultural handiko bidea da; horregatik, babestu egin beharko litzateke eta ez pista bihurtuz, ondare hori betiko galdu. Gainera Trashumantzia Kultur-ondare Inmaterialaren Adierazgarri bezala deklaratuta dagoenez, bide hori ardiak larretara igotzeko eta horietatik jaisteko Aralarren geratzen den bidezidor gutxitakoa denez, uste dugu bere horretan mantendu behar dela, ardiak larretara eramateko nahiz ondorengo belaunaldien gozamenerako.

  • Orain gutxi Ingurumen Fiskaltzak iaz egindako pistaren kasua Tolosako epaitegiaren esku utzi du, Eguzki eta Landarlanek egindako salaketaren haritik, proiektuan lege urraketa zantzuak ikusi direlako. Proiektu berriak iazko eraikitako pistako lege hausteei eusten die berriro ere:

  • Aralarko bide azpiegituren plana egin beharrean, ia 20 km luzerako pista proiektua zatika baloratzen ari da, berez beharko lukeen banakako ebaluazioa ez egiteko eta horren ordez, sinplifikatua eginez, proiektuaren tramitazioa asko arintzeko.

  • Pista berria eraiki nahi den ibilbidean Mendi Babesle izendatutako barrutiak dira nagusi. Hauetan, Aralarko legediaren arabera, artzaintza mugatu beharko litzateke lurraren higadura arriskuagatik eta lurzorua mugitzea debekatuta dago, beti ere zuhaitzak jartzeko edo lehendik dagoen azpiegitura mantendu eta hobetzeko ez bada.

  • Aralarko Natur Parkea Europako Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da eta proiektu hau ez da Europako legedira egokitzen. Pista berria ez da beharrezkoa Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketarako, are gehiago, Aralarren ganaduaren gainkarga dagoenean, eta larreak egoera egokian mantentzeko zenbat ganadu beharko litzatekeen argitzen ez denen bitartean.

  • Horrez gain, adierazi beharrean gaude pistak eginda ez dela artzaintzaren etorkizuna bermatzen, baserrien kasuan garbi ikusi den bezala: adibidez Goierrin, baserri bideen luzera 500 km-koa da, baina 1.500 baserrietatik 120 bakarrik dira benetan baserria ogibide dutenak.

  • Halaber, onartezina iruditzen zaigu artzainen irisgarritasuna hobetze aldera pistaren alternatiba soila aurkeztu izana. Badira inguru honetara hobeto egokituko liratekeen beste ibilgailu mota batzuk, 4x4ena baino zabalera txikiagoa dutenak eta azpiegitura jasangarriagoekin bideragarriak liratekeenak, beti ere, erregai fosil bidez funtzionatzen duten ibilgailuen aurrean, ibilgailu elektrikoen erabilpena sustatuz, bere garaian, argindarra lortzeko eguzki plakak instalatu ziren bezala. Zama eramateko animaliak erabiltzea ere aukera egokia litzateke, mandoak eta zaldiak esaterako, zaindariek lagunduta.

  • Pistak arriskuan jarriko du Lareoko urtegia hornitzen duen erreka, ibilgailuek sor dezaketen kutsadurarengatik.

  • 160 zuhaitz eta zuhaixka botako lirateke, gehienak elorriak, baina baita 17 gorosti eta 6 hagin ere, azken bi espezieak legez babestutakoak direlarik. Gainera Hazi Fundazioak, Aralarren haginak kontserbatzeko LIFE BACCATA proiektua garatzen ari den enpresa berak egin du Ingurumen Inpaktu azterketa, baina txostenean ez du haginak botatzearen inguruko aipamen berezirik egin. Honek Hazi Fundazioaren kontraesanak begi-bistan uzten ditu. Era berean, landareengan izango duen inpaktua baloratzeko erabili diren datuak 2003koak dira eta ez dira gaurkotu, beraz, ez dira aintzat hartzekoak.

  • Proiektuak Batasuneko Intereseko espezieengan izango duen eraginari buruz, 17 espezie soilik hartu dira kontuan eta ez interesekoak diren 65 espezieak. Honen haritik, ez dira kontsideratu Natura 2000 Sarerako garrantzitsuak diren flora eta faunako espezieak, ezta Euskadiko Espezie Mehatxatuen katalogokoak. Hau gutxi balitz, lurrazpiko espezieak ez dira aipatu ere egiten, Aralarren 202 baino gehiago izanik eta horietako 12 Aralarko endemikoak izanda, alegia mundu osoan Aralarren besterik aurkitzen ez direnak.

  • Biztanleriaren gaineko inpaktua pista egin ondoren positiboa izango dela esaten den arren, iaztik pista proiektuak Enirio-Aralarko herrietan giro asaldatua eta liskartsua sortu du. Horren adibide dira, Oiduiko mendi aterpea nahita erre izana edota abeltzain bat Mankomunitateko bileran nahiz mendian jendeari mehatxuka ibiltzea. Dagoeneko Naturkon-ek eta Euskadiko hiru Mendi Federazioek pista proiektuarekiko desadostasuna azaldu dute, pista eraikitzeak kontserbazionista, naturzale, mendizale eta oinezkoentzako inpaktu oso negatiboa izango duelako.

  • Ekarpen guzti horiek eta gehiago helarazi dizkiote hainbat elkartek Ingurumen Departamenduari eta pista proiektua eta bere ebaluazio inpaktua ez onartzeko eskatu zaio, Aralarren sortuko dituen inpaktu larriengatik eta irisgarritasuna hobetzeko alternatiba jasangarriagoak eta mendi ingurunera hobeto egokitzen direnak badirelako:

  • Eta amaitzeko, hemen aipatutako Enirio-Igaratzako txaboletarako bidearen aberastasuna ezagutzeko, urriaren 8an, igandean izango den mendi ibilaldira, gonbidatzen ditugu herritarrak.

NATURKON

Itsas Enara OEArkamurka Zarauzko NTEguzkiMutrikuko NT– Herrio Orioko NT – Ugatza OEEkologistak Martxan – Zumaiako NT – Erkaxo Azpeitiko NT – Katamarrua Zestoako NT – Landarlan Goierriko NT – Ondarroa 12 miliaHaritzalde Naturzaleen ElkarteaOkil Beltzak Elgoibarko NT – Aralar Bizirik)

  • Twitter
  • Facebook