Ekologistak Martxanek lindanoaren gatazka Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordearen mahai gainean jarri du

Ekologistak Martxanen ordezkarien agerraldia izan da gaur Eusko Legebiltzarreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean. Bertan,  Lindanoaren fabrikazioa eta erabilera.Pozoinketa iraunkor eta ixil baten kronika’ izenburupean, Ecologistas en Accionek egindako txostenaren aurkezpena egin da.

EH Bildu taldeak egindako eskariari jarraituz antolatutako saio honen helburua, harreta deitu eta Europar Legebiltzarrera egindako azken bidaian talde guztiek, inolako salbuespenik gabe, elkarrekin lankidetzan aritzeko hartutako konpromisoa gogoraraztea da.

Talde ekologista pozik azaldu da agerraldiaren emaitzarekin eta alderdi politiko guztiek elkarrekin lan egiteko agertu duten jarrera azpimarratu du.

Aurrekariak

EAEn lindanoa ekoiztu zen hainbat hamarkadetan zehar. Ekoizpen horrek, kudeaketa zaila duen hondakin toxiko handia eragin du Barakaldon dagoen Oiolako urtegian edota Gasteizko Zadorra ibaian, besteak beste. Ekoizpen prozesuak eragiten zituen hondakinen kudeaketa opakua eta axolagabea izan zen.

Agerraldi osoa (gazteleraz)

Espainiako Estatuan HCH ekoizten hasi zen lehenengo enpresa EAEn ezarri zen. Insecticidas Cóndor SA, merkataritza-enpresa 1944an sortu zen Barakaldon (Bizkaia). 1960an, enpresa bitan banatu zen. Enpresetako batek Insecticidas Cóndor izena erabiltzen jaraitu zuen, baina 1966an ekoizpen-jarduera Amorebieta-Etxanora (Bizkaia) eraman zuen, eta han jardun zuen 1985 arte. Beste enpresak, Standard Química izenekoak, Barakaldoko instalazioetan jarraitu zuen. Azken enpresa horrek finantza-arazoak izan zituen, eta bere aktiboak Cielmar España sozietatera eraman ziren, bi urteren buruan Bilbao Chemicals izena hartu zuena. 1987an jarduna bertan behera utzi zuen, talde ekologistek eta administrazioak egindako presioen zioz; izan ere, isurketa kutsakorrak gertatzen ziren behin eta berriz, enpresa horren baitan. 1952an, Nexana S.A. Erandion kokatu zen; jarduna 1982an eten zuen.

Administrazioari  eskariak

Gaur, dei egin nahi diogu geurea den batzorde honi, gaurko eta geroko belaunaldien babesean aitzindari izan dadin, eta inplikatuta dauden herri-administrazio guztiak (udal administrazioak, autonomia-erkidegokoak, Estatukoak nahiz Europakoak) koordina ditzan, arazo larri hori konpontze aldera. Horretarako, ezinbestekoa deritzogu honako jarduera hauek gauzatzeari:

  • Arazoari modu bateratuan aurre egitea.

  • Lindano-hondakinak isuri diren toki guztiak lokalizatzea eta era egokian karakterizatzea.

  • Eremu kutsatu guztien osoko garbiketa bermatzea.

  • Giza kontsumorako ura ekoizteko hargune desegokitzat jotzea konposatu organiko iraunkorrek eraginiko ibaiak eta eremuak.

  • Halako kutsatzaileek eragindako eremuetako biztanleek jasan duten esposizioa ebaluatzea

  • Gertaerak ikertzea eta kutsaduraren eragileei dagozkien erantzukizunak (penalak, administratiboak eta politikoak) eskatzea.

  • Aipatutako jarduera horiek gauzatzeko behar diren aurrekontu-sailak izendatzea.

  • Gardentasuna eta etengabeko informazioa bermatzea, bai eta egoera honen jarraipena egiteko eta konponbidea emateko interesa duten antolakunde guztiek (ekologistak, sozialak, bizilagunenak) parte har dezaten ere.

  • Europako jarduera koordinatua bilatzea, bai deskontaminazioari buruzko ezaguerak trukatzeko eta ikerketa eta garbiketarako funtsak mobilizatzeko garaian, bai lurzoruak babesteko Europako arau-esparru baten alde lan egiteko garaian, lurzoruen kutsaduraren arazoari era egoki eta koherentean aurre eginda, lurzoru horiexek izaten baitute uren gaineko eragina.

  • Twitter
  • Facebook