Ekologistak Martxanek “Energian Emakumerik Gabe Ez” manifestuari babesa adierazi dio

Energiaren sektoreko profesionalak eta ekintzaileak, sektorean emakumeen presentzia izatearen alde

Zerrenda honetako kideok honako konpromiso hau hartu dugu: ez dugula energiaren sektoreari buruzko inongo ekitalditan parte hartuko (konferentzia, mahainguru, lantalde eta abarretan), baldin eta, bi hizlari baino gehiago egonik, gutxienez emakumezko bat aditu gisa aritzeko aintzat hartu ez badute. Era berean, 3/2007 LEGE ORGANIKOAK, martxoaren 22koak, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoak, xedatutakoa betetzera premiatzen dugu, bereziki, osaera orekatuari dagokionez, alegia, “emakumeen eta gizonen presentzia, noiz eta, kasu bakoitzean erreferentziatzat hartzen den osotasunean, sexu jakin bateko pertsonak ez direnean 100eko 60 baino gehiago, ezta 100eko 40 baino gutxiago ere.”

Gure zerrendan izena eman nahi baduzu energiaren sektoreko profesional edo ekintzaile gisa, bidali ezazu mezu bat EnEnergiaNoSinMujeres@gmail.com helbidera. Sinatzaileen zerrenda aldian-aldian eguneratuko da.

Zergatik “Energian, emakumerik gabe, ez” manifestua?

Energiaren sektorean, oso gutxitan gonbidatzen dituzte emakumeak hitzaldiak, eztabaidak edo mahainguruak bezalako ekitaldi publikoetan aditu gisa aritzera. Baina badira gure herrialdean sektore honetako arlo ugaritan esperientzia zabala duten emakumeak: ikertzaileak, ingeniariak, irakasleak, lan teknikoak gauzatzen dituzten emakumeak, kanpainetako arduradunak, komunikatzaileak, ekonomialariak, energiaren arloko enpresetako nahiz erakundeetako zuzendaritzetan askotariko karguak dituzten emakumeak eta abar. Emakumeen ausentziak ez du justifikaziorik. Alde batetik, emakumeek gure gizartean bizi duten diskriminazioaren erakusgarri da hori; bestetik, sektorean ezinbestekoa den eztabaidari mugak ezartzea da, herritarren erdiak kanpoan geratu ohi dira eta.

Gizarte zientzietan emakumeen presentzia sustatzeko Espainiako akademikoek bultzatu duten No sin mujeres manifestua oinarri hartu eta antzeko manifestu bat abiarazi nahi dugu, energiaren sektoreari dagokionez.

Elkarrekin lan egiteko garaia heldu da, denon artean espazio publikoetan emakumezko adituen presentzia handitu dezagun. Hartara, eredu iraunkorrago baterako trantsizio energetikoa eredu bidezkoago baterako trantsizioa ere izango da.

Zer-nolako inplikazioa dakar gure konpromisoak?

Sinatzaileek hartutako konpromisoa indibiduala da. Bi hizlari baino gehiago egonik, aditu gisa arituko den emakume bat gutxienez aintzat hartu den ekitaldietan (hitzaldiak, mahainguruak, lantaldeak eta abar) parte hartuko dute sinatzaileek. Horrek esan nahi du emakumeen presentzia bermatuko dela edo, behintzat, emakumeak formalki gonbidatuak izan direla, baina parte hartzeari uko egin diotela. Bigarren kasu honetan, ekitaldiaren hasieran eman beharko da gonbidapenari uko egin izanaren berri, espresuki.

Manifestuarekin bat egiteko hemen. 

  • Twitter
  • Facebook