Plastiko birziklatua duten jostailuek toxiko arriskutsuak dituzte

· Ekologistak Martxanek parte hartu duen txosten europear baten arabera, zenbait produktuk hondakin elektronikoen ondoriozkoak diren toxiko arriskutsuak izan ditzakete.

· Ingurugiroan iraunkortasun handia edukitzeagatik eta tiroide eta umeen bilakaera neurologikoan eragin zuzena duten disruptore endokrinoak izateagatik, antzemandako toxiko hauek munduko 28 toxiko arriskutsuenen artean daude.

Europako ikertzaile talde batek, Ekologistak Martxanekin elkarlanean, jatorria hondakin elektronikoetan duten toxiko arriskutsuak aurkitu dituzte birziklaturiko plastikoetan, hala nola, jostailu edota kontsumorako saltzen diren beste hainbat produktutan.

Aurkituriko toxikoak bi taldetan sailka daitezke: batetik ingelesezko PBDE deritzona, elketronikako kableak isolatzeko erabiltzen zena, eta ingelesezko HBCD siglez ezagutzen dena, auto zein elektronikarako plastikoetan erabiltzen zena. Bi substantzia hauek tiroidearen funtzionamendu ezegokiarekin eta zenbait kalte neurologikorekin zuzenean erlazionaturik daude. Gainera, Estokolmoko Hitzarmenean azaltzen diren munduko 28 toxiko arriskutsuenen artean daude.

Ikerketak europako herri desberdinetan erositako 109 jostailu, ilerako osagarri eta sukalde tresna aztertu ditu. Emaitzek adierazi dutenez, ikerturiko produktuen %98ak PBDE (polibromo difenil eteres) zuten eta %80ak berriz aipaturiko HBCD.

Europako legeriak kontsumorako diren produktuetan PBDE mailak mugatzen ditu. Fabrikazio berriko plastikoetan muga hori nabarmena den arren, birziklaturiko plastikoetan muga askoz ere zabalagoa da.

Estatu mailan ikerturiko produktuen maila toxikoa muga legalaren artean dagoen arren, emaitzek argi erakusten dute plastiko berrien eta birziklaturiko plastikoen artean onartzen diren toxiko mailen arteko desberdintasuna. Birziklaturiko plastikoen toxikoen maila fabrikazio berriko plastikoen toxikoen maila baino 100 aldiz altuagoa da. Honek kontsumitzailearengan sor daitezkeen mesfidantza arazoak argi uzten ditu, erositako produktua fabrikazio berrikoa edo birziklatua den ez dakielako, eta ondorioz produktuek duten maila toxikoa ere ezezaguna egiten zaie.
Emaitzek adierazten dutenez, hondakin elektronikoek dituzten suaren aurkako substantziak birziklaturiko plastikoetan ere mantendu egiten dira. Baita Estocolmoko Hitzarmenean debekatu ziren hainbat substantzia toxiko ere.

Honen aurrean talde ekologistak agintariei exijitzen die: plastikozko produktu berrien fabrikazioan onartzen diren toxiko maila baxuak eta birziklaturiko plastikozko produktuen toxiko maila berbera izatea.

Txostena (ingelesez): https://english.arnika.org/publications/toxic-loophole-recycling-hazardous-waste-into-new-products 

  • Twitter
  • Facebook