Marea beltz berriaren mehatxua kantauri kostaldean

Ekologistak Martxan-ek Grande Amerika itsasontziaren isurketak Bizkaiko golkoan izaten ari den inpaktua salatu nahi du, eta orain arte geldiarazteko eta gutxitzeko egin diren saiakerak ez direla eraginkorrak izan adierazi.

Euskal kostaldea kutsaturik suertatzeko arrisku larrian dago, itsas barneko eta kostaldeko ekosistemak mehatxatzen dituen arriskua baina baita bertako jarduera ekonomikoak ere: arrantza, itsaski-bilketa, turismoari eta aisialdia.
Oraintxe, isurketa kostaldetik ehun miliatara dago eta 100 km karratu inguruko zabalera du. Bere ezaugarriak, zabalera eta gertutasuna kontuan harturik, Ekologistak Martxanek itsas-agintariei larritasun eta arrisku mailarik goreneko istriputzat har dezatela eskatzen die.

Eragile ekologistarentzat Estatuko Erantzun Plana martxan jartzea erabat beharrezkoa da. Hain zuzen ere, Emergentzia faseko 2. Egoera aktibatzeko baldintzak badaude, hainbat erkidego dagoelako mehatxupean eta kostaldeko hainbat gune zaurgarri kaltetuak izan daitezkeelako. Horren eraginez, Itsas-Kutsaduraren aurkako Estatuko Erantzun Plana indarrean jarri beharko litzateke. Eta honekin batera, erkidegoetako planak eta Itsasertza Babesteko Estatuko Plana. Eusko Jaurlaritzak bertako plana martxan jarri omen du dagoeneko, baina plan hori ez da publikoa homologatu gabe dagoelako oraindik nahiz eta honen antzerako istripu larrien mehatxupean urte asko daramatzagun.

Izan ere, Grande Amerika-k 2200 tona fuel zeramatzan, 2100 ibilgailu gutxi gora behera, eta ehunka tona azido kloridriko, olio, erretxina, fungizida eta beste hainbat sustantzia kutsagarri. Gehiena itsasontzia erre zenean isuri zen, eta besteak milaka metrotara daude itsas sakonean, baina beste hainbatetan ikusi ahal izan dugun bezala, pixkanaka isurtzeko arriskua oso handia da. Ondorioak ezin dira zehaztu oraindik, hala ere, oso larriak izango dira itsas eta itsasertz ekosistementzako eta, bereziki, itsas hegaztientzako.

Horregatik, Ekologistak Martxanek eskatzen du ikerketa eta zigor espedienteak ireki daitezela, alde batetik isurketaren eraginak gutxitzeko eta kalte ekologiko eta ekonomikoak lehengoratzeko neurriak ahalik eta azkarren har daitezen. Eta beste aldetik arduradunak identifikatu eta kalte ekologiko zein ekonomikoen kargu egin daitezen.

Eneko Aierbe, Ekologistak Martxaneko itsas saileko koordinatzailearentzat, “itsas ingurunearen baloreak eta beraiei lotutako jarduera ekonomikoen egoera berreskuratzea ezinbestekoa da”.
Honen ondorioz, exijitzen dugu kalte eta gastu horiek (jagoletza, eustea, prebentzio etab) armadoreak edota bere aseguru-etxeak ordaindu ditzatela. “Are gehiago kontuan hartzen badugu hainbat informazioaren arabera itsasontzi honek azken ikuskapenetan gabezia larriak izan dituela sutearen aurkako sistemetan” azpimarratu du Aierbek.
Ekologistak Martxanek, era berean, agintariei eskatzen die informazioa era zintzoan eta zabalean ematea jendarteari, eta interesa duen edonori isurketaren eboluzio, toki zaurgarrien kartografia eta beste edozein informaziori buruzko datuei sarbidea eskaintzea.
Badira urteak eta hamarkadak Ekologistak Martxanek gure ekonomia sustatzen duen ekoizpen eta kontsumoaren eredua salatzen diharduela, modelo bortitza eta bidegabekoa delako, eta onartezinezko arriskua suposatzen duelako askotan. Are gehiago, antzeko kasuetan ikusi izan dugu arduradunek ez dituztela hartzen bere gain ondorio guztiak.
Eneko Aierbe: “Oso ziurra da marea beltza lurrera helduko dela, izan kantauri aldean edo frantziar kostaldean. Edozein kasutan aurretik ezagunak ditugun irudiak zabalduko dira, berriz ere beltzez zipriztindutako itsasertza eta bertako bizidunak ikusi ahalko dira. Hau eragozteko mugitu beharra dugu”.

Bilbo Hirian Eneko Aierberek (Ekologistak Martxan) emandako azalpena

Marea beltzaren arriskuaz ohartarazi du Ekologistak Martxanek

  • Twitter
  • Facebook