Bilboko mugimendu feministako kolektiboen adierazpenari atxikimendua

Ekologistak Martxanek Bilboko mugimendu feministako kolektiboen adierazpenari atxikimendu eskaera onartu dugu eta animatu nahi zaituztegu zuen ingurumenean zabaltzeko eta bat egiteko

Behean sinatzen dugun Bilboko Mugimendu Feministaren parte garen taldeok uko egiten diogu onartu berri izan den Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Ordenantzari (Udalbatzaren XIII. Osoko Bilkuran onartutakoari), berdintasun erreala sustatzeko ezinbestekoak diren elementuak faltan dituelako, besteak beste, ondoren aipatzen ditugunak:

1. Ez dauka ikuspegi feministarik: Ordenantzaren funtzio, helburu eta printzipio orientatzaileek ez dute gizarte heteropatriarkalaren erroen kontra egiten, eta ez dute zalantzan jartzen gaur egungo sistemaren muina. Heteropatriarkatuaren ondorio batzuk adabatzera mugatzen da. Intentzio-adierazpena besterik ez da, heteropatriarkatuaren oinarrizko logikarekin apurtzen ez duena.

2. Ez du bere egiten indarkeria matxistaren kontzeptu zabala, genero identitate eta harreman sozioafektiboen aniztasunaren ondorioz jasandako indarkeria barne hartzen duen indarkeria matxistaren kontzeptua, hain zuzen ere. Ordenantzak ez die erantzuten LGTBI+fobiaren jasarpen egoerei, nahiz eta hauek ere sistema heteropatriarkalaren ondorio diren, eta ordenantzan aipatzen diren beste indarkeria motek duten erro bera daukaten. Gure inguruko beste administrazio batzuek aipatutako indarkeria matxistaren kontzeptu zabalago hori bere egin dute, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere 2/2015 zenbakiko Berdintasunerako Arau Foralean eta Gasteizko Udalak, bere Genero Berdintasunerako IV Planean ( 2018-2021).

3. Ez du zehazten irizpide argirik ordenantzak ezarritako eginkizunei aurre egiteko beharrezkoak izango diren baliabideak egokitzeko. Baliabide zehatzik gabe onartutako ordenantza hau ezin da berdintasunerako benetako tresna izan. Ordenantzak agindutakoa betetzeko baliabideen inguruko irizpide objetibo, zehatz eta egiaztagarririk gabe adierazpen formala baino ez da, eta ezin izago da berdintasun erreala sustatzeko tresna izan.

4. Ez da neurririk aurreikusten ordenantzaren ebaluaziorako, ezta ez betetzearen ondoriozko zehapenerako ere. Neurri zehatzik gabe ezin izango zaio jarraipenik egin, eta ez da posible izango neurri zuzentzailerik hartzea, ordenantzan ezarritakoa betetzen ez bada. Horren ondorioz, berdintasunerako politikak txandako gobernuaren borondate politikoaren esku egongo dira.

5. Parte hartzeko espazioak: Ordenantzak Emakumeen Kontseilua lehenesten jarraitzen du interlokuziorako espazio bezala. Gure ikuspuntutik, organo hau ez da eztabaidarako eta ahalduntzeko espazio aproposa. Zaharkitua geratu da, eta ez du Bilboko mugimendu feminista ordezkatzen, ezta emakumeen mugimendua ere. Horren adierazle da Emakumeen Kontseiluak duen parte hartze maila baxua.

Ezinbestekoa da berdintasunaren inguruko interlokuzio sozialerako egitura mugimendu feministaren eta LGTBI+ kolektiboen adierazgarri izatea, erabakitzeko ahalmena izatea, eta ez izatea kontsultarako espazioa soilik.

6. Berdintasun Sailaren kokapena: Bilboko Udalean ez dago berdintasunerako berariazko sailik. Berdintasunak zuzendaritza eta aurrekontua Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiekin elkarbanatzen ditu. Horrek arduratzen gaitu. Berdintasuna zehar lerroka landuko dela bermatzeko kokapen egokiena Koordinazio Saila izango litzatekeela uste dugu, gaur Alkatetza, Garapen Ekonomikoa eta Gobernu Ona barne hartzen dituena.

Ordenantzaren lanketaren inguruan, argitu nahiko genuke prozesua ez dela parte hartzailea izan, ez delako gardentasunik eta modu aktiboan entzuteko jarrerarik egon. Burutako prozesu parte hartzailea nolakoa izan den publikoki azaltzea eskatzen diogu Udalari: gonbidapenerako irizpideak zeintzuk izan diren, zenbat erakunde bertaratu diren, zenbat bilera egin diren, epeak zeintzuk izan diren, zein izan den jarraitu den lan metodologia, hartutako akordioak eta prozesuaren ondorioz zer jaso den ordenantzan.

2018ko martxoaren 22an Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Ordenantza lantzeko proiektua onartu zen. Handik aste batzuetara bost kolektibo feminista ezberdinok berrogeita hamar bat arrazoibide aurkeztu genituen. Haietatik lau besterik ez dira ordenantzan txertatu.

Gauzak horrela, argi dago Udalak ez duela borondaterik komunikaziorako zubiak eraikitzeko eta demokrazia parte hartzailea sustatzeko.

Berdintasunerako politiken diseinuan guztiz beharrezkoa da talde feministen, berdintasunaren aldeko emakumeen elkarteen, LGTBI+ kolektiboen eta, orokorrean, herritarren parte hartze erreala eta anitza bermatzea. Horretarako ezinbestekoa da interlokuziorako bideak topatzea, botere eta eraldaketarako espazioak kontuan hartuta.

Udalak benetan entzuteko borondaterik balu, mugimendu feministaren lehentasunezko eskaerari erantzuna emango lioke: Emakumeen Etxea martxan jartzeko eskaerari, hain zuzen ere.

Bilbon, 2019ko urtarrilaren 28an

Adierazpena sinatu duten kolektiboak:

  1. Feminismoak-Desazkundea
  2. FeministAlde Elkartea
  3. Munduko Emakumeak Babel
  4. Galtzagorri
  5. Etxekotu Gabeko Emakume Langileak
  6. Desaskundea
  7. Mundubat
  8. Piztiak Konpartsa
  9. Bilboko Emakume Taldea. CGT-LKN Bizkaia
  10. Euskal Herriko Talde Errepublikanoa
  11. ESK Sindikatua
  12. Mugarik Gabeko Ingenieritza
  13. Reperkusion Feminista Batukada
  14. Mosuak Elkartea
  15. Sorkin. Jakintzen Iraultegia
  16. La Posada de los Abrazos
  17. Zororak Elkartea
  18. MTB Andreak. Bilboko Emakumeak MTB-ez
  19. TxiapasEkin Plataforma
  20. Bizilur
  21. Louise Michel Liburuak
  22. Mugarik Gabe
  23. 97 Irratia
  24. AMB. Asamblea de Mujeres de Bizkaia
  25. Mamiki Konpartsa
  26. “Maite Albiz” Emakumeen Dokumentazio Zentroa
  27. ONEKA. Euskal Herriko Emakume Pentsionistak
  28. Colectiva XXK
  29. M15M Bizkaia
  30. Karmela
  31. Ekologistak Martxan Bizkaia
  32. Piper Txuriak
  33. KEM-MOC Bilbao
  • Twitter
  • Facebook