Hiri-hondakinei buruzko mahai-ingurua Bilbon

Greenpeacek eta Ekologistak Martxanek MAHAI-INGURUA antolatu dugu, datorren maiatzaren 21ean, 19:00etan, Ekoetxean (Pilota kalea 5, behea. Zazpikaleak, Bilbo), Batzar Nagusietako alderdiek Hondakinen Kudeaketarako dituzten proposamenez eztabaidatzeko.

Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskunde hauetan, BHKPI (BIZKAIKO HONDAKINAK KUDEATZEKO PLAN INTEGRALA) berria erabakiko duten pertsonak hautatuko ditugu; 2020an egingo dute, aurreko planaren luzapena orduan amaituko baita. Premiazko da Zabalgarbi erraustegiaren inguruan antolatuta ez dagoen alternatiba bat sortzea. Plan berriaren helburuak minimizazioa eta hondakinen jatorrian banandutako bilketa izan behar dira. Horiekin batera berziklapena da apusturik eraginkorrena klima aldaketari aurre egiteko. Indarrean dagoen plana (luzatuta) 2005ean egin zen eta zaharkituta dago. Plan berri bat premiazkoa da: lurraldeko egoera berrietara egokitu; azken teknologiak txertatu; azken legeria hartu. Eta hori gardenki eta partaidetza demokratikoaren bidez.

Erabaki oso garrantzitsua denez, komeni da hautagaien gogoetak eta iritziak ezagutzea. PNV-EAJ, PSE-EE, EH BILDU, ELKARREKIN-PODEMOS eta PP gonbidatuak izan dira. Guztiek hartuko dute parte, PNV-EAJ-ak izan ezik. Zoritxarrez, ez du gure gonbidapenari erantzun, eta Batzar Nagusietan gehiengoa izateak Bizkaiko Herrialde osoan Herri Hondakinen kudeaketaren ardura handiena hartzen duena da.

PSE-EE-tik Maria del Mar Rordíguez Carrera, EH BILDU-tik Iratxe Arriola, eta ELKARREKIN-PODEMOS-etik, Jose Ramon Becerra egongo dira mahai-inguruan. PPk ordezkari bat bidaliko du.

Eztabaida bi zatitan egongo da:

1. atala. Aldundiak Bizkaian eginiko hondakin-kudeaketaren gaineko balorazioa. Legealdi honetan, aurreko BHKPI amaitu zen, eta 2020ra bitartean luzatzea erabaki zen.

Zein da alderdi bakoitzaren balorazioa? Zer iritzi dute erabiltzen diren tresnen gainean, bereziki Erraustegiaz? Zer uste dute minimizatzeko eta murrizteko ezarritako politikei buruz? Zaborraren % 40 organikoa izanik, zalantzarik gabe zatirik handiena, zer irizten diete konpostajerako garatu diren politikei?

2. atala. BHKPI berriaren eraketa. Haien ustez, zein tresnaz hornitu behar da prozesu hau? Zein ezaugarri izan behar ditu oinarrizko datuei buruzko informazioak? Nola bideratu beharko litzateke herritarren parte-hartzea? Zein dira alderdi bakoitzaren proposamenak datorren hamarraldian Bizkaian zaborrak kudeatzeko?

 

  • Twitter
  • Facebook