G7EZ! plataforma atera da Hegoaldeko hiriburuetan

     G7EZ! plataformak hainbat ekimen burutu ditu ekainaren 22n, Miarritzen uztailaren 13an antolatu duen manifestaziorako deia eginez: Bilbo, Gasteiz eta Iruñean goizean, eta Donostian arratsaldean.

Datorren abuztuaren 23tik 26ra Miarritzen elkartuko dira zazpi ekonomia nagusien buruzagiak, goi-bilera batean. Bai Miattitz bertan, bai EHko beste hiriburuetan G7EZ! taldeak osatu dira, izen horren plataforman.

Iruñean hasi da aldarrikapen eguna. Goizeko 10:30ean San Frantzisko plazan elkartu dira G7 gailurraren eta bere ondorioen inguruko eztabaida eta hausnarketarako tarte bat hartzeko. Lehen orduan gaien arabera, lau espaziotan banatu dira bertaratutakoak. Ondoren Jaume Osete, Rebel·lío kolektiboko kideak klima larrialdiari buruzko hitzaldia eman du.

Gasteizen kalejira egin dute alde zaharreko kaleetan zehar. Tartean freestyle poteoa ere egin dute, eta G7 gailurraren aurkako argazki masiboarekin eman diete amaiera ekimenari.

Bilbon aldiz, 12:30ean elkartu dira Merkel, Trump eta gainerako G7ko buruzagiak, hirian zehar argazkiak ateratzeko. Atzetik hamarnaka lagunek manifestazioa egin dute gailurraren aurka.

Azkenik, arratsaldean manifestazioa egin dute Donostian, “Gipuzkoarrok G7ari EZ!” lelopean. Easo plazatik abiatuak, bidean, kapitalismoarekin zer ikusirik daukaten ikurren aurrean ekintzak burutu dira: Zara eta emakume langileen eskubideak urratuak salatuz, aldundian errausketaren aurka, turismoari dagokio gentrifikazioari aurka, gastu militarraren aurka, etorkinekiko politika onartezinen aurkakoak, eta batez ere mozal legeak jazarritako isun handien aurka eta dagokigun adierazteko eta antolatzeko eskubidea aldarrikatuz. Hain zuzen, Trini plazan amaitu zen lekuan, ekitaldiak eta festak jarraitu zituen isunak ordaintzeko dirua lortzeko xedez.

Ekintza guzti hauen bidez Euskal Herriko G7EZ! plataformatik uztailaren 13an Miarritzen egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. Halaber, abuztuaren 21etik 23ra egingo den kontragailurrean parte partzeko dei ere egin dute. Abuztuaren 24rako, aldiz, Irundik Hendaiara manifestazioa antolatu dute, eta abuztuaren 25ean gailurraren aurkako protestak deitu dituzte.

Plataformak kontragailurra antolatzeko jasan dituzten trabak ere salatu dituzte, haien artean prefetak inposatutako zaintza eremua. Azken egunetan jakin denez, kontrol polizial bereziko eremua handitu du prefetak, akuarioraino iritsiz hondartzaren aldeko eremu guztia hartuz (hasieran ekialderago jarri zuten eremu gorriaren muga, hondartzaren bukaeratik gertu).

https://g7ez.eus

  • Twitter
  • Facebook