Gure bizitza multinazionalen menpe!

Euskal Herriak kapitalari planto!-ren artikulua

Transnazionalak gure bizitzaren jabe egin dira. Black Fridayaren atarian gauden honetan, Amazonen planta bat ireki berri dute Trapagan. Ez da kasualitatea. Baina nola eragiten dute Amazon bezalako transnazionalek gure eguneroko bizitzan?

• Langileok prekarietatera kondenatzen gaitu. Ekonomiaren tertziarizazio bortitza eta lan merkatuaren desregulazioa langileon eskubideen kontrako erasoak dira. Amazonek, etekinak handitzeko, lan esku merkea ezinbestekoa du. Nola egiten duen hori? Prekarizatzeko formula berriak erabiliz, hala nola, lan harremanen uberizazioa aplikatuz.

Ezkerraldean, adibidez, Amazon Flex enpresaren izenean sinatutako kartelak agertu dira non zera esaten den: “oportunidad de obtener unos ingresos extra colaborando en el reparto de paquetes”. Argi dago Amazonek ekarriko duen enplegua prekarioa eta aldi baterakoa izango dela, hau da, bizitza duin bat eramateko ez nahikoa.

• Tokiko merkataritzaren eta ekonomiaren zirkuitu hurbilen suntsipena dakar. Transnazionalek gure herri eta auzoetan dituzten eraginak oso larriak dira, izan ere, enpleguak sortzen dituzten enpresa txikiak irensten edo desagerrarazten dituzte. Horrek, enplegua suntsitzeaz gain, auzoetako bizitza komunitarioan ere eragin negatiboa dakar.

2008 eta 2016 artean, 5000 denda itxi dira EAEn. Komertzianteen esanetan, transnazionalen eraginak, igande eta jai egunetan irekitzeak eta online erosten diren produktuen gorakadak eragin zuzena izan dute.

• Gure datu pertsonalekin negozioa egiten dute. Google, Facebook eta Amazon bezalako enpresek datu pertsonalen kudeaketa eta salerosketa jarri dute negozioaren erdian. Etekin ekonomikoa ateratzeaz gain, enpresa pribatu hauek gure gaineko kontrol soziala dute, horrek gure egunerokotasunean dituen ondorio guztiekin.

Datuetan oinarritutako ekonomiak, hau da, Big Datan oinarritutako ekonomiak, 2020an 739.000 milioi euro mugituko ditu. Honek, Europar Batasunaren BPGaren %4a suposatuko luke. Diru kantitate honen zati handiena, gura datuak kudeatzen dituzten enpresa pribatuen etekinak izango dira.

• Kontsumismoa sustatzen du. Krisi ekologikoan murgilduta gauden honetan, Amazon bezalako enpresek sustatzen duten ereduak gure planeta suntsitzen du. Planeta finituan kontsumo infinituaren logika sustatzeaz gain, kontsumorako produktuen garraioak eta distribuzioak eragiten duen kutsadurak aldaketa klimatikoa azkartzen du.

Frantziar estatuko telebista kate batek egin zuen ikerketa baten arabera, Amazonek 3 milioi produktu berri botatzen ditu urtero zaborretara. Produktu horietako asko errauskailu eta zabortegietan bukatzen dute.

#AmazoniPlanto #BlackFriday

  • Twitter
  • Facebook