Azkenengo hamarkadan Bizkaiak ez du ia sortutako hondakin kopurua murriztu

  • Aldundiak 2016an %4,5era iristea espero zuen arren, materia organikoaren bilketak %2,4 kaskar batean jarraitzen du
  • Ekologistak Martxan taldearen ustez, Zabalgarbik errendimendu osoz aritzea da kudeaketaren helburu bakarra

Bizkaiko Foru Aldundiak apirilean argitaratutako iazko hiri hondakinen datuek ondorio esangarri batzuk utzi dituzte. Guztira, 648.164 tona hondakin bildu ziren, hau da, 2018an baino %0,25 gehiago. Zientifikoek urteak daramatzate aurten Gobernuak adieraztutako klima eta ingurumen larrialdiariaz oharazten. Halere, Bizkaiko hondakin kopurua ez da ia aldatu azken hamarkadan. 2007ra begiratzea besterik ez dago. Urte horretan kopururik altuena jaso zen, 662.839 tonakoa.

Hondakinak ez sortzea da hauek kudeatzeko biderik onena; horregatik, ingurumena hobetzeko edozein politika kontsumoa murriztera, eta ondorioz, hondakinak ere bai, bideratu beharko litzateke, salatzen du Ekologistak Martxan taldeak zifra horiek ikusita.

Ez da datu kezkagarri bakarra. Materia organikoaren bilketa bereizia hobetu bada ere, “%2,4 kaskar batean izan da, eta Aldundiak berak 2016an %4,5era iristea espero zuen”, gogorarazi dute taldekokideek. “Osagai organikoa gehiago bereizten ez bada, oso zaila izango da gainerako zatiak behar bezala tratatzea. Hondakin organikoak bereizita biltzea sustatu behar dugu, bai landareak, bai animaliak, gordinak zein prestatuak. Erakunde arduradunek onura fiskal eta ekonomikoak eskaini behar dizkiete edukiontzietara bota aurretik hondakinak bereizten dituztenei, baita materia organikoaren bilketa bultzatu ere, sentsibilizazioa eta etengabeko laguntza logistikoaren eskuz”, proposatu du Ekologistak Martxan taldeak.

Etxeko hondakinen herena erraustu egin zen, hau da, 2018an baino %8,7 gehiago. Horrekin, Zabalgarbiren ahalmena mugara eraman zen. “Kudeatzeko sistemaren helburu bakarra Zabalgarbik errendimendu osoz aritzeak dirudi, baina erraustuz ez dira baliabideak aprobetxatzen”, azpimarratu du elkarte ekologistak. Hortaz aparte, 86.732 tona zabortegira bidali ziren. Aurreko urtearekin alderatuz kopuru txikiagoa izan arren, kopuru osoaren %17,25 izaten jarraitzen du, “huts izan behar zuenean. Foru Aldundiko gardentasuna ere zalantzan jartzen du taldeak. “Datuak falta dira eta daudenak ez daude azalduta”.

Desadostasuna erakusteko beste arrazoi bat da bilketa bereiziari buruzko atalean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) agertzen direla oraindik. Europako zuzentarauen arabera, indizea kalkulatzeko estatistiketatik ezabatuta egon behar zuten; izan ere, Arabak jada ezabatu du. Gainera, balio altuak dira: 85.000 tona baino gehiago, altuegiak Gipuzkoa eta Arabako lurraldeekin alderatuta. 2017an, kopuru horiek biztanleko 10,33 eta 23,92 kilogramokoak izan ziren, hurrenez hurren, Araban eta Gipuzkoan; Bizkaian, berriz, biztanleko 74,25 kilogramokoak izan ziren. “Zenbaki horiek abiapuntua gisa erabiliz, Bizkaiko Foru Aldundiak %50,42ko birziklatze-indizea lortu duela dio, baina eraikuntzako eta eraisketetako hondakinen partida kenduta, indizea %42,38koa baino ez da, hots, ez da %50eko helburura iristen”, nabarmendu du Ekologistak Martxan taldeak.

Era berean, hondakinak tratatzeko plantetan sortutako erreusatzeak zenbatu gabe daudela oraindik salatu dute; hortaz, gainerako frakzio-fluxutik TMBra itzultzen dira. Gure ustez, horrek hondakinen bilketa bereiziaren ehunekoa, modu engainagarrian, handitzen du”.

Hori dela eta, Bizkaiko hondakinen kudeaketa sistemarekin ” nahikotzat ez dutela jotzen” aitortu du talde ekologistak. “Ez da batere eraginkorra; izan ere, tokian manipulatuak izan daitezkeen hondakinen erdia baino gehiago erre edo zabortegira botatzen ditugu. Horrela, zaila izango da Europar Batasunak 2020rako ezarritako helburuak lortzea.

  • Twitter
  • Facebook