Martxoaren 14tik apirilaren 30era, hiriko airearen kutsadura %50 jaitsi da Euskal Herrian

  • Leuntze faseak gauzatzeko, Ekologistak Martxan taldeak jardunbide egokiak mantentzea proposatzen du, hala nola, hurbileko erosketa, borondatezko telelana eta administrazio elektronikoa, herri barruko abiadura-muga orduko 30 kilometrora jaistea, oinezkoen eta bizikleten mugikortasun aktiboa indartzea eta garraio publikoa bermatzea finantzaketa-lege baten bidez.

  • Murriztapenak gorago jo dute apirilean; izan ere, Euskal Herrian eman diren bataz besteko ehunekoak izan dira %58 Gasteizen, %54 Iruñean, %49 Donostian eta %46 Bilbon. Beherakada hori bide garrantzitsuetan nabaritu da batez ere, hala nola, Gurutze Plazan, Gasteiz Etorbidean, Easo eta Ategorrietan eta María Díaz Haroko kaleetan.


Lehenik eta behin, Ekologistak Martxan taldeak elkartasuna adierazten die pandemia eta horren ondorioak pairatzen ari diren pertsona guztiei, baita osasun eta gizarte larrialdiari aurre egiten ari diren funtsezko zerbitzu publikoei ere.

Ekologistak Martxan taldeak egindako txostenak Espainiako Estatuko 26 hiri nagusietan (geltoki bat baino gehiago duten 150.000 biztanletik gorako guztietan) banatuta dauden 129 neurketa-estaziotan jasotako nitrogeno dioxidoaren (NO2) datu ofizialak aztertu ditu, aurreko hamar urteekin 2020ko martxoa eta apirila alderatuz. Beraz, alarma-egoera eta konfinamendu-neurriak deklaratu aurretik eta ondoren, hiriko airearen kalitatearen argazki finko bat aurkezten du, apirilaren 30ean eguneratua.

Ondorio nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

Martxoaren 14an alarma egoera adierazi zenetik, Espainiako Estatuko hiri nagusietan nabarmen murriztu dira NO2-aren ondoriozko atmosfera-kutsaduraren mailak; izan ere, azken hamarkadan izan diren ohiko kutsadura-mailen %58 izan da murrizketa hori.

Airearen kalitatearen hobekuntza orokorra izan da, hirietako erdiguneetan zein kanpoaldetan, zirkulazioa mugatzeko neurriak ere orokorrak izan diren heinean. Alarma egoeraren luzapen ezberdinen artean intentsitate desberdineko murrizketak aplikatu arren, ez da ia alderik nabaritzen. Hala ere, kutsaduraren beherakada zertxobait handiagoa izan da apirileko batez bestekoan (%60) martxoko bigarren hamabostaldian baino (%55).

Alarma egoeran erregistratutako NO2 mailak azken hamarkadako martxoko eta apirileko baxuenak dira aztertutako hiri guztietan. Gainera, legezko muga-balioaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OMEren) urteko gidaren oso azpitik mantentzen dira, trafiko-estazioetan muga hori maiz gainditzen ohi denean, bereziki martxoan.

Lurraldeari dagokionez, Kantauri itsasoko ertzan kokatuko hirietan kutsadura gutxiago murriztu dela ikus daiteke, agian zehaztu gabeko faktore meteorologikoen ondorioz. Mediterraneoko itsasertzeko hiriak, berriz, NO2 mailak gehien jaitsi dituztenak dira, batzuetan hondoko landa-estazioetako berezkoak diren kontzentrazioak erregistratu ere.

Murriztapenak gorago jo dute apirilean; izan ere, Euskal Herrian eman diren bataz besteko ehunekoak izan dira %58 Gasteizen, %54 Iruñean, %49 Donostian eta %46 Bilbon. Beherakada hori bide garrantzitsuetan nabaritu da batez ere, hala nola, Gurutze Plazan, Gasteiz Etorbidean, Easo eta Ategorrietan eta María Díaz Haroko kaleetan.

Murriztapen handienak Alacanten (%72) eta Valentzian (% 69) eman dira; txikienak, berriz, Oviedon (%42) eta Zaragozan (%45). Madrileko NO2 mailek %59 jaitsiera izan dute, eta Bartzelonakoek %62, batez beste. Hirien neurketa-sareak oso desberdinak dira; beraz, ezin dira haien datuak zehaztasun osoz alderatu.

Udaberrian nagusi izan diren euriek eta ezegonkortasun atmosferikoak ere asko lagundu dute airearen kalitate orokorra hobetzen; izan ere, miaketak egiten direnetik Apirilik euritsuena izan da. Eta Martxoa ere oso hezea izan zen.

Nitrogeno dioxidoa (NO2) automobilen ihes-hodiek igortzen duten kutsatzaile tipikoa da (baita industria eta etxeko galdarek ere). Horregatik, bere bilakaera zuzenean lotuta dago motordun trafikoaren emisioekin, hori baita hirietako iturri nagusia eta hiriko airearen kalitatean eragiten duen faktore nagusia.

Carlos III.a Osasun Institutuaren eta Europako Ingurumen Agentziaren arabera, 7.000 heriotza goiztiar eragiten ditu NO2ak urtero Espainiako Estatuan. Arnas gaixotasunak larriagotu eta infekzioekiko erresistentzia murrizten dituen gas narritagarria da; izan ere, COVID gaixotasunaren hilkortasuna eta airearen kutsadura lotzen dituzten hainbat azterlan daude.

Txostenaren xede ez diren arren, partikula esekiak (PM10 eta PM2,5) eta ozonoa ere nabarmen murriztu dira udaberriaren lehen erdian. Ozonoaren aitzindari nagusia den nitrogeno oxidoen (NOX-en) isurketen murrizketa zorrotzak egoera horretan lagundu ahal izan du, eguraldi ezegonkor eta euritsuarekin batera.

Hiriko airearen kutsadura murrizteko tresnarik onenak motordun trafikoaren murrizketa eta mugikortasun-jarraibideen aldaketak direla erakutsi du COVID19-aren krisiak, muturreko egoera hau salbuespena dela kontuan izan behar den arren.

Laburbilduz, COVID19 sortutako egoera lazgarri horrek Ekologistak Martxan taldeak eta komunitate zientifikoak behin eta berriz aipatzen duten zera berresten du: hirietako motordun trafikoa murrizteak ondorio argiak dituela kutsadura gutxitzean, eta horrek, aldi berean, osasun publikoa nabarmen hobetzen duela.

Paradoxikoki, krisi gogor honetatik irtetzeak atmosferaren kutsadurak aurreko mailak gainditzea ekar lezake. Horregatik, Ekologistak Martxan taldeak jardunbide egokiak mantentzea proposatzen du abian diren leuntze faseetan, hala nola, hurbileko erosketa, borondatezko telelana, administrazio elektronikoa edo lan-ordutegien mailaketa.

Hortaz, oinezko eta bizikleten mugikortasun aktiboa sustatu behar da berehala, garraiobide horietarako leku gehiago utziz eta hiri-abiaduraren muga orduko 30 kilometroan ezarriz. Garraio publikoa funtsezkoa da hiri-mugikortasunerako; beraz, haren bideragarritasuna bermatu behar da finantzaketa-lege baten bidez. Behin krisia gaindituta, asmo handiko emisio gutxiko eremuak ezarri beharko lirateke hirietan.

Txosten osoa: https://www.ecologistasenaccion.org/140177

  • Twitter
  • Facebook