Zabortegiaren ondoan dagoen Jatako mendian obrak egiteagatik jarri du kexa bat Ekologistak Martxan taldeak

  • Hexakloroziklohexanoa (HCH) zabortegitik gertu dauden zuhaitz-landaretzan egoteak ingurunea etengabe kutsatzea eta osasuna arriskuan jartzea dakar

Jatako mendian, hau da, lindano aukitzeagatik salatutako zabortegiaren ondoan (Lemoizen), Puente Baray Forestal S.L. enpresa egiten ari den lur-mugimendu eta zuhaitz-mozketagatik jarri du kexa bat Ekologistak Martxan taldeak Bizkaiko Foru Aldundian, Lemoizko eta Mungiako Udaletan, baita Ingurumen Sailburuordetzan.

Jarduera horiek ezin dira egin Mungiako Udalak lurzoruaren kalitateari buruz egindako adierazpenaren prozedura eta tokian dauden HCHren hondakinekin kontakturik ez izateko premiazko prebentzio-neurriak kontuan hartu gabe.

Elkarte ekologistak 2019ko uztailean egindako azterketen arabera, zabortegitik gertu dauden zuhaitz-landaretzan 3,14 eta 6,47 mg/kg arteko hexakloroziklohexanoa (HCH-lindanoa) dagoela zehaztu ahal izan da. Horrek ingurunea etengabe kutsatzen du eta herritarren osasunerako arriskutsua da ere, batez ere, landaretza horrekin kontaktuan egon daitezkeen pertsonentzat.

Baso-sutea gertatuz gero, HCHaren deskonposizio-fenomenoa gerta liteke, eta, ondorioz, fosgenoa sortzea. Horrek ondorio larriak izango lituzke ingurumenean eta suteak itzaltzeaz arduratzen diren langileen eta beste pertsona batzuen osasunean.

Halaber, zuhaitzak moztuz gero, HCHren edukiek zura mozteaz, manipulatzeaz, garraiatzeaz eta ondoren erabiltzeaz arduratzen diren langileei eragin diezaiekete, baita azken produktua lortu arte burutzen diren prozesuetan esku hartzen duten pertsonei eta instalazioei ere, kutsaduraren sakabanatze-faktorea izan baitaiteke.

Ekologistak Martxan taldeak ez daki aurretik HCH-lindanoaren presentziari buruzko ikerketarik edota txostenik egin den. Horregatik, moztu daitekeen zuhaitz-landaretza kontrolatu egin behar dela uste du taldeak, hau da, dagozkion segurtasun-neurriak hartu eta, beharrezkoa balitz, ondoriozko materialak hondakin arriskutsu gisa kudeatu. Ondorioz, Mungiako Udalari eta agintari eskudunei segurtasun eta prebentzio neurriak hartzeko eskatu die elkarte ekologistak.

  • Twitter
  • Facebook