Plastikoak: birziklatzea ez da irtenbidea

Joserra Otegi Olaso, Ekologistak Martxan taldeko kidea eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea

Gaur egun, egunero 22.000 tona plastiko botatzen dugu itsasora. Alderaketa bat egitearren, Prestigeren hondamendiak 60.000 tona fuel isuri zituen, 2002an; guk bizpahiru egunean isurtzen dugu halako plastiko-kantitatea.

Mikroplastikoetako batzuk nahita ekoizten dira, plastiko-produktuak ekoizteko lehengai gisa. Baina gehienak plastikozko piezak hondatzearen ondorio dira. Plastikozko pieza horiek ur kontinentaletan edo ozeanoetan amaitzen dute, eta degradatuz doaz. Kate trofikotik igotzen dira gizakiongana iritsi arte.

Kalkulatzen da plastikoa ekoizten hasi ginenetik 8.300 milioi tona plastiko sortu dugula, eta horietatik 6.300 milioi tona hondakin bihurtu ditugula. Hau da, sortutakoaren gehiengoa hondakin bihurtu dugu. Baina zergatik bukatzen du plastikoak hondakinen sisteman? Ekoizleak ez dira hondakinez arduratzen; hala, ekoizlearengandik kontsumitzailearengana igarotzen da plastikoaren jabetza. Azkenean, erabiltzaileak bota egiten du, eta gizartearen nahigabeko ardura izatera igarotzen da.

Azukrearen industria

Janari-bilgarriak, botilak eta poltsak dira gehien erabiltzen diren hondakin plastikoak. Izan ere, jaki prozesatuak dira biltzeko plastiko gehien erabiltzen dutenak, eta harreman bitxia gertatzen da bien artean: elikagai aurreprozesatuak gatz eta azukre asko izateagatik nutrizionistek gutxi gomendatzeaz gain, haien bilgarria bera ere giza osasunerako mehatxu bihurtzen da. Harreman estuan daude azukrearen eta plastikoaren industriak.

Bestetik, plastikoak “ondo bidaiatzen du”. Edozer bildu eta garraiatzeko merkea eta ona denez, arazo sozial bat sortzen du horrekin: kontsumitzailearengandik urrun dagoen ekoizpen industriala bultzatzen du.

Kostuaren ikuspegitik, ordea, plastikoaren bizitza-ziklo osoa ez dago behar bezala kalkulatuta. Erabili ondoren berreskuratzearen kostua jaso beharko litzake, Ekoizlearen Erantzukizun Zabaleko programek defendatzen duten bezala. Hori egingo balitz, ez litzateke hain errentagarria izango.

Birziklatzeak kontzientzia murrizten du

Birziklatzea ez da irtenbidea. Plastiko gehiena ezin da birziklatu —nahiz eta botilaratze-enpresa handiak tematu egiten diren plastikoa birziklatzeko aukeraz hitz egiten—, eta birziklagarria den horretatik oso ehuneko txiki bat da errentagarria. Gainera, zati txiki horretatik zati txiki bat baino ez da berreskuratzen. Eta horrek ez du aldatzeko itxurarik.

Botila hutsik edukiontzi horira botatzeak gure erantzukizun-zatia bete izanaren sentsazioa ematen du, baina, egiaz, baliabide naturalen gehiegizko erabileraren kontzientzia minimizatzen du horrek.

Baldin eta plastikoa gure eguneroko arazoetarako irtenbide bakarra izan dadin apustu egiten badugu, eta ura garraiatzeko, janzteko eta gure elikagaiak babesteko etengabe erabiltzen badugu… gure elikagaietan, gure uretan eta arnasten dugun airean plastikoa aurkitzearen aldeko apustua ere egiten ari gara.

Plastikoaren ekoizpena zaildu behar da

Osasunaren Mundu Erakundeak dio gehiago ikertu behar dela plastikoen kutsadura kimikoaz. Baina argi dio gelditu egin behar dela mundu mailan gertatzen ari den plastiko-kutsaduraren gorakada. Eta hau gomendatzen du: “Neurriak hartu beharko lirateke plastikoak hobeto kudeatzeko eta, ahal den heinean, gutxiago erabiltzeko. Izan ere, edateko uretako mikroplastikoekiko esposizioak osasunerako arrisku txikia eragingo balu ere, ekintza horiek beste onura batzuk ekar ditzakete ingurumenerako eta giza ongizaterako”.

Kontsumoaren gehiegikeria elikagaien eta arropen gainprodukzioaren oinarrian dago, baita haiekin batera doazen plastikoen oinarrian ere. Gure kontsumo-ohituren ondorioen arduragabe egiten gaitu. Baina horrek berak tokiko komunitateen desegituraketa sortzen du, eta bidegabekeria sozialak areagotzea ahalbidetzen du.

Erakundeek kontsumo hurbilagoen aldeko apustua egin behar dute, denboran eta espazioan. Eta ekoizleek benetan beren zaborren erantzule izatea bermatu behar dute. Nire ustez, plastikoaren ekoizpena zaildu behar da. Eta hondakinak kudeatzeko sistemak birpentsatu.

Elhuyarren argitutarako artikulu osoa ikusteko:

https://aldizkaria.elhuyar.eus/analisiak/mikroplastikoak-eta-osasuna/

  • Twitter
  • Facebook