Klima larrialditik harago: kolapsoa

Tour
Gure gizarteak bizi duen krisi sistemikoaren eta haren aurrean dauden alternatiben berri emateko, Bizkaian barreneko ibilbidea egin dute gaur Ekologistak Martxan eta Euskal Gune Ekosozialista

Gizarte orok, bizitza antolatze eta sostengatze aldera, beharrezkoa du baliabide material eta energetikoen gutxieneko kopuru bat. Oinarrizko ‘zoru’ horretatik abiatuta, gizartea kudeatzeko eta antolatzeko modu ugari balia daitezke, bidezkoagoak ala bidegabeagoak. Baina, gainera, bai ingurune fisikoak, bai eskuragarri dauden baliabide material eta energetikoek ‘sabaia’ mugatzen dute; alegia, baliabide horiek gaindituta daudenean, ezinezkoa da sistema sozioekonomiko bat garatzea.  

Muga horiei bizkar emanda artikulatu izan dira gizarte industrialak direlakoak, eta etengabe hedatuz joan dira, bizitza sozialean gero eta alderdi gehiago kolonizatuz, bai eta planeta osoa ere. 

Errealitate hori erakuste aldera eta kolapso egoera horri aurre egiteko planteatzen ari diren alternatiben berri emate aldera, Bizkaian hainbat toki bisitatzeko ibilbidea antolatu dute Ekologistak Martxanek eta Euskal Gune Ekosozialistak. Tourrak bizi dugun gizarte kapitalista eusten duten pilareak erakutsi dizkigu, esku urrien menpe dagoen energia zikina, ur pribatizatua, gaixotzen gaituzten produktuz osatutako elikadura, gero eta hondakin gehiago metatzea helburu nagusi duen iruzurrezko hondakin kudeaketa… Hori guztiori, merkatuaren arauen menpean. Inbertsio publikoei esker eraikitako azpiegitura erraldoiak dituzten enpresa handien eskutan dago baliabide horien kudeaketa. Gure erakundeek sistema hori herritarren eskubideen aurrean lehenesten dute, jakin badakitelako elementu horiek zentralak direla gizarte kapitalista bat eraikitzeko garaian. Gurpil zoroan dartuta gaude. Haatik, inpaktu horiek minimizatuko dituzten eta agertoki berrira egokitzen lagunduko diguten alternatibak sor daitezke. 

Tour bat ‘kolapsoaren Bizkaia’ deritzogunean barrena
Egungo krisi globalak eskualde baten bizitzan nolako eragina izan dezakeen erakusteko eta krisia lantzen duten hainbat proiektu alternatiboren berri emateko asmoz, gaur, azaroak 26, Bizkaiko hainbat toki bisitatzeko ibilbidea antolatu du Ekologistak Martxanek eta Euskal Gune Ekosozialistak. Toki horietan gure gizarte petrodependenteen garapenean eta gainbeheran funtsezkoak diren sektoreei buruz aritu gara.

1. Energia eta metabolismoa. Lehenbiziko urratsa gure planetaren muga biofisikoak ezagutzea da, eta petrolioaren, ikatzaren, gasaren edo uranioaren erauzketaren gailurrera heldu garela onartzea. Peak Oil delakoak esan nahi du Lurrean eskuragarri dagoen petrolioaren % 50 baino gehiago erauzi eta erre egin dugula, bi belaunalditan. Baina, gainera, gure metabolismo sozioekonomikoari eusteko beharrezkoak ditugun hainbat materialen erauzketa gailurrak ere gertu ditugu (metalak, fosfatoak, litioa, koltana, lur arraroak eta abar).

Europa zaharra dependentea da, beste kontinente batzuetatik egunero inportatzen dituelako petrolioa, gasa eta ikatza. Baina eskura dauden erreserba energetiko fosilak eta materialak   gero eta urriagoak dira. Ondorioz, gure kontsumoak nahitaez jarraitu beharko du desazkundearen bidea. Ez da aukera bat: muga bat da. Eta Euskal Herriak erregai fosilen dependentzia handiagoa du Europak baino, batez beste. 

Erantzun ekologistak bi osagai nagusi ditu: aurrezpena eta efizientzia energetikoa, gure kontsumoa murrizteko, eta energia berriztagarriak. Baina inozoa da pentsatzea eguzki energiarekin egungo kontsumo energetikoaren mailei eutsi ahal izango diegula. Karbono osteko gizarterako trantsizio prozesua abiarazi beharra dago. “Lehen mundua” delakoan posible da kontsumitzen ari garen energiaren erdia baino gutxiagorekin bizitzea, beraz, energia aurreztea da bete beharreko lehenbiziko helburua. Eraldaketa energetikoa, teknologikoa ez ezik, soziala, bidezkoa, ekologikoa eta demokratikoa ere izan beharko da. 

2. Mugikortasuna. Ingurune fisiko batean gauzatzen diren pertsonen eta merkantzien joan-etorriak neurtzen ditu mugikortasunak. Adibidez, hiri mugikortasuna hirian gauzatzen diren joan-etorri guztiez arduratzen da. Askotariko garraiobidetan egiten dira joan-etorri horiek (autoz, trenez, autobusez, bizikletaz edo oinez), gure beharrizanak (osasungintza, hezkuntza) edo nahiak beteko ditugun tokietara heldu arte dagoen distantzia ibiltzeko. Mugikortasunak (ez garraioak), beraz, eskuragarritasun premiak betetzea du helburu, eskura dauden garraiobideak erabilita.

Mugikortasun iraunkorra lortzeko, eskuragarritasuna areagotu beharra dago. Horrela, oinarrizko zerbitzu publikoak biztanle guztientzat eskuragarri izango direla bermatuko da. Aldi berean, motor bidezko mugikortasuna urrituko da eta dakartzan ondorio negatiboak murriztuko.  

Euskadiko garraio politikaren funtsezko arazoa herritarren eta ingurumenaren interes orokorra eraikuntzaren sektorearen mende dagoela da. Gizarte errentagarritasun zalantzazkoa duten euskal proiektuen multzo bat dago, etekinen pribatizazioaren eta galeren sozializazioaren erakusgarri, adibidez, Artxandako tunelak, euskal Y, Supersur eta Donostiako saihesbidea. 

3. Ura. EAEn, kontsumitutako uraren % 50 hiri horniketari dagokio, eta % 36 industria horniketari. Zifra horiek ez datoz bat Estatuko batez bestekoarekin: uraren kontsumoaren % 70 nekazaritzara bideratzen da. Uraren horniketaren kalitatea ona da, baina dependentzia handiak ditu: Zadorraren urtegi sistema du hornitzaile nagusi (% 70), Bizkaira heltzen dena ura batetik bestera eramateko hodien bitartez. Eskema hori zaurgarria da, Zadorrako urtegi sistemaren eta Venta Altako Ur Edangarria Tratatzeko Estazioaren artean dauden komunikazio arterietan hausturak edo istripuak gerta daitezkeelako edo klima aldaketaren ondorioak direla-eta. 

Nolanahi ere, eta ziurgabetasunez betetako etorkizun batera begira, hainbat erronka ditugu mahai gainean: tokiko horniketa iturrien dibertsifikazioa, urtegietara isurtzen duten arroen eta bilketa guneen babesa, adibidez, babes perimetroak ezarrita, lurraren erabileren arauketa zorrotza, uraren erabileraren optimizazioa eta etxeko kontsumoen murrizketa.  

Horrenbestez, larrialdi klimatikoagatik eta gero eta ur geza gutxiago izateagatik datozkigun erronkak direla-eta, premiazkoa da herritarrak heztea, aztura arduratsuak har ditzaten eta giza eskubide honen erabakiguneetan partehartzaile izatea ahalbidetzeko. Ura, gainera, funtsezko elementua da lurraldearen iraunkortasunerako eta kudeaketarako. Ziurgabetasun agertoki berrietara egokitzeko modurik onena eraldaketa aurreikustea da, lurralde erresilientea baita ondorioak leundu ditzakeen bakarra.   

4. Elikadura sistemaren kritika. Ez diogu elikadurari behar besteko garrantzia ematen, baina hain zuzen ere, elikadura da gure ingurunean aztarnarik handiena uzten duen jarduera. Osasunari eragiten dio, paisajeari, feminismoari nahiz lurralde antolaketari. 1960ko hamarkadatik hasita, mundu osora zabaldu den nekazaritza industrialaren eredua elikagaien ekoizpenean petrolioa, jatorri mineraleko fosforoak, ongarri kimikoak, pestizidak eta makineria industriala modu masiboan sartzean oinarritu da. 

Gure elikadura sistema zeharo basatia eta kapitalista da, etekin ekonomikoak besterik kontuan hartzen ez duena. Jaten dugun guztia ia kanpotik dator, Hegoalde Globaleko herrialdeetan landatutako monokultiboetatik. Hango lurraldeak ez ezik, hango bizimoduak ere suntsitzen dira. Hain da zentzugabea sistemak sortu duen eredua (baina, aldi berean, haien negoziorako hain onuragarria), Europako abelburuak elikatzeko, soja transgenikoa landatu behar da Argentinan eta itsasontzietan honaino ekarri. Hegoafrikako laranjak jaten ditugu udan, Valentziako enpresa banatzaileek inportatuak, neguan Valentziako laranjen prezioa merkatzeko. Sistemaren bilakaerari eutsiz gero, epe laburrean ez da nekazaririk geratuko (horrela jarraituz gero, datozen bost urteetan Durangaldean dauden ustiategien % 65 desagertuko dira), enpresa handiak baino ez, lanesku esklaboa erabiliko dutenak eta elikagaiak makinen bitartez ekoitziko dituztenak.

Euskadin dauden esne ustiategien kopurua % 68,5 jaitsi da, baina bakoitzaren behien batez besteko kantitatea 13tik 26ra igo da. Europar Batasunaren Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzen sistemak baldintzatu du bilakaera hori. Izan ere, laguntzok ustiategi handiak lehenesten ditu. Hain zuzen ere, gazteek, titularren % 8,5 izan arren, laguntza horien % 4,3 baino ez dituzte eskuratzen. Kolapsora bideratzen ari den sistema hau iraultzeko, ezinbestekoak dira intentsifikazioa bultzatu ordez, lurraldean ezarritako ustiategi txiki eta dibertsifikatuetan oinarritutako nekazaritza eta abeltzaintza ereduaren alde egingo duten politika publikoak. 

5. Elikadura alternatiboa. Elikagaiak munduko toki jakin batzuetan ekoiztean eta handik milaka kilometrora dauden guneetan kontsumitzean datza egungo eredu ekonomikoaren oinarria. Eredu sostengagaitza da, bai ingurumenerako, bai tokiko nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorerako. 

Egokiena, zuhurrena, gomendagarriena, osasuntsuena gure inguruan landatu eta hazitako elikagaiak kontsumitzea izango litzateke. Horrela baino ez dira tokiko nekazaritza eta abeltzaintza garatuko; aldi berean, egungo ereduaren inpaktu negatiboen inpaktua murriztuko da: ez bakarrik garraioaren gehiegizko erabilerarena, baita berotegiena, hozkailuena eta edukiontzi eta bilgarriena ere.

Hori dela-eta, beharrezkoa da elikadura burujabetzan oinarritutako elikadura laguntzea eta bultzatzea, hau da, hurbileko elikagai nutritibo, bidezko, iraunkor eta agroekologikoak. 

Ibilbide hori bideragarria den erakusgarri, Labore dugu, baserritarren eta kontsumitzaileen arteko aliantza eta elkarlanetik sortua. Laboreren supermerkatua, Santutxun kokatua, 2017an ireki zen, ekoizle zein kontsumitzaileentzat bidezko prezioak dituzten tokiko produktu agroekologikoak eskaintzen dituena. Gaur egun 600 bazkide inguru ditu, eta haien tokiko 100 ekoizleren 1000 produktu jartzen dituzte haien eskura.  

6. Zaintzak. Zeri deitzen diogu zaintza bizi garen gizartean? Pandemia globalean agerian geratu da bizitza finituak garela, eko-inter-dependenteak. Hau da, zaintzarik gabe ez dagoela bizigarria den bizitzarik. Ezin dugu kolapsoa gelditu, zaintzak errotik landu gabe. 

Zaintzak gaur egun eta Bilbon “nola edo hala gauzatzen” ari dira, emakume langile pobretuen kontratazio merke, prekario eta malguaren bitartez. Eta emakume langile pobretu horien proportzio handi bat emakume migratu, arrazializatuek hartzen dute, eta atzerritartasun egoerak zeharkatuta egoteak gehiegikerien eta eskubide urraketen zirkuitu ugariren arriskupean jartzen ditu. 

INEren Familien Aurrekontuei buruzko Inkestaren arabera, 2017an, etxeko lanen zerbitzuetarako gasturik handiena zuten autonomia erkidegoetako bat zen Euskadi. Eurostaten datuek diotenez, Espainiako Estatuan etxeko enpleguak biztanleria okupatuan hartzen duen pisua % 3,7koa da; Europako beste herrialde batzuetan ez da % 0,5era heltzen. Dependentzia egoeran dauden pertsonak jagoteko barneko zaintzaileen ia % 100 emakume migratuak dira. 2030erako, Bilboko biztanleen % 30 65 urtetik gorakoak izango direla kalkulatu da.

Biztanleria zahartua, dependentzia maila handiena duena, artatzeak lehen arretako sarea interpelatzen du, udalen eskumenekoa. Era berean, 39/2006 Legean, abenduaren 14koan, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoan, aurreikusitako laguntzen zati handi bat etxeko lanetarako enplegatuak kontratatzeko erabili izan da. Hori dela-eta, zaintzek ondasun komuna izan behar dute, politikatik kudeatu beharreko zerbait. Ezin dute beste salgai bat izan, ordain dezaketenen eros ahalmenaren araberako pribilegio bat. Gizarte gisa, zaintzak askatzea guztiok askatzea da. 

7. Hondakinak. EAEn sortzen diren hondakinen kopuruak hauek dira: 3 milioi tona hondakin industrial baino gehiago, eta horietatik % 40 zabortegietara doaz; 1,2 milioi tona hiri hondakin, horietatik heren bat zabortegira doa eta % 20 baino gutxiago erraustu egiten da eta atmosferara isurtzen; eraikuntza eta eraisketetako 1,2 milioi tona hondakin, eta horietatik erdia baino gehiago zabortegira doaz; eta 300.000 tona hondakin arriskutsu, eta horietatik % 70 birziklatzen dira eta gainontzekoa zabortegia doa. Hortaz, urtean ia 6 milioi tona hondakin sortzen dira, eta horietatik % 40 zabortegira doaz. Horrek esan nahi du urtean berotegi efektuko gasen ia 18 milioi tona CO2 baliokide isurtzen ari garela atmosferara. 

Ekoizpen eredu lineal batean gaude, ingurumen eta gizarte kostu asko barneratzen ez dituena, eta ekoitzi-kontsumitu-bota patroia behin eta berriz errepikatzera mugatzen dena. 

Gainera, Bizkaian, hondakin bilketa bereizia ez da heltzen sortutako hiri hondakinen % 45era. Bereizi gabe bildutako hiri hondakinen % 40 biohondakinak dira. Biohondakinak bereizita bildu beharko lirateke, Europar Batasunak gomendatu bezala; areago, erkidegoko araudi bidez derrigorrezkoa izaingo da 2024tik aurrera. Europako helburuek ezartzen dutenez, udal hondakinen % 55 gutxienez birziklatu beharko dira 2025ean, % 65 2035ean eta % 10 baino ezin izango da zabortegietara eraman. Bizkaiko birziklatze tasa gaur egun % 45 ingurukoa da. 

Horrenbestez, Europako gomendioetatik oso urrun gaude, eta, oraingoan ere, premiazkoak dira hondakinak murrizten lagunduko duten politika publikoak, herritar guztiak egungo ekoizpen/kontsumo patroiei buruz hausnartzera deituko dituztenak eta, birziklapenaren alternatiba gisa, berrerabilpena sustatuko dutenak. 


“Gizarte gisa, oso ekodependentzia finkatuak ditugu”, azpimarratzen dute elkarte biek. “Larrialdi klimatikoa eta soziala horren sakonak izanik, zaurgarritasun egoeran gelditzen gara. Baina horren ez du esan nahi ezin denik ezer egin”. Ondorioz, une historiko “zirraragarrian” gaudela diote, “aukera ugari irekitzen dizkiguna”. Kolektibo sozial eta ekologistek “politika egokiak gauzatzea” lor dezaketela, baita “ibiltzen ari garen bidea arteztea ere”, adierazten dute.

  • Twitter
  • Facebook