Euskal kostaldean hidrokarburoak erauzteko baimenak gaitzesten ditu Ekologistak Martxanek

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak euskal kostaldean hidrokarburoak erauzteko aldeko Ingurumen Inpaktu Adierazpena eman die Fulmar eta Pelicano-1 baimenei. Aurreko astean bi petrolio-konpainiak erauzketak egiteko Mesana baimenak aurkeztu zituzten ministerio berean. Ekologistak Martxanek gaitzetsi egiten ditu biak.

Ekologistak Martxan, euskal uretan hidrokarburoak erauzteko baimenen aurka

petrolio2Aldeko Ingurumen Inpaktuko Adierazpena jaso duten baimenak, Fulmar eta Pelicano-1, Euskal Herriko kostaldetik oso gertu daude, Bermeo eta Elantxobeko kostaldean. Aurreko astean Shell eta Capricorn enpresek eskatutako Mesana baimenak Fulmar eta Pelicano-1en Iparraldean kokatzen dira, harik eta Frantziako mugako uretara heldu arte, eta, beraz, erauzketak itsaso zabalean eta ur sakonetan egingo lirateke.

Ekologistak Martxanek salatu duen bezala, erauzketa-modu horien inpaktu ekologikoak ikaragarriak izan daitezke leku horietan, instituzioek inpaktuoi bizkar ematen dieten arren, oro har. Kantauri Itsasoak, erauzketa-industriarik izan ez badu ere, hainbat itsasontziren isurien kalteak jasan izan ditu hainbatetan. Hurbilen dugun kasua Prestige izan zen, 2002an1.

Kanariar Uharteetan ere hidrokarburoak erauzteko baimenen mehatxua sufritzen ari dira, eta haien aurka agertu da Ekologistak Martxan duela gutxi. Baina hemen ez bezala, hango instituzioak aurkako jarrera erakutsi dute, eta petrolio-erauzketari buruzko kontsultan deitu dutela-eta, desiorik onenak opa ditu Ekologistak Martxanek .

Gas- eta petrolio-erauzketen arriskuak, mundu osoan

Ekologistak Martxanek adierazten duenez, petrolio- eta gas-industriaren beste eraso bat da hau, Espainiako gobernuaren laguntzaz. Transnazional handiak hidrokarburoen azken tanta kosta ahala kosta harrapatzeko mugimenduei zor zaie eraso hau. Itsaso zabalean eta sakonera handian gauzatzen diren erauzketek arrisku handiak dakartzate, BPk Mexikoko Golkoan zuen Deepwater Horizon plataformaren hondamendiak erakutsi zuen bezala (2010). Baina ez da eraso bakarra.

Ekologistak Martxanek ingurumen-inpaktu handiko beste erauzketa-modu batzuk ere salatzen ditu, oihan sakoneko petrolio astunaren ustiapena bezalakoa edo harea bituminosoena. Azken kasu honetan, erauzketak ez ezik, birfinketak ere inpaktu larri ugari eragiten ditu, egun Euskal Herrian pairatzen ditugunak, Petronorren Muskizko instalazioan, hain zuzen ere (TTIP hitzarmanari esker gertatzen da hori, urriaren 11n Ekologistak Martxanek salatu bezala). Era berean, haustura hidraulikoa dela-eta, gure herrialdea gas-erauztegi bihurtzeko proiektu handia pairatzen ari gara (Arabako lurraldearen % 88, Bizkaikoaren % 73, Gipuzkoakoaren %40 eta Nafarroakoaren % 13,5), horrek dakartzan inpaktu guztiekin. Fracking-aren aurkako Munduko Egunean (urriak 11) hori ere salatu zuen Ekologistak Martxanek.

Petrolioaren menpeko eredu energetikoa luzatzeko ahalegin desesperatuak

Planteatzen ari diren prospekzioak gero eta desesperatuagoak eta arriskugarriagoak dira. Geratzen diren erauzi ezineko baliabide urriak harrapatzeko saiakera desesperatuak baino ez dira, ingurumenaren, bizitzaren eta gure bizitzen pentzura. Izan ere, zenbat eta baliabide gutxiago egon, ekonomikoki bideragarriagoa da metodo garesti horiek ezartzea. Eta “krisialdi” horretan zenbat eta gehiago sartu, handiagoa da gure instituzioen zorra, eta gero eta handiagoa da gaineratzen zaigun zorra (zorraren aukako astean honetaz gogoratuk gara ondo)

plataformaBeste alde batetik, argi dago oso zaila izango dela gure sistemak hidrokarburoekiko duen menpekotasuna gainditzea, baina alternatiba errealak bilatu behar dira, eta horietarako prestatu, menpekotasun horretan gehiago sakondu beharrean. Euskal Herria guztiz menpekoa da, energiari dagokionez. Hala ere, azken urteetan hidrokarburoetan edo energia-kontsumo handian oinarritutako proiektuak (AHT, autopistak eta abar) baino ez dira indartu, energia berriztagarrien aldeko politikak bultzatu ordez. Eta mahairatzen ari diren proiektuek ez dute menpekotasun-egoera hori hobetuko.

Gaur egungo krisiek, aldaketa klimatikoa barne, beste bide batzuk hartzera behartzen gaituzte. 2014ko abenduan COP20 ospatuko da Liman, eta jakin badakigu ez garela Kiotoko konpromiso xumeak betetzen ari, are gutxiago Euskal Herrian.

Transnazionalak eta instituzioak bat eginda

shell_hellEra berean, gure kostaldean hidrokarburoak bilatzeko baimenak eskatzen dituzten konpainiak ere salatzen ditu Ekologistak Martxanek, Shell, bereziki. Izan ere, Shellek ingurumenaren, gizartearen eta giza baldintzen aurkako kalte ugari eragin ditu bere ibilbide historikoan: Nigerian, Burman, Ekuador, Irlandan, Hegoafrikan, Kanadan eta abar. Gaur egun, fracking proiektuak garatzen ari da Argentinan, Hegoafrikan, Australian edo Kurdistanen, eta Artikoa ustiatu nahi du. Horregatik, konpainia horiei esaten diegu ez ditugula gure artean nahi eta ez direla konfiantzazkoak.

Azkenik, Ekologistak Martxan erakundeak salatzen du gobernua ere petrolio-industriak ingurumenaren kontra egiten duen eraso horren arduraduna dela, kasu honetan bezala, Industria, Energia eta Turismo Ministerioa da baimen horiek ematen dituena. Eusko Jaurlaritzak ere badu zer esana, baimen horien aurrean zerbait egin behar zuena, baina, oraingoz, konpainien alde agertzen ari da. Eusko Jaurlaritza da erregai-eraso hori bultzatzen ari dena, fracking-baimenak gehien bultzatu dituena, izan ere. Hala ere, berriro ere eskatzen dio Ekologistak Martxanek erabaki eta proposamen horien aurka egin dezan. Horrenbestez, jarduera horiek galaraz ditzatela eta petrolioaren menpekotasunetik irteteko benetako trantsizio serioa abiaraz dezatela exijitzen die instituzio horiei talde ekologistak.

1Baina beste kasu batzuk ere egon dira, ondorio latzak izan zituztenak: Castillo de Bellver, Urquiola, Jakob Maersk, Mar Egeo, Erika eta abar.

  • Twitter
  • Facebook