Errauzketaren aurkako giza katea

When:
2016-09-11 @ 11:00 – 12:00
2016-09-11T11:00:00+02:00
2016-09-11T12:00:00+02:00
Where:
Playa Concha
San Sebastián
Guipúzcoa
España
Errauzketaren aurkako  giza katea @ Playa Concha | San Sebastián | País Vasco | España

OSASUNA, INGURUMENA ETA POLTSIKOAREKIN ERRESPETUZKO DEN HONDAKINEN KUDEAKETA

Urtea joan, urtea etorri badirudi hondakinen kudeaketak ez duela irtenbiderik topatzen Gipuzkoan. Arazoak Gipuzkoako agintarien itsukeria interesatuan du jatorria. Duela ia 15 urte erraustegiaren aldeko apustua egin zutenen ondorengoek tematuta jarraitzen dute konponbide berberaren atzetik. Geroztik egin dituzten kalkuluek behin eta berriz akastunak izan direla ikusteak ez die pentsarazi, eta egin berria dute kantitateak erabat puztuta dituen prognosia, baina erraustegiaren beharra justifikatzen diena, nahiz eta, hala ere, urtean 100000 tona gutxiagoko beharra ateratzen zaien.

Errausketa-zaleek aurrera doazenaren itxura eman nahian, presaka eta muturka dabiltza agintean dauden bitartean beraien proiektua ahal den aurreratuena uzteko, gauzak aldatuko diren beldur baitira 3 urte eskasera etorriko diren hauteskundeetan. Baina jakitun dira oso zaila dela inolako proiektua aurrera eramatea gipuzkoarren parte handia aurka dagoenean, kontrako jarrera hau gero eta antolatuagoa dagoenean, behin eta berriz mobilizazio jendetsuen bidez aurkako jarrera bistaratzen ari denean.

Errausketaren aurka gaudenon argudioak pisu handikoak dira eta gipuzkoarrok gero eta barneratuago ditugu:

  • Munduko parte desberdinetan egindako ikerketek gizakion osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarria dela adierazten dute.

  • Gipuzkoan, errausketa-zaleen kalkuluen arabera, 2030ean163000 tona errefus sortuko dira, baina ozenki diogu 2017an 50000 tona sortzera pasa gintezkeela; dena erabaki politikoen menpean dago. Baina 50000 tonarentzat absurdua da erraustegi bat egitea.

  • Erraustegiaren proiektua esku pribatuetan utzi dute eta ondorioz honen kostua eta errefusaren tratamenduarena ikaragarri garestitu da: 1500 milioi € 35 urtetan ordaintzekoak; eta hau ordaindu egin behar dugu gipuzkoarrok, errefusa sortu ala ez.

  • Erraustegiak airea kutsatzez gain, zabortegiak behar ditu, bertatik irteten diren zepak (sartutakoaren %25a) eta errauts toxikoak (%5a) tratatu eta gordetzeko.

Ez daukagu zalantzarik egoera honi irtenbidea bilatu behar zaiola eta Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari honako eskaerak egiten dizkiogu:

  • Esku artean duten proiektua, errausketan oinarritua, albo batera utz dezatela.

  • Martxan jar dezagula benetako prozesu parte-hartzaile bat, non talde politikoez gain, hondakinen kudeaketan interesa duten gizarte eragile guztiek eta iritzi desberdinetako zientzialari eta esperientzia duten pertsonek parte hartuko duten.

  • Akordiozko irtenbide bat bila dezagula hondakinen kudeaketarako, beti ere Europako Legebiltzarrean 2015eko uztailaren 9an talde politiko guztien artean onartutako erresoluzioak markatzen duen ildoan.

Beste irtenbiderik ez dugu ikusten, bitartean Gipuzkoaren parte handia aurka izango duzue errausketa-zaleek zuen bidean eta edozein aldaketa politikok hankaz gora jarriko du proiektua, kasu guztietan diru publikoaren xahuketa izugarria gertatuko delarik.

Arrazoi hauengatik dei egin nahi diegu berriro gipuzkoarrei irailaren 11n goizeko 11:30ean Kontxako hondartzan egingo den giza katean parte har dezaten, jendeari pankartak, kartelak, kamisetak… eramateko eskatuz, hondartza aldarrikapenez eta kolorez bete dezagun.

OSASUNAREN ALDE, ERRAUSKETARIK EZ, EZ ZUBIETAN, EZ INON.

ALTERNATIBA: HONDAKINEN MURRIZKETA, BERRERABILTZEA, BIRZIKLATZEA, KONPOSTATZEA ETA … ERREFUSA EGONKORTZEA.

  • Twitter
  • Facebook