Ekologistak Martxan-ek itsas ekosistemak babestu eta arrantzaren etorkizuna bermatuko duen Europar arrantza politikaren erreforma eskatzen du

elantxobe_mar13Ekologistak Martxan-ek iragan otsailaren 6-an Europako Legebiltzarrak arrantzari buruz onartutako akordioa txalotzen du. Orain Europa osoko arrantza ministroei dagokie Europako legebiltzarkideekin zabalduko diren negoziaketetan, Legebiltzarreko akordioa aintzat hartzea eta arrantzaren etorkizuna babestea.
Itsasoan gehiegizko arrantza izan da azken hamarkadetan, arrantza teknika suntsitzaileak erabiltzen dira, gero eta arrantza produktu gehiago kontsumitzen ditugu, eta hau guztia dela eta itsasoan, arrain sardak desagertzen ari dira.
Atlantikoan ezagutzen diren arrain multzo guztien %50-a gehiegi arrantzatuta daude eta Mediterraneoaren kasuan %82-a. Honako espezie ezagunak desagertzeko arriskuan daude: aingira, meroa, makailua, izokina, itsas dortokak, eta arraia eta marrazo espezie ugari. Beste espezie asko gehiegi arrantzatzen dira eta zenbait tokitan desagertu dira: urraburua, mihi-arraina, bisigua, barbarina, antxoa, ezpata-arraina, olagarroa eta zigala.
Gaur egun munduan 1200 milioi pertsonentzako arraina da proteina iturri nagusia, eta arriskuan dago. Azken 60 urtetan planeta osoko arrain handiak %90-an desagertu dira, eta ikerketa zientifikoek frogatu dutenez, aldaketarik ez badago 50 urte baino lehen ez da arrainik izango itsasoetan. Hau gertatzen ari da arrain sardak leheneratzeko denbora eman gabe egiten den gehiegizko arrantza industrialagatik, espezieen artean hautatzen ez duen arrantza suntsitzaileagatik. Adibiderik onena sare erraldoietako arraste ontzi handien kasua da, ontzi hauek 4 futbol zelairen azaleraren sare-sarrera bat arrastaka daramate itsasoan zehar eta 500 tonelada arrain harrapatzen dituzte aldi bakoitzean. 500 tona arrain hauetako zati handi bat balio komertzialik ez dituzten arrain espezietakoak dira, eta hilda botatzen dira itsasora, arrantza mota hau suntsitzailea da, ez ditu hautatzen harrapatu nahi diren espezieak. Muturreko adibidea otarraixkaren arraste arrantza da, kasu honetan harrapatzen denaren %80 eta %90 artean itsasora botatzen da hilda, arrantzatzen den otarrainxka kilo bakoitzagatik 9 kilo arrain botatzen da.
Aspalditik Europar Batasunak arrantza teknika hauek diru laguntza publikoz bultzatu ditu, baina arrantza politika aldatzeko unea heldu da, iragan otsailaren 6-an bozketa historikoa burutu zen Europako Legebiltzarrean. Legebiltzarkideok garrantzi handiko agiri batean adostu zuten gehiegizko arrantzarekin bukatzea 2015-erako eta 2020-a baino lehen Europako itsasoetako arrain sardak leheneratzeko neurriak indarrean jartzea. Gehiengo handiz, 502 botu alde eta 137 botu aurka, onartutako akordioan arrantza kuotak banatzeko orduan ingurugiro eta gizarte irizpide objetibo eta gardenak finkatzen dira. Arrain sardak kudeatzeko orduan zientzilariek emandako irizpideak hartzen dira aintzat, eta ez politikarienak. Inpakto gutxiko eta hautakorrak diren arrantza teknikak bultzatzen ditu eta itsasora arrainak botatzearekin bukatzen du. Orain Europako arrantza ministroen txanda da, Europako Legebiltzarreko ordezkariekin negoziatu beharko dute, adostutakoa errespetatu eta dagokien erantzunkizun historikoa onartu. Hau horrela izan dadin denok lan egin beharko dugu auzolanean.

  • Twitter
  • Facebook