AHT = lapurketa eta ustelkeria: EAJ, zer daukazue ezkutatzeko?

Duela hilabete, AHT Gelditu! Elkarlana Koordinakundeak EAJrekin bilera bat eskatu genuen Sabin Etxearen aurrealdean, azkenaldiotan, AHTren inguruan mugitzen ari den guztiaz dagoen ilunkeria eta informazio publikoaren ukazioaz gure kezka helarazteko. Bilera eskaera formalari ez diote inongo erantzunik eman, horregatik, AHTren aurka geroz eta handiagoa den erantzun sozialari entzungor jarraitzen dutela salatzen dugu. Hau dela eta, Sabin Etxearen aurrean elkarretaratze bat deitzen dugu, EAJren Bilboko egoitzaren aurrean, ekainaren 11n 19:30ean. Jendea bertaratzera animatzen dugu EAJ-k AHTren inguruan, bereziki azken hilabeteetan, ezarri duen isiltasun hesia salatzeko asmoz.

Hiritarrak garen heinean, klase politikoak herria entzuteaz gain kudeatzen dituen gai publikoen inguruko erabakien berri eman behar duela uste dugu. Madrilgo eta Gasteizko gobernuen arteko bileretan hitz egin duten inguruko berririk ez daukagula salatzen dugu, EAJ ez baitu isiltasun eta ilunkeriazko jarrerarik aldatu oraino.

Proiektuari dagokionez, azken asteetako albisteekin berretsi ahal izan dugunez, ustelkeria ezinbesteko ardatz bilakatu da abiadura handiko trenaren politika neurrigabean. Bere garaian, Kontu Publikoen Euskal Auzitegiak 2010eko euskal Y-ren esleipenak “era subjektiboan” egin zirela ohartarazi bazuen, gaur egun, Barcenasen paperak deitutakoek PPren kide esanguratsuen kobro ilegalak azaleratu dituzte AHTren lanetan diharduten FCC, Azvi, OHL, SACYR eta gisa bereko eraikuntza enpresek “emanak”. Barcenasen paperen argitalpenak gehienok susmatzen genuen botere politikoaren eta eraikuntza enpresa handien arteko elkar-hartze estua demostratu du. Batzuen eta besteen artean AHTren pastela zigorgabetasun osoz elkarbanatzen dabiltza. Honen adibide bikaina Madril eta Bartzelona arteko linearekin gertatutakoa izan da. Bertan Adif-en funtzionarioak, eraikuntza enpresak eta politikariak gain kostuetan mozorrotutako iruzur batean murgilduak egon dira.

Iruzurrean inplikaturiko Corvian-Isolux enpresa euskal Y-ren lanetan dabil gaur egun eta berak burutzen duen Tolosa-Hernialdeko azpi-bidetarteak justifikatu gabeko 9 milioiko gain kostua du dagoeneko. Hain zuzen, bidetarte honetan ez zen apenas informazio ofizialik eman, eta era ezohiko eta erabat susmagarri batez, esleipen aldia desjabetze prozesu baino lehen eman zen.

Honek guztiak galdera hau dakarkigu: eraikuntza enpresa hauek kontratatzen dituzten kudeatzaile politikoek hauen benetako jarduna zein den ezagutzen badute eta beraz, egiten dituzten eskaintza ekonomikoak sinestezinak direla baldin badakite, gerora gain kostu izugarrietan bilakatuko direnak, zergatik baimentzen dituzte? Arazo honen aurrean EAJ gisa honetako jarduerekiko zerikusirik ez duen, edota bere jokabide ezaz, AHTren proiektuan ustelkeria kasuak lagundu ote dituen galdetzen dugu.

Proiektuaren garapenari dagokionez, espainiar Gobernuak “Bergarako korapiloaren” azpi-bidetarte bat lizitatu berri du eta gelditzen diren beste laurak EAJ beregain hartzeko prest omen dago honek diru-kutxa publikoentzat suposatuko lukeen karga izugarria bada ere. Gipuzkoan zehazkiago, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko 1.130 milioi euro xahutu ditu eta aurreratutako diru guztitik, Madrilek oraindik ere %77 ordaintzeke dauka. Hau gutxi balitz, espainiar Gobernuak 1.000 milioi euroko zor jaulkipen berria egin du Adif-entzat %3,5eko interesarekin, Mariano Raxoik Europan egin duen biran lortutakoa.
Zorpetze berri hau oso larria iruditzen zaigu Adif-ek dagoeneko 15.000 milioi euroko zorpetzea baitauka. Honegatik guztiagatik, AHT gelditzearen beharra berresten dugu beste behin ere. Orain arte, proiektu txikitzaile honetan 2.200 miloi euro inguru xahutu dira eta hala eta guztiz ere %60 burutzeke dago. Proiektu ilun, zentzugabe, xahutzaile, ustel eta ingurumenaren suntsitzaile hau bertan behera uzteko unea da.

AHT Gelditu! Elkarlana

 

  • Twitter
  • Facebook