Ecologistas en Acción-ek kongresu konfederala antolatu du Lizarran

Gizarte-ekologismoa erabaki handien unean eta uraren egoera izango dira urteko topaketaren gai nagusi. Kongresu horretan idazkaritza konfederala berrituko da.

Datorren ostiralean Ecologistas en Acciónen Kongresu Konfederala hasiko da Lizarran. Erakundeko 200 kide baino gehiago elkartuko dira han, trantsizio-une honi eta uraren egoerari buruz mintzatzera, datorren urterako plangintza egitera eta idazkaritza berria hautatzera. Topaketa sustrai ekologistei buruz hausnartzeko aukera izango da, begiak berrikuntzan jarrita. Berritu, Sustraitu, Birpentsatu” da Kongresuaren leloa. Leloak dioen bezala, gizarte-ekologismoaren alde beste gizarte-mugimendu eta belaunaldi batzuekin batera, gogoberriturik borrokatzen jarraitzeko grina izango du hizpide.  

Zuzenbidearen Filosofiako irakasle María Eugenia Rodríguez Palop eta Jorge Riechmann eta Luis González Reyes idazleak planetak aurrez aurre dituen erronkei buruz arituko dira, baliabideak agortzearen atarian eta aldaketa klimatikoan eta eredu sostengaezin honetan murgilduta gauden honetan. “Trantsizioak ala kolapsoa?: erabaki handien unean, gizarte-ekologismoa” da Kongresu Konfederala irekiko duen mahainguruaren izenburua.

Astelehenera arte luzatuko da Kongresua, eta bertan uraren egoera ere izango da eztabaidagai. Zer da ura: salgaia ala ondasun komuna? Nafarroan, hainbat urtez uraren inguruan egin izan diren aldarrikapenen berri emango da, Itoitzetik hasi eta Kanaleraino. Astelehenean Lizarrako kaleetan barrena egingo den ekintzak ere ura izango du protagonista: ura pribatizazioen, horniketa desorekatuen eta borroka herritarren garaian.

Kongresu konfederal hau Ecologistas en Acción erakundearen 16. urtean dator, eta hausnarketa aktiborako unea izango da. Talde eta federazioetako kideak erakundeari berari buruz pentsatzera eta gogoeta egitera datoz, gizarte-ekologismoak egun duen garrantzi handiaz eta gizarte-agitazioko garai hauetan beste mugimenduekin bat egiteko beharraz jabetuta. Aurtengo leloak, “Berritu, Sustraitu, Birpentsatu”, erakundearen sustraiei eusteko eta adarrak ideia eta belaunaldi berrietara zabaltzeko gogoa islatu nahi du.

Egitarauan, tailerrak, plangintza antolatzeko bilerak eta jaiak egingo dira, baina, horretaz gain, idazkaritza berritu egingo da, datozen urteetan erakundea maila konfederalean koordinatuko duen organoa, hain zuzen ere.

Informazio gehiago:

  • Twitter
  • Facebook