25. urteurrena ospatuko du ingurumenari buruzko Bizizaleak Dokumentazio Zentroak

25 urte beteko ditu Bilboko Alde Zaharraren erdigunean, Yohn Jauregiaren 2. solairuan kokatuta dagoen ingurumenari buruzko Bizizaleak dokumentazio-zentroak. Euskal Herriko mugimendu ekologistaren ideologiaren eta jardueren artxiboaz, dokumentazioaz eta zabalkundeaz arduratu da dokumentazio-zentroa, 1989an Ekologistak Martxan Bizkaiaren ekimenez sortu zenez geroztik.

P1010943Bizizaleakek hasiera-hasieratik izan du Bilboko Udalaren babesa. Hartara, espazioa laga eskaini dio Udalak, bai eta bertako eguneroko jarduna diruz lagundu ere, Lan eta Zerbitzu Arloko Ingurumeneko Azpisailaren bitartez.

4000 monografia baino gehiago

Ingurumenean interesa duten pertsona guztien eskura dagoen zerbitzu publikoa da dokumentazio-zentroa. Bertako dokumentazio-funtsetan liburuak, aldizkariak, liburuxkak, kartelak, CDak, DVDak, jokoak eta bideoak aurki daitezke, eta gai-aukera zabala hartzen dute barne: ingurune naturala, zuzenbidea, giza bizilekuak, jarduera ekonomikoa, ingurumen-inpaktua, garraioa, ingurumen-teknologia, hirigintza eta abar.

Ingurumenari buruzko 4000 monografia, 80 aldizkari- eta bideo-bilduma eta prentsako 9000 artikulu inguru daude funtsen artean, gaika sailkaturik. Era berean, Euskal Herriko mugimendu ekologistak 1980ko hamarkadatik hona egin duen ibilbidearen erakusgarri den kartel-bilduma bat dago berta.

Dokumentazio-zentroaz haratago

Ingurumenean interesatutako lagunei funts jakin bat eskuratzeko modua ematen du Bizizaleak dokumentazio-zentroak, eta, era berean, ingurumen-gai zehatzei buruzko eztabaida sustatzen. Hori dela-eta, zentroan kanpora begirako jarduerak ere burutzen dira, adibidez, Ekoeskola oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, heziketa teorikoa landa-ingurunerako irteerekin osatzen duena. Gainera, hitzaldiak, liburu-aurkezpenak eta askotariko zabalkunde-jarduerak ere antolatzen ditu.

25. urteurrena dela-eta prestatutako jarduerak

Zentroa dinamizatzen duen Bizizaleak Kultur Elkarteak jende orori zuzendutako zabalkunde- eta sentsibilizazio-jardueren aparteko programazioa aurreikusi du, 25, urteurrena dela-eta.

Ostiral honetan, abenduak 19, 10:00etatik 14:00etara ate irekiko jardunaldia izango dugu dokumentazio-zentroan eta, arratsaldez, 18:00etan, haurrei zuzendutako ipuin-kontaketa saioa izango dugu euskaraz, Ana APIKAren eskutik.

Datorren asteko asteartean, abenduak 23, Alimentación inteligente. Cocina saludable liburua aurkeztuko dugu Yohn Jauregiaren Ganbara aretoan, liburuaren egile Antonio Palomarren eskutik.

Jarduerei buruzko informazio guztiawww.bizizaleak.orgwebgunean dago eskuragarri.


  • Twitter
  • Facebook