Ekologistak Martxan, fracking-a dela-eta, Eusko Jaurlaritzak duen plan berriari buruz

Komunikabideetan argitaratu berri den albistearen aurrean, Ekologistak Martxanek erantzun du teknika berri hori ere ez dela onargarria, eta, hasiera-hasieratik adierazi duen bezala, bai Eusko Jaurlaritzak bai beste erakundeek eta gobernuek alde batera uzti behar dituzte fracking-a egiteko planak eta petrolioaz bestelako eredu baterako trantsizioari ekin.

02bis_zero_chemicals-1024x456Gaur, apirilak 12, Vocentoren El Correo Españolek eta El Diario Vascok argitaratu dutenez, “Eusko Jaurlaritza kutsatzeko arriskua murriztuko duen ‘fracking’ teknika bat aztertzen ari da”.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak fracking-a erabiltzeko dituen asmoei buruzko lehendabiziko albisteetako bat da hau. Asmo horietan, teknika horrek dakartzan efektuen inguruko kezka azaleratzen da, baina baita teknikak berak eragin duen kontrako jarreraren aurreko kezka ere. Horren haritik, albistean Frantziako Estatua aipatzen da, eta, iradokitzen denez, “planak Frantziako gobernuaren babesa du”. Guk ez dugu horren berririk; bai, ordea, Frantziako Estatuak fracking-a debekatu zuela 2011n, Espainiako gobernuak nahiz Eusko Jaurlaritzak ez bezala. Areago, bultzatu egiten dute, Energiaren Euskal Erakundea-EVEren eta Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi, SA-SHESAren bitartez. Fracking-aren lobbyak presio handia egiten du, milioi ugariko merkatua da eta (azpiegiturak, teknikak eta abar). Hartara, ez da harrigarria fracking-a sartu nahi izateko modu berriak asmatzea eta, herritarren artean dagoen aurkakotasuna ikusita, modu horiek ekartzea.

Eusko Jaurlaritza kutsadura-arriskua murrizteaz ari denean, uraren eta produktu kimikoen ordez propanoa erabiltzeaz baino ez da ari. Hautsitako haitzean presioa egin eta gasa bultzatzeko erabiltzen da propanoa, eta ez dirudi hori oso logikoa denik: gasa sartu, gasa ateratzeko. Nolanahi ere, “kutsatzeko arriskua” delakoaren indizea oso erlatiboa da, eta, gainera, ez da “arrisku” bakarra, fracking-ak ingurua ere suntsitzen duelako. “Murriztu” dio Eusko Jaurlaritzak, ez saihestu.

Fracking-a propano bidez gauzatzeko teknika hori ez da berria: duela 50 urte ingurutik ezagutzen da, eta, orain arte ez da erabili izan, batez ere arriskutsua delako. Dakartzan arriskuak ez dira bakarrik ingurumenaren aldekoak, sozialak ere badira, gas hori oso suharbera da eta. Kontuan hartu behar da propanoak airearekin kontaktuan egonik, sua har dezakeela, bere kontzentrazioa 1,8 eta 9,3 bitartekoa bada. Hori dela-eta, jendea bizi den eremuetan erabiltzeari uko egin zioten. Euskal Herriaren biztanleria-dentsitatea aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren proposamena bertan behera utzi beharko litzateke.

Beste aldetik, eta ustezko kutsadura-arrisku murriztuarekin jarraituz, petrolio birfindutik datorren gasa da propanoa, eta, hortaz, petrolioari lotutako efektu guztiak ditu. Gainera, ura eta produktu kimikoak injektatzen direnean gertatzen den bezala, gas horrek beste gasa bultzatzea lor genezake, edo arrakaletatik edo galerietatik beste eremu batzuetara desbideratzea ere, eta, bere jatorria dela-eta, ingurumena kutsatzea. Era berean, lur azalera ere hel daiteke, atmosferan zabaldu eta aldaketa klimatikoan sakondu.

Beti kritikatu izan da fracking-a ez dela errentagarria, inpaktu handiak dituelako. Propanoa erabilita, erregai eta energia gehiago erabiliko litzateke ura erabilita baino. Hartara, fracking-aren Energia Berreskurapen Tasa berez baxua bada, propanoarena are txikiagoa da.

Propanodun fracking-aren teknika ez da “kutsagarritzat” hartzen, baina teknika horrek suntsigarritasun bera du: deforestazioa, biodibertsitatea desagertzea, landa-lurrak desagertzea… Kontuan hartu behar da teknika horren bidez 6 dorre eraiki behar direla km2-ko, eta dorre bakoitzak 2’3 ha hartzen ditu (bi futbol-zelai baino gehiago). Horri guztiorri sarbideak, gasoduktoak eta azpiegiturak eraikitzeak dakartzan inpaktuak eta lur-galerak erantsi behar zaizkio. Ingurumen- eta gizarte-inpaktu guztiak aintzat hartuta, fracking-a onartezina dela deritzo Ekologistak Martxanek.

Eusko Jaurlaritzatik etorritako albiste horrek berretsi egiten du Eusko Jaurlaritzak EVEren eta SHESAren bitartez fracking-a bultzatzeko duen interesa, eta horretarako behar duen onarpen-maila.

Ekologistak Martxanek interes argia du teknika horri dagokionez: gizarteak duen iritzian eta ikuskeran eragitea, erakunde eta aktibista askoren lanarekin. Nolabait, gogora ekartzen digu beste hainbat tokitan ere ahaleginak egin direla. Adibidez, Ekuadorren, duela gutxi, Yasuniko ustiaketari ekiteko, gobernuak punta-puntako teknologia erabili nahi izan zuen, ingurumen-inpakturik gabea, Yasuni erreserba naturala izan arren eta petrolioa erauzteko jardueretatik babestuta egon arren. Akatsik gabeko teknikak proposatzen dituzte beti, eta, inpaktuak murriztu beharrean, areagotu egiten dituzte.

Horregatik guztiagatik, Ekologistak Martxanek berriro ere adierazi nahi dio Eusko Jaurlaritzari alde batera utzi behar dituela fracking-a garatzeko planak eta petrolioaz bestelako eredu baterako trantsizioari ekin, energia-iturri berriztagarrietan oinarrituta.

Honi buruzko informazio gehiago: el timo del fracking “limpio y ecológico”

  • Twitter
  • Facebook