Otsoa galtzeko zorian Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan

Euskal Administrazioek eskaturiko txostenak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan otsoen ugal-talde bakarra zegoela eta hura Karrantza inguruan zebilela ezaguna zela agerian uzten du. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak jakin bazekien, ondo gainera, otsoaren egoera kaskarra zela eta hala ere uxaldiak baimendu egin zituen, horietan ugal-talde bakar horren 3 otso hil zituztelarik.

Joan den 2015eko urtarrilaren 26an hainbat talde naturzale, ekologista eta animaliazaleok otsoa “Mehatxaturiko Espezieen Euskal Zerrendan” sartzeko eskaera Eusko Jaurlaritzari luzatu genion. Gobernuak abian zegoen Euskadi mailako otsoaren demografiaren inguruko ikerketaren emaitzak aztertutakoan erantzungo zigutela adierazi zuen.

15 hilabete igaro dira eta ez dugu erantzunik jaso, baina aipaturiko ikerketa gure eskuetara iritsi da eta aztertzeko aukera izan dugu, honako ondorioak atera ditugularik:

1. Ikerketak baieztatzen du Karrantzakoa zela Erkidegoan zegoen otsoen familia-talde bakarra, 2014an Bizkaian ugaldu zela, Karrantzako haranean, eta haien lurraldea hiru erkidego hartzen dituela: Euskadi, Castilla y León eta Cantabria.

2. Otsoaren bilakaera 2008tik 2013ra arte oso negatiboa izan da iraungitzeko puntuan egon delarik. “1991-2008 aldian espeziea EHAEan eta inguruetan zabaldu zen otso-talde kopurua igoz eta 3-4 izatera iritsiz. Ordutik behera egiten du eta soilik indibiduo bakanak behatzen dira”

3. Dokumentua Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jarlaritzak sinatzen dute eta 2015eko ekainekoa da. Beraz eta ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak datuon jakituna zen eta hala eta guztiz ere, azken urteetako ugaltzaile-talde bakarra izanda ere, 2016ko urtarrilean “Ofizialki” 3 otso akabatuko zituen uxaldia baimendu egin zuen.

4. Erkidegoan ezarrita eta ugaltzen zen otso-talde bakarra izaki, Bizkaiko Foru Aldundiak Karrantzan zuzendu zituen uxaldien helburua talde osoa akabatzea zela dirudi.

5. EHAEko otso-populazioaren egoera uxaldien aurretik kaskarra baldin bazen, eta Euskal Administrazioek ederki ezagutzen zuten, Bizkaiko Diputazioak bultzturiko urtarrileko otso-hilketaren ostean are larriagoa da, kinka larrian aurkitzen delarik. Orain, ezbairik gabe iraungitzeko arrisku bizian dago Euskadin. Hortaz, ezinbestekoa da berehalako neurriak hartzea, hain zuzen ere otsoa Mehatxaturiko Espezieen Euskal Zerrendan galtzeko zorian deritzan mailan sartzea. Natura Kontserbatzeko Euskal Legeak ere hala eskatzen du.

6. Aipaturiko ikerketak kontserbazio-taldeok 2015eko urtarrilean eginiko eskariarekin bat dator eta behar bada horregatik Eusko Jaurlaritzak txostena ateratzeko ez zuen ez asmorik, ezta presarik ere. Eta horri Eusko Legebiltzarreko Ingurumen komisioaren aurrean ikerketaren koordinatzaileak adierazitakoa gehitu beharko genioke, Legea eskuan hartuta otsoa Euskadin Katalogoan (MEEZ) egon beharko lukela alegia.

7. Azaldutakoa aintzat harturik EZ da ulertzen otsoa babes mailarik altuena ez izatea eta antzeko egoeran dauden gainontzeko espezieak bezala galzorian izeneko kategorian sartu ez izana. Otsoa berehala Mehatxaturiko Espezieen Euskal Zerrendan ez sartzeko kustifikaziorik ez dago, ez ekologikorik , ez legalik. Izan ere, Administrazio publikoek sorturiko Legediak argi eta garbi uzten du horrela beharko lukela. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak badakite. Haien eskumena eta haien betebeharra, beraiek legalitatearen bermatzaileak baitira. Hala ez balitz, herritarron esku geratzen da haien akatsak, Legearen aurkako ekintzak eta bide okerrak agerian uztea eta dagokion tokian salatzea.

Ekologistak Martxan eta Euskadiko Otso Taldeak otsoa babesteko dokumentuaren sinatzaile gisa gure eskaera hura berrestearekin batera indartu nahi dugu. Eusko Jaurlaritzari eskabidea lehenbailehen erantzutea eta argudiaturiko erantzuna izatea exijitu egiten diogu.

Aldi berean, 63.000tik gora sinadura jaso dira change.org plataforma delakoaren bitartez, Lehendakariari hurrengo egunetan eskura emango zaizkionak.

https://www.change.org/p/incluyan-al-lobo-en-el-cat%C3%A1logo-vasco-de- especies-amenazadas? recruiter=17751203&utm_source=share_petition&utm_medium=copylink

Ekologistak Martxan

Grupo Lobo de Euskadi Euskadiko Otso Taldea

Bestalde, 200 erakunde, elkarte eta talde ezberdinek, Ekologistak Martxan eta Euskadiko Otso Taldea barne, otsoarentzat Estatu mailako babesa kalean eskatzeko bat egin dute eta datorren igandean, martxoaren 13an, eguerdiko 12etan Madrilen manifestazioa egitera deitu dute. Ibilbidea Alcalá kalea eta Cedaceros kaleko izkinatik Puerta de Sol plazaraino joango da.

  • Bilbo eta Gasteiztik manifestaziora joateko autobusak antolatu dira:

* Bilbtiko: martxoaren 13an 5:45etan, San Nicolás elizaren parean (Alde Zaharra).

* Gasteiztik: 6:45etan Europa Jauregiko geltokian.

  • Twitter
  • Facebook