“Honek dena aldatzen du” – hausnarketak

Avi Lewis eta Naomi Kleinen azken filma bereziki euskartua izan da Ekozinemaldi honetarako. Hain zuzen ere, Ekologistak Martxanek berak burutu du itzulpena, eta, hemendik aurrera, filma euskaraz ikusteko eskuraga eskuragarri egongo da. Argi dago ahalegin hau egin dela, filma ezinbestekoa delako. Kapitalismoaern eta klima-aldaketaren arteko harreman zuzena oso ondo uzten du agerian, bai eta herri txiroek eta gure gizarteetako kide ahulenek nola jasaten dituzten ondorioak. Azken kasua, aste honetan pairatu dute Hondurasen, Berta Cáceres ekintzailearen erailketarekin eta Gustavo Castroren zauriketarekin. Horregatik, loturak argi izan behar ditugu, borrokari eusteko.

“Honek dena aldatzen du” euskeratzeari buruzko hausnarketak

Maitane Arri (Ekologistak martxan) (itzultzailea) :

” Euskaldunontzat, pozgarria izaten da mundu-mailan erreferentziazkoak diren iturriak -filmak, liburuak, dokumentalak eta abar- euskaraz aurkitzea. Naomi Kleinen “Honek dena aldatzen du” dokumentalaren kasuan, hainbat elementuk garrantzi handia ematen diote.

Batetik, egilea ezaguna da, oihartzun eta kalitate handiko ikerketa-lanak egin dituelako azken urteotan: ezagunenak, No Logo eta The Shock Doctrine, kasu. Bigarrenik, dokumentala berria eta gaurkotasun handikoa da. Eta, azkenik, inork ezin du ukatu guztiz egokia izan dela mundu-mailako COP21 gailurra Parisen antolatu den urte berean, klima-aldaketak kapitalismoarekin, planeta tresna gisa ikustearekin eta tokian-tokian kapitalismo horren aurka eta ingurumenaren eta bizimodu tradizionalen alde gauzatzen ari diren borrokekin uztartzen dituen liburu bat eta dokumental bat plazaratzea.

Horregatik, Martinek Naomi Kleinen Honek dena aldatzen du dokumentala euskaratzea proposatu zidanean, ez nuen inongo zalantzarik izan. Ezinbesteko materiala da, eta euskarak ezin ditu horrelako aukerak alferrik galtzen utzi.

Aitor dut dokumentalaren hasieran zaila egin zitzaidala Naomiren gogoetak eta adierazteko duen modu pertsonal hori euskaraz ematea. Lana asko erraztu zen, dokumentalaren protagonistak estilo zuzen batean, erraietatik mintzatzen hasten ziren neurrian.

Dokumentalean aipatzen ziren kasu guztietan, ingurumena bizitza-iturri gisa dutenen bizimodua eta kosmobisioa etekin-gose direnek zapuztuta ikustea da erdiragarriena. Baina, egoera edozein dela ere, herritar horien duintasunaren eta borrokaren gorazarrea da dokumentala.”
      
  “Honek dena aldatzen du”This-Changes-Everything EUS ESTR
Martin Mantxo (Ekologistak Martxan)

Beti aurkeztuko dugu “Honek dena aldatzen du” Naomi Kleinen filma izango balitz bezala. Nolabait, horrela da ere. Baina ez guztiz… berez, Avi Lewis da egilea edo zuzendaria. Nola ez, Naomik zeregin handia izan du bertan, eta bere ikerketan eta lanean oinarritzen da, hain zuzen ere, izen bereko liburuan. Era berean, Naomi da protagonista, jendea elkarrizketatzen, mintegietara joaten, eta abar.. Baina, berez, hor zegoen Avi, bere bikotea, filmatzen, aukeratzen eta gero batera jartzen, editatzen. Noski, normalean alderantziz izaten da: gizona da kreditua hartzen duena, eta emakumearen lana ez da ikusten. Baina hemen Aviren lana ere kontuan hartu behar da, Klein aditu bat izanik eta bere diskurtsoa oso potentea izanik, filmak oso ondo funzionatzen duelako. Erritmoa, oso ona; helburua oso argi dago, eta oso ondo osatzen du ardatz desberdinak aurkatuta; era berean, kasuak anitzak dira, baina ez da gehiegizkoa suertatzen. Film bezala izugarria da, beraz, bientzat kreditua, hain lan txukuna egiteagatik, eta  mugimendu ekologistatik eskerrik beroenak, egoerak hain argiro azaltzeagatik eta hain hausnarketa bikaina egiteagatik.

Esaten dugunez, nahiz eta klima-aldaketa zenbait filmetan jorratua egon, gaia berria da. Batez ere, ohikoa delako klima aldaketaz hitz egitea, hutsetik, bere kasa sortutako fenomeno bat izango balitz bezala. Naomi Kleinen berrikuntza da klima-aldaketa Sistema honen ondorio bat dela azaltzea, kontuan hartuta globalizazioari buruzko aditua dela bera. Oso lan serioa benetan, Sistemaren eta klima-aldaketaren ondorioak (klima-aldaketa izugarriak, basamortutzea, glaziareak urtzea, irlak desagertzea, eta abar) benetan latzak direlako.

Bitartean, Kleinek gai horren beste aldera eramaten gaitu: egoera hori sortu eta areagotzen duena itsua dela ukatzen dute, kapitalismoan sinisten dutelako. Zaila da kapitalismoa sinismen bezala aztertzea. Agian hobe, gaixotasuna delako. Eta hori ere filmak argi erakusten du. Hori gainditu arte, bost axola munduan zer gertatzen den -orain bezala-, sistema honek diruzalekerian oinarrituta horretan jarraituko duelako.

Kleinek behartsuekin bat egiten du berriro ere, eta erakusten digu, beste askotan bezala, haiek direla lehenbiziko kaltetuak: emakumeak, umeak, bertako herriak, herri txiroen biztanleak. Indigenei eskaintzen die denbora Kleinek. Noski: haiek dira anabasa honi buelta emateko filosofia egokia daukatenak. “Geu gara Lurrarenak.(eta ez Lurra GEUREA!). Lur honetako bisitariak baino ez gara”.

Berriro ere, bere aurreko beste lanetan bezala, Kleinek kontzeptu argigarriak eskaintzen dizkigu. “Lurra makina bat zela eta gu haren nagusiak ginela” -bai, kontzeptu nagusiena, Industria Aroan garatua, naturarekin dugun harremana argi azaltzen duena.

“Sakrifizio-eremuak”. Gauza bera. Gure bizi-mailari eusteko sakrifizioak beharrezkoak dira. Lanaren aldetik, osasunaren aldetik… Baina baita lurraren aldetik ere, naturaren aldetik, eta besteren lurraldearen aldetik. Batzuk sakrifikatu behar dira, ereduak biziraungo badu. Batzuk hil behar dira. Areago, batzuk erail behar dira. Pasa den astean Berta Cáceres bezala, edo atzokoan Nelson García bezala. Planeta bera ere akabatu behar dugu, sakrifikatu, batzuek euren etekinei eusteko.

Eta hori guztiori etsikorra izan arren, Naomi Kleinek berriro bere sinismena eta baikortasuna eskaintzen dizkigu. Hondamenetan (New Orleansekoa bezala) musutruk aritzen direnak erakusten dizkigu. Ustiapen-ekonomiari aurre egiten dutenak bezala, lakotak bezala, grekoak bezala, zentral termikoari aurka egiten dioten indiarrak bezala… Adibideak, gainera, indartsuak dira. Oso. Eraginkorrak. Energia berriztagarriak eta kooperatibak sortzen dituenak. Era berean, Kleinek ekintza zuzena bultzatzen du. Berak dioen bezala, agian politikoki klima-aldaketa gainditzeak hori baino gehiago lortzen lagunduko du: beste gizarte bat, amankomunaren kulturara bueltatuko dena, bertokotasunera, natura eta gizakiekiko errespetuan. Zoragarria izango litzateke hori, arazoa konponbide bihurtzea. Oihukatzen dugun bezala, klima aldatu beharrean, sistema aldatzea. “eta inoiz izango dugun aukerarik onena balitz, mundu hobea eraikitzeko?” dio Naomik. Honek dena aldatzen du! Film honek ere bai!

  • Twitter
  • Facebook