AHTaren aurkako bizi martxaren kronika

Hazkundean oinarritutako mundu baten akabera trajikoan gaudela erakusten duten zantzu asko daude. Mota guztietako gai toxikoren isurketa neurrigabeak lurraren oreka hauskorrak mehatxatzen ditu (beroketa efektua, hondakin nuklearrak,…). Baliabide eta toki ororen ustiaketa izugarrizkoak berarekin dakar bere agortze exponentziala (energía fosilak, kobre bezalako meagaiena, ur osasungarria, lur emankorrak,…topaketa lekuak). Mundua errentagarritasun bilakatu beharreko lehengaitzat jotzen duen ikusmoldeak lurra eta gizakien arteko oreka hori txikitu ezezik, baita pertsonak berak ere ustiagarri edo baztergarri bihurtzen ditu. Gauzak horrela, ordenaren mantentzea da gainbeheran dagoen ordenaren jarduera nagusia.

Nafar korridorea bezalako abiadura handiko azpiegiturak mundu horren partea baino ez dira. Mila hektarea baino gehiago lur emankor suntsitzen dituzte, gero eta energia gehiago behar dute, hiri handiak lotzeko diseinatzen dira, geure diruaz finantzatzen dira populazioaren gutxiengo batek bere Joan- etorriak azkartzeko, politika eta eraikuntza interesen joko zelaian erabakitzen dira eta mespretxu harroputzez inposatzen dizkigute.

Hau guztia dela eta, uda honetan, uztailaren 26tik 29ra, makroazpiegitura proiektu honek Nafarroan, Martzilla eta Altsasu artean kalteturiko leku eta herriak zeharkatuko dituen bizi martxa honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Gainera, azken egunean, Arabatik datorren beste AHTaren aurkako bizi martxarekin bat eginen dugu.

Elkar topatu eta ezagutzeko, suntsi daitezkeen inguruak zeharkatu eta bistaratzeko. Zuzenki kalteturiko biztanleei entzuteko eta kontra egotera bultzatzen gaituzten arrazoiak ezagutarazteko. AHT bat soilik ez delako, jarduera guztiak azeleratu eta bizitzeko denborarik gabe uzten gaituen mundu ikuskera bat baizik.

Bigarren eguna

Gaur goizean Tafallako Baigorri elkartean gosalduta eta pista harritsu eta malkartsuetan barrena ibili ondoren, Barasoain herrira heldu gara hamaiketakoa egitera. Gerora, Soltxaga herriaren inguruko erromatar garaiko olio dolarea bisitatu eta Oloriz herritik pasata, Muru Artederretako estazio elektrikoan gelditu gara. Bertara Carstejongo zentral termikoetatik datozen 400.000 V-ko linea elektrikoak heltzen dira. Egun, autopista elektrikoen bi proiektu, herri oposizioarengatik baztertuak izan ondoren, hirugarren bat egiten saiatzen ari dira administrazio autonomiko zein zentrala Red Electrica Españolaren interesen mesedetan. Oraingo honetan prozesu partehartzaile faltsuaren bitartez. Hortik ere Alaitz mendikatean dauden kareharri harrobi erraldoiak bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu. Harrobi hauetatik azken berrogei urteotan izandako Nafarroako proiektu suntsitzaile guztiak sortu dira: autopista eta autobia guztiak, Itoizko urtegia, Nafarroako ubidea eta ezbadugu gelditzen AHTa ere hortik sortzen saiatuko dira.

Biurrun herrian bazkaldu dugu, bertakoek prestaturiko otordu ederra. Bazkaldu ta gero, Xabier Zubialde, Sustrai fundazioko kideak Nafarroako plan energetikoari buruz mintzatu zaigu. Nafarroako egungo gobernua sustengatzen duten lau indarrek bultzatutako proiektu honek zentral eoliko erraldoiak eta auto elektrikoaren sustapen masiboa dute helburu. Horretaz landa, ez du Castejongo zentral termiko ezlegalak ixteko ahaleginik egiten. AHTk behar duen energia kopuru ikaragarria ere azpimarratu du, eta diskurtso ofizialak gai honen inguruan darabilzkien argudio faltsuak salatu ditu.

Biurrundik abiatuta, Getze herriko erreka bazterrean gelditu gara Garesen udalaren autogestio energetikoa helburu duen proiektu interesgarriaz mintzatzeko Energia gara-ko kide baten eskutik.

Hirugarren eguna

Bizi Martxaren hirugarren eguneko goiza Iruñerriko auzo zein herrietatik igaro da. Hainbat auzotatik pasatu ahala, gero ta txirrindulari gehiago batu da martxara, tropela kolorez jantziz. Maravillas Gaztetxetik abiatu eta lehenengo geldiunea Piparrika hiri baratzean izan da. Bertan tomate eta piperren artean, hiriaren bihotzean bertan, janari osasuntsu eta arduratsua auzolanaren bidez ekoiz daitekeela gogoratu digute.

Ilusioz beterik Etxabakoitz auzoraino hurbildu gara, nora eta AHTaren Iruñeko geltokia egin nahi duten lekura. Bertako bizilagunak urte askoz jasandako bazterkeriaz mintzo zaizkigu, proiektu suntsitzaile honek dakarren mehatxua nabarmenduz.

Etxabakoiztik atera eta Barañainen hamaiketako oparo eta alaia eskaini digute. Handik Sanduzelaiko tren geltokira hurbildu gara eta auzo elkarteak bertan tren geltokia geratzeko eskaera ezagutu dugu Etxabakoizko tren geltoki berriaren proiektuaren herri zilegitasuna auzitan jarriz.

Pixkanaka pixkanaka hiriburutik aldendu gara Berriozarko herrira hurbiltzeko. Nafarroan gaur egun geratzen diren bi “paso a nivel” etako batean gelditu gara. Urteetan zehar nahita mantendu den pasabide arriskutsu hau aitzaki bihurtu dute iruñerriko tren buklea kentzeko eta Etxabakoitzen inposatu nahi duten geltokia ahalbidetzeko.

Arazurin sekulako harrera beroa izan dugu bertako auzokide eta familien partetik. Haur, gazte zein agureen bizipoza eta indarrak batuz, bailaran AHTak sortuko lituzkeen kalteak ezagutu ditugu paella zoragarri baten inguruan. Bazkal ondoren AHTaren aurkako herri antolakuntzaz eta dinamikez aritu gara, itxaropena egunez egun eta herriz herri suspertu daitekeelakoan. Egunez egun gero eta gehiago garelako eta amalurraren oihartzunak hunkitzen gaituelako.

Oskiako zintzurrerako bidean Arakil ibaiak eskeintzen digun edertasuna AHTak ez digula izorratuko zin egin dugu. Bidea urratuz eta bizikletari eraginez, Irurtzuneko helmugara iritsi gara. Eta bizitza ere ospatzekoa denez, afari zein kontzertu zirraragarriaz alaituta, hirugarren etapa honi amaiera pozgarria eman diogu.

Laugarren eguna 

Albokaren soinuz esnatuta eta gosaldu ondoren berriro ere pedalei ekin diegu. AHTarendako plazaratu duten azken proiektuak zeharo kaltetzen dituen Ekai, Zuatzu eta Satrustegiren barna igaro gara. Sakanako herrietatik pasatzen ari ginen bitartean, bertako biztanleak bizi martxara batuz joan dira, heldu zein haur. Azpimarratzekoa Ihabarren batu zaigun ume kuadrila. Lakuntzan hamaiketakoa hartuta Etxarri Aranazera heldu gara. Naturaz gozatzeko oinezko asko darabilten bide ertzean  AHTaren aurkako monolitoa inauguratu dugu. Aurresku baten ondoren, Sakanako erakunde ezberdinetako hiru kidek berretsi dute AHTaren aurka eta ohiko trenaren aldeko konpromezua.

Aritzalko inguruan gelditu gara AHTak eragingo lukeen txikizioa ikusteko. Izan ere Aralar eta Urbasaren arteko basafaunaren pasabide naturala guztiz kaltetuta suertatuko bait litzateke.

Bakaikuko jaiak zirela baliatuz etenalditxo bat egin dugu bertako biztanleei informazioa banatzeko. Iturmendiko Aizkozar elkarteak prestaturiko bazkari goxoa dastatu ondoren Ziordira jo dugu Arabatik zetorren AHTaren aurkako beste martxarekin bat egiteko. Handik aurrera tropela bikoiztu eta aldarrikapen oihuak biziagotu dira.  Bizi martxa bizi poza bilakatu da. Ziordia berean dagoen Amarauna proiektu autogestionatua bertakoen ahotik  ezagutzeko parada izan dugu. Aintzineko komentu honek aukera ematen dio herri mugimenduari topaketak eta hainbat jarduerak burutu ahal izateko,

Arabakoekin batera Altsasurainoko azken kilometroak burutu ditugu. Herri barnako ibilbidea  egin ondoren amaiera ekitaldiari ekin diogu. BI martxetako partaideek hitza hartu dute eta datozen deialdien berri eman da. Bizi martxa finantzatzeko bizikleta baten zozketa burutu da arabar emakume bati egokitu zaiolarik.

Martxa honen bidez indartuta eta argudioz beteta atera da AHTaren aurkako borroka.

  • Twitter
  • Facebook