Zero Zabor uretan ere

• Ekologistak Martxaneko Diosa Maat belaontzia Pasaian izan da Mater Museoa
bisitatzen.
• “Zero Zabor uretan” festaz festa herritarren artean itsasoko hondakinen inguruan
kontzientzia zabaltzeko egitasmoa ezagutu ahal izan du eskifaiak.
• Aurtengo Bandera Beltzen txostenean Gipuzkoako kostaldeko hondakinek jaso
zuten bandera beltza baina baita Aldundiak zaborrekin daraman politika Zero Zabor
eredurantz jo beharrean errauskailua lehenetsi duelako.
Euskal kostaldean egingo duen azken astean sartuta, Diosa Maat ontziak Pasaian egin du
geldialdia. Bertan Mater Museoko arduradunekin egon ahal izan da uda honetan
daramaten proiektu nagusiaren xehetasunak ezagutzen. Zero Zabor uretan: festetan ere,
zabor hoberena sortzen ez dena du izena proiektuak. Arrantza-herrietan udako herri-jaiak
non diren, han izan da Mater ontzia, itsasoko zaborraz kontzientzia areagotzeko eta
herritarrak prebentzioan inplikatzeko lanean. Horretarako bisitak, tailerrak, proiekzioak…
erabili dituzte eta azken zita bat dute Bermeon irailak 9-10ean.
Itsas hondakinen arazoaren tamainaz soilik azken urteetan ari gara konturatzen.
Gehiegizko arrantzarekin eta klima eta bioaniztasun krisiarekin batera, itsasoek eta
bertako bizidunek duten arriskurik nagusiena da. Hainbat dira kontzientzia areagotzeko
egindako saiakerak eta egitasmoak baina oraindik ere guztiak beharrezkoak izaten
jarraitzen dute.
Ekologistak Martxanek aurtengo Bandera Beltzen txostenean Zumaiako itsaslabarrean
Oier Bartolomek grabatutako bideoa aitzakiatzat hartuta, Gipuzkoako kostaldeko itsas
hondakinei eskaini zien kudeaketa txarraren bandera beltza. Are gehiago, Ekologistak
Martxanek Zero Zabor ereduarekin bat egiten duenez, kalterik gabekoa soilik sortzen ez
den zaborra dela jakitun, Gipuzkoako Aldundiari dei egiten dio Zero Zabor kudeaketan
engaiatu dadin eta bertan behera utz dezala zaborrak errauskailuan erretzeko egitasmoak
horrek zaborra airera bidaltzea besterik ez duelako ekarriko. Behin airean, beste leku
batzuetan egiaztatu ahal izan denez, gai kutsakor horiek itsasoan ere jaulkiko dira gure
itsasoak kutsatuz. Horretaz gainera, beharrezkoa da gordetze eta diru itzultze sistema
garatzea hondakinak jatorrian gutxitu daitezen, beste neurrien artean.
Itsas hondakinen arazoa urte luzez mantenduko da ezinezkoa izango baita dagoeneko
itsasora iritsitako guztia biltzea, asko eta asko dagoeneko itsas hondoan dagoelako.
Baina premiazkoa da lehenbailehen neurriak hartzea zabor gehiago irits ez dadin itsasora.

  • Twitter
  • Facebook