ECOEMBES eredua agerian jarriz, ontzien kudeaketa eraginkor baten alde.

(Aitor Gallastegi,  Zero Zabor Bizkaia Plataforma)

Guztion ahotan daude jada “larrialdi klimatikoa” eta “krisi ekologikoa”, Madrilen ospatu berri den COP25ean ere onartu dute “gure bizitza arriskuan dagoela eredua aldatu ezean”. Horren aurrean aukera bi ditugu, aldaketa modu ordenatuan burutu edo errealitateak gaindituta zaplasteko baten bidez. Munduko puntu batzuetan hasi dira jada ingurumen krisi horren zaplastekoa nabaritzen. Gurean adibidez, ohikoa bilakatu da plastikozko-ontzi zatiak aurkitzea hondartza, itsaso eta hainbat animaliaren organismoetan. Erosi-erabili-bota kontsumo ereduaren hondakinak dira. Herritarroi kontsumitzen dugunean eredu horren zati bat inposatuta datorkigu, produktu zehatz bat kontsumitu nahi dugunean biltzen duen estalkia ere erosi behar dugu, plastikozko botilak, plastikoan gordetako barazkiak… Egunero, erabilera bakarreko milaka ontzi arin erabiltzen ditugu eta horiek murrizteko ahaleginak apalegiak dira gaur-gaurkoz.

Klima aldaketaren aurka altxatu den olatu hau probestu behar dugu, hondakinen inguruko beharrezko eredu berriak martxan jartzeko. Ontzi arinen kasuan, gaur egun edukiontzi horian bildu beharko lirateke, Ecoembes enpresak duelarik horiek kudeatzeko erabateko monopolioa. Ecoembes, ontzien kudeaketa integrala burutzeko sistema gisa sortu zen 1996an. Elikadura eta ontziratze enpresa handiek bultzatuta (Coca-Cola, Nestle, …). Garai haietan hondakinen lege berria indarrean sartzekoa zen, lege horrek enpresak beraien jardunak sortutako kutsadura kudeatzera behartzen zituen. Ecoembesen benetako xedea beraz, atxikitutako enpresek hondakinen legea betetzea da, beraien aktibitate ekonomikoaren jarraipena bermatu ahal izateko.

Puntu berdea

Ecoembesek puntu berdea duten ontziak kudeatzen ditu soilik. Kontsumitzaileok kanon bat ordaintzen dugu puntu berdea daramaten produktu bakoitza erostean; gero ontzi horren kudeaketa gastuei aurre egin ahal izateko. Hau da, erabilera bakarreko ontzi eredua inposatzeaz gain, elikadura eta ontziratze industriek bere gain hartu beharko luketen gastua herritarrok ordaintzen dugu. Birritan ordaintzen dugularik, lehena produktua erostean eta bigarrena udaleko hondakin zergak ordaintzean.

Kudeaketa eredu honekin gauza bitxi bat gertatzen da, kudeatzen ez den ontziak gastu gutxiago suposatzen duenez, hondakin bilketaren eraginkortasuna txikiagoa den heinean irabazi handiagoak dituzte. Izan ere, nor egiten da kargu ontzi hauek erreka, itsaso edo bide-bazterrean amaitzen dutenean? Hori dela eta uneoro birziklaiaren aldeko kanpainak abiatu behar dituzte beraien ereduaren onurak saldu ahal izateko.

Berrerabili,Murriztu VS Birziklatu

Ecoembesetik soilik birziklapena bultzatzearen beharraz aritzen dira. Birziklapena, murriztea eta berrerabilpena bateraezinak izango balira bezala. Baina noski, salmentetan gora egin nahi duten enpresei buruz ari gara. Ahalik eta produktu gehiago merkaturatzen duten heinean, beste hainbeste ontzi-arin merkaturatzen dituzte. Ondorioz egiten dituzten kontzienziazio kanpainak “greenwashingetik” gehiago dute proposamen serio batetik baino.
Proposamen sendo batek murriztea eta berrerabilpena izan beharko lituzke xede, horrek, beraien ohiko negozio eredua aldatzea suposatzen duelarik. Ontzi motak eta hauen materialak aldatu beharko lituzketelako. Hori dela eta plastikoaren lobbyek euren interesak mehatxatuta ikusiko lituzkete eta gainera, produktuen garraioen kostuaren gorakada ekar lezake material pisutsuagoen erabilpenak. Ondorioz, irabazien beherakada bat suposatu liezaieke aldaketak.

Kutxa beltz bat

Edukiontzi horia kutxa beltz bat da; produktua merkaturatzen den momentutik ontziaren trazabilitatea galdu egiten da. Ez dakigu zenbat ontzi merkaturatu diren, ezta zenbat jaso diren edukiontzi horietan eta horietatik zenbat birziklatu diren. Ondorioz, ez dago birziklapen datu fidagarrarik. Ecoembesek %78.8 estatu osorako birziklapen tasa aipatzen duen bitartean Zero Zabor Aliantzak %30eko birziklapen tasa aipatzen du. Izan ere Ecoembesek edukiontzi horira heltzen diren eta euren sistemara atxikitako ontziak kontabilizatzen ditu soilik..

Beste konparaketa bat metalezko ontzien birziklapen tasari dagokiona da, Ecoembesek %85.4 ko birziklapen datua ematen duen bitartean, metalezko ontzien Europako elkarteak (Metal Packaging Europe) %62 a aipatzen du.

Birziklapen datu horiek dantzan daude eta hein batean da enpresak berak aitortutako datuetan oinarritzen delako atzetik inork auditatu gabe.

Bizkaian urrats berrien beharra

Guzti honekin ez da nire asmoa inondik ere birziklatzearen inguruan zalantzak sortzea. Baina Ecoembes eta Zabalgarbiko erraustegiaren ereduan oinarrituta dagoen gure Bizkaian, hondakinen kudeaketaren eredua aldatzeko eztabaida sakona behar da.
Ontzien kudeaketa gardenago eta osoago baten beharra dugu. Gure naturguneak zaborrez libratuko dituena. Erabilera bakarreko ontzien murrizketa bultzatzen duten politikak eta ontzien itzulera ahalbidetzen duten ereduei bidea irekitzea. Ontzien itzulketan oinarritutako sistemek emaitza hobeak erakutsi dituzte Europako zenbait tokitan. Ontzi mota batzuekin hasi gaitezke itzulketa sistema aplikatzen beste urrats batean beste batzuei zabaltzeko.

Bizkaiko II. BUHKPI (Bizkaiko Hondakinen Uri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala) (PIGRUB) berrituko den hontan urrats zintzoak eta sendoagoak emateko aukera ireki da. Bestela zertarako deklaratu zuen Urkulluk larrialdi klimatiko egoera?

  • Twitter
  • Facebook