Interes ekonomiko eta finantzarioei erantzuten ez dien uraren ingurumen eta gizarte kudeaketa eskatu du Ekologistak Martxan taldeak

Klima aldaketaren ondorioz, ur baliabideak murrizten ari dira; larrialdi klimatiko honetara egokitzeko, kontsumoa pixkanaka-pixkanaka murriztu behar da, batez ere, nekazaritza sektorean

Ura funtsezkoa da ekosistemak mantentzeko. Era berean, ondasun horretara eta saneamendura iristea giza eskubide bat da; horregatik, ez da inoiz interes ekonomiko eta finantzarioen mende egon behar. Hori dela eta, Ekologistak Martxan taldeak urtegi handien eraikuntza behin betiko uzteko aldarrikatu du, ingurumenean eta gizartean duen eragin larria eta erabilera hidrologiko zalantzagarria dela eta. Horretaz gain, egitasmoan daudenak, hala nola, Biscarrues (Huesca), baita gaur egun abian daudenak ere, besteak beste, Yesa (Nafarroa eta Zaragoza), Mularroya (Zaragoza) eta Alcolea (Huelva), guztiak alferrekoak, bertan behera uztea eskatu du erakunde ekologistak.

Ekologistak Martxan taldeak dauden ura eramate batzuk ixtea lehentasunezkoa dela uste du, hala nola, Tajo-Segura, arro emailean eragiten ari den kalteagatik, baita Siurana-Riudecanyes (Tarragona) ere, Siurana ibaia literalki lehor uzten baitu, horrek ingurumenean dakartzan ondorioekin.

Erakunde ekologistak ureztatze berrien ezarpena erabat geldiarazteko eskatu du, horien azalera etengabe handitzen ari baita; izan ere, ur kontsumo garbiaren %90 baino gehiago da jada. Halaber, Espainian ureztatutako azalera (gaur egun 4 milioi hektarea baino gehiago) maila jasangarri batera murriztea eskatzen du (3 3,2 milioi hektarea).

Klima-aldaketak dauden ur-baliabideak murriztu ditu, baita euri-jasen maiztasuna eta intentsitatea handitu ere. Ekologistak Martxan taldearen ustez, funtsezkoa da kontsumoa pixkanaka-pixkanaka murriztea, batez ere nekazaritza-sektorean, egoera berri horretara egokitzeko. Horretaz gain, jabari publiko hidraulikoaren baitan dauden eraikuntza guztiak eta uholde-arrisku handiko gainerako eremuak kentzea, indarrean dagoen araudiak adierazitakoarekin bat etorriz. Horrela, pertsonentzako arriskua murriztuko da.

Herritar guztiei edateko ura eta saneamendua bermatzea eskatzen du erakunde ekologistak, ordaindu ahal izatea ala ez alde batera utzita, giza eskubidea, eta ondorioz, unibertsala baita, bermatu beharrekoa. Edateko uraren hornidura sektore publikotik kudeatu behar da, modu zuzen, garden eta parte-hartzailean.

Lanean jarraitu behar da hondakin-uren arazketa hobetu ez ezik, nekazaritza eta abeltzaintza industrialak edo intentsiboak sortutako kutsadura lausoa ere erabat geldiarazteko; izan ere, Europako Batzordeak Espainiako Estatuari arau-hauste-prozedura bat ireki dionekazaritzako iturrietatik datozen nitratoek eragindako kutsaduratik urak behar bezala babesten ez direlako”. Sektore hori ia konponezinak izango diren kalteak sortzen ari da akuifero eta iturburu askotan, gizakien erabilerarako eta kontsumorako baliogabetuz. Ondorioz, gero eta handiagoa da edateko txorrotako urik ez duten populazioen kopurua.

Azkenik, Ekologistak Martxan taldeak aldi baterako zein iraunkorrak izango diren ur-ibilgu guztietarako emari ekologikoak ezarri eta bermatzea eskatzen du, baita ingurumen-irizpideen arabera ere zehaztea, beste kontsumo-erabilera batzuek baldintzatu gabe.

Horrela, uraren kudeaketa sozialagoa eta ingurumenean oinarrituta lor litzateke, eta ez gaur egun gertatzen den bezala, hainbat sektore ekonomikoren interesetan baldintzatuta, hala nola, nekazaritza eta abeltzaintza industriala, eraikuntza-enpresak eta energia-enpresak, zeinek beren interesak bakarrik zaintzen dituzte, ingurumenaren suntsiketaren eta herritar guztien eskubideen eta bizi-kalitatearen bizkarretik bada ere.

 

  • Twitter
  • Facebook