“Gaur egungo pandemia egoeran, Supersur saihesbideko lanak berehala gelditzea eskatzen dugu”

Erakundeak alarma egoeraz baliatu direla proiektuan aurrera egiteko salatzen du Supersur Handitzeari Ez plataformak

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Covid-19ko pandemia eta alarma egoeraz baliatu direla autopistako lanak areagotzeko eta Bolintxu haranaren barrenean lanak hasteko salatu du Supersur Handitzeari Ez plataformak. Enpresa eraikitzaileak lanean aritu dira itxialdian; ondorioz, langileen osasuna ez ezik, herritar guztiena ere jarri dute arriskuan; izan ere, baliteke kutsadura erraztu izana, haien eta euren familien artean zein Buia eta Seberetxe auzoetako bizilagunen artean. Erakundeek erabateko arduragabekeria erakutsi dute konfinamenduko aste hauetan obretan jarduten uzteagatik, eta gauza bera erakusten jarraitzen dute, guztiz beharrezkoa ez den proiektu batean diru publikoa alferrik galtzen jarraitzen baitute.

Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea garestia da; izan ere, kilometro bakoitza 47 milioi kostatzen zaie Bizkaiko biztanleei. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio aurreko fasea egiteko hipotekatu den dirua zein eskatu diren maileguen interesak eta ustiapen-defizitaren ondoriozko galerak. Horrek guztiak, datozen 20 urteetan 60 milioi euro baino gehiago urtero ordaintzea ekarriko du.

Laburbiltzeko, Supersurrek ekonomia dinamizatu ordez, diru publikoa gehiago zorpetuko du. Eraikuntzak sortu dituen lanpostuak prekarioak eta behin-behinekoak dira, bi urteren buruan proiektuaren 1b fasea amaitzen baita. Gainera, kontuan izan behar da ez dela inoiz espero zen eskarira iritsi; izan ere, egungo erabilera ez da aurreikusitakoa baino %50ra ere iristen, eta, gutxi balitz, etorkizuneko aurreikuspenek erabilera are txikiagoa sumatzen dute. Horregatik, gero eta zentzu gutxiago du lan honetan diru publikoa xahutzeak. Bizkaiko Foru Aldundiaren diru bilketak behera joko du, eta, egungo krisiaren ondorioz, gizartearen beharrak gero eta handiagoak izango dira.

Duela egun batzuk, 750 zientzialarik eta 150 gizarte eragilek COVID19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren aldemanifestua sinatu zuten. Dokumentu horren ildo nagusietako bat azpiegituretako inbertsio handiei luzamendu bat ezartzea proposatzen du, une honetan zein etorkizunean behar diren funtsezko zerbitzuak lehenesteko. “Gastu publikoa murriztu eta obra handiak atzeratu” beharko liratekeela ere adierazi zuen Pedro Azpiazuk, Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Testuinguru horretan, funtsezko zerbitzuak babestu behar dira, hala nola osasuna, hezkuntza edo garraio publikoa, baita krisiaren ostean bultzada garrantzitsua ere beharko duten larrialdi ekologikorako neurriak. Autoa erabiltzea sustatzen duten azpiegiturek ezin dute lekurik izan.

Une egokia da zalantzan behin eta berriro jarri den obra horren inguruan hausnartzeko, inoiz ez baitzuen espero zen eskaria izan, eta, horrez gain, Abiadura Handiko Trenarekin batera, zergapekooi ordaintzea egokitu zaigun beste azpiegitura bat delako.

Post Covid-19 agertoki berrian, Supersur ez da bideragarria. Une egokia da lurralde-garapen iraunkorragoa zein ingurumena eta klima gehiago errespetatzen dituzten mugikortasun modu berriak mahaigaineratzeko. Gogoan izan behar da Euskal Herria karbonoan neutroa izateko Eusko Jaurlaritzak, 2019ko uztailaren 30ean, klima-larrialdia adierazi zuela. Beraz, kontsekuenteak izan gaitezen.

Orain inoiz baino gehiago, beste garraiobide mota batzuk bultzatu behar dira, hala nola, oinezkoak, bizikleta eta garraio publiko/kolektiboa. Halaber, herritarren ongizaterako, hirian kalitatezko espazio libre gehiago sortu ez ezik, aurretik zeudenak ere errespetatu behar dira.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari obra hori berehala eta behin betiko geldiaraz dezatela eskatzen die Plataformak, garestia, ez beharrezkoa, justifikazio gabekoa eta, ordea, eragin handikoa delako. Horrez gain, proiektu horretarako erabiltzen ari diren eta etorkizunean erabili nahi diren diru-sailak berehala bidera daitezela Covid-19aren kontrako borrokan, osasun publikoa indartzera, osasun- eta ekonomia-krisiaren eraginpean dauden pertsona guztientzako gizarte-laguntzetara eta herritarren bizitza hobetzeko interes sozial handiagoko beste obra batzuetara, A8aren lurperatzea Rekalden, esaterako.

  • Twitter
  • Facebook