Zaldibarko zabortegiko luizia eta larrialdi klimatikoa mugarriak izan dira eta, horregatik, hondakinen kudeaketan bide berri baten beharra adierazten dute

SARRERA

Zaldibarko zabortegiko luizia Euskal Herriko hondamendi ekologiko handiena bezala aurkeztu dute hainbat hedabidek: azken urteetako, azken hamarkadako, azken mendeko… larriena. Hondamendi ekologikoa ez ezik, soziala ere, bi langilek hondakinen artean lurperatuta jarraitzen dutelako, herritarren osasunari eragin diolako eta urak eta ingurunea oso kaltetuta gertatu direlako. Enpresa jabearen irabazi grina neurrigabea, baita erakunde arduradunen (kasu honetan Eusko Jaurlaritzaren) lasaikeria, kontrol eza eta kudeaketa negargarria ikusita, aurreikus zitekeen hondamendihorrek hondakinen kudeaketaren ICEBERGaren tontorra agerian utzi du.

Zaldibar kudeaketa lotsagarri baten ondorioa da; beraz, ikasteko adibidea ere bada. Planeta larrialdi klimatikoko egoeran dagoen une honetan, ekonomia aseezina elikatzeko neurrigabeko kontsumo prozesu baten ondorioz sortutako hondakinak lehen mailako arazo bihurtu dira, pertsonen osasunean eta ingurumenean dituen eraginagatik. COVID-19ren krisiak areagotu egin du osasun-zentroetatik eta etxeetatik datozen hondakinen sorrera, erabilera bakarraren eta erabili eta botatzearen kulturaren hedapena, baita plastikoen eta ontzien kontsumoa ere.

Dena aldez aurreko tratamendurik gabe zabortegietara edo erraustegietara isurtzen da. Baina pandemia ezin da aitzakia izan isurketa-edukiera handitzeko, zabortegi berriak eraikiz zein existitzen direnak handiagotuz. Kutsatzeak saihesteak ez du esan nahi alternatiba bideragarri eta osasungarriak ez bilatzea.

Uztailaren 12an gauzatuko diren hauteskundeetan Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzar berriak ezagutuko ditugu, eta horiek erabaki beharko dute norabidea, hau da, zero hondakin eredua eta ekonomia zirkularra bultzatzea ala, orain arte egin den bezala, interes pribatuak eta “erabili eta botatzean” oinarritutako ekoizpen eta kontsumo-eredua sustatzen eta defendatzen duen industria babestea. Gizarteak lehentasuna eman behar dio bizitza gure jarduera politiko eta ekonomikoen erdigunean jartzeari.

Ondorioz, produktuek bizi-ziklo osoa bete beharko lukete, baliabideak babesteko eta zirkulua ixteko.Horregatik, uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi politikoei dei egiten diete ZERO ZABOR BIZKAIA eta ZALDIBAR ARGITU plataformek Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinen Kudeaketaren egungo norabidea aldatzeko. Hortaz, datozen proposamenak onartuko lituzkete:

1.ZALDIBAR ETA ZABORTEGIAK:

•Joaquin eta Alberto langileen gorpu lurperatuen bilaketak lehentasun osoa izaten jarrai dezala.

•EAEko zabortegi guztien auditoretza publikoa egitea, zabortegien egungo egoera eta isuritako hondakinen ezaugarriak zehazteko, baita Zaldibar berri bat gerta dadin ere saihesteko. Eta, aldi berean, zabortegien eta hondakinen kudeaketaren norabidea aldatzeko.

•ZALDIBAR kasuaren inguruan dagoen ikerketaren ondorioz sor litezkeen erantzukizun publiko zein pribatuak argitzea.

•Zabortegiak existitzen diren bitartean, horien kudeaketa eta kontrol publikoa bermatu egin behar da. Zabortegiak deuseztatu ahal izateko lan egitea eskatzen dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da aldez aurretik tratatu ez diren hondakinen isurtzea debekatzea.

•Ingurumen-erantzukizunari buruzko 2004/35/CE Zuzentarauaren arabera, Verter Reciclyng 2000 enpresari kaltetutako baliabide naturalak leheneratu ditzala eskatzea, eta horien kostua bere gain hartzea.

•Egungo azpiegitura publiko eta pribatu guztien (zabortegien, tratamendu mekaniko eta biologikorako instalazioen, erraustegien…) ikuskapen eta kontrol publiko eta gardenak egiteko behar den taldea ziurtatzea (gaur egun 8 pertsonek osatzen dute eta gutxiegiak direla dirudi), indarrean dauden araudiak eta jarduera egitea ahalbidetu dieten Ingurumen Baimen Integratuak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

•Ingurumen Sailaren 2020ko martxoaren 4ko Agindua aldatzea, urtebetekoa izan ez dadin. Hau da, isuriaren mugaketa eta hori saihesteko teknika onenak dituzten irtenbideen bilaketa sustatzea eskatzen dugu, baita 49/2009 Dekretua betetzea ere, dekretu horrek debekatutako materialak ez isurtzeko.

•Hondakinen kontrol zorrotza malgutzen duten araudiak indargabetzea, horiek osasuna eta ingurumenaren alde jarri ordez, efizientzia eta errentagarritasun ekonomikoa lagundu egiten baitute aberastasun pribatua ahalbidetzeko.

•Egiazko informazio publiko gardena ziurtatzea.

HONDAKINEN KUDEAKETA:

•Hondakinen Lege berri bat egitea, Estatuan eta Europan indarrean dagoen araudia bateratuz, eta teknika erabilgarri onenei (TEO) lehentasuna emanez, zero hondakin eta benetako ekonomia zirkularra lortzeko urratsak eman ahal izateko. Araudi honen oinarriak hondakinen sorrera minimizatzea edota saihestea izan behar dira, eta, horretarako, oinarrizko proposamen hauek onartu behar dira:

•Sistema eraginkorrenen bidez, materia organikoaren derrigorrezko gaikako bilketa, hots, biohondakinaren gaikako bilketako denbora-helburuak finkatu eta bere isurketa debekatu.

•Legeak ezarri behar du berrerabilgarriak, birziklagarriak edo konpongarriak ez diren produktuak ekoiztea ezinezkoa dela; hortaz, zaharkitze programatua espresuki debekatu behar du, eta, horretarako, diseinu zirkularreko betekizun zehatzak zehaztu behar ditu produktu guztientzat. Gainera, erabilera bakarreko plastikoak eta produktuak debekatu egin behar ditu legeak. Eta hori guztia bideratzeko, denbora-helburu zehatz eta lotesleak ezarri behar ditu murrizketa, berrerabilketa, birziklapena eta materialen ekoizpen garbi eta ez toxikoa lortzeko.

•Zerga-araudi bat. Horrek, alde batetik, pizgarri ekonomiko eraginkorrak ezarriko ditu hondakinak aurrezteko estrategiak garatzeko, hala nola, sortzeagatiko tasa (kutsatzen duenak ordaindu egiten du), eta, bestetik, ontziak murrizteko karga progresiboak, plastiko ez-birziklagarriei zergak eta isurtzeko eta errausteko tasak ezarriko ditu, besteak beste.•Legeak sorkuntzaren eta tratamenduaren arteko hurbiltasuna bermatu behar du, baita tratamendu deszentralizatuen alde ere egin, autosufizientzia eta erraztasun teknikoarekin. Horrez gain, malgua izan beharko litzateke ager daitezkeen aldaketen aurrean, baita herritarren parte-hartzeari ere irekia.

•Lege berri horrek ontzietarako biltegi, bihurtze eta itzultze sistema baten alde egin beharko luke, berrerabilpen-helburu kuantitatiboak ezarriz.

•Legeak hondakinen errausketa eta baterako errausketa ezabatzea jaso behar du. Hondakinen prebentzioko eta ekonomia zirkularreko jardueren potentziala lehenetsi behar da, eta, pixkanaka-pixkanaka, 2 erraustegien edukiera murriztu. Baldintza hori oso garrantzitsua da gaikako bilketa hobetzeko eta energia-sarearen deskarbonizazioa ziurtatzeko

  • Twitter
  • Facebook