Proposamen ekologistak Covid osteko mundu baterako

  • Normaltasun berri batera eramango gaituzten neurri pizgarriak dituen programa bat mahaigaineratu du Ekologistak Martxan taldeak. Bertan biodibertsitatearen galeraren aurkako borroka, klima-aldaketaren arintzea eta hari egokitzea, ekonomia zirkularra edota agroekologia funtsezkoak izango dira.

  • Aurkeztutako ehun neurriak bost ekintza-ildotan bilduta daude: aurreranzko ihesa geldiarazi, oreka ekologiko berri bat, ekoizpen-eredu berri bat, oreka sozial berri bat eta Lurraren kultura berri bat.

  • “Egungo laguntzak erabili behar ditugu beharrezkoak diren aldaketak egiteko eta krisi ekologikoari aurre egiteko”, adierazi du Ekologistak Martxan taldeak.

Estatu Espainiarran eta EBn COVID-19ren etenaldiaren ondoren ekonomia suspertzeko planak eztabaidatzen ari diren bitartean, Ekologistak Martxan taldeak ‘Bizitza erdigunean jarriko duen etorkizunaren alde. Proposamen ekologistak Covid osteko mundu baterako’ txostena aurkeztuko du. “Ekonomiaren susperraldia gure ingurumen eta gizarte arazoetatik aldenduko gaituen eredu ekonomikoaren aldaketa bati lotuta egoteko neurri programa bat da”, nabarmendu du Ekologistak Martxan taldeak.

Dokumentuaren arabera, normaltasun berriak ezin du krisi ekologikoa iraunarazi, jendarteak azken hilabeteotan bizi izan dituen egoerak errepikatzeko arriskua izango lukeelako, esaterako.

Elkarte ekologistaren ustez, “hamarkadetan pairatzen ari garen krisiaren ispiluaren aurrean jarri gaitu pandemiak, hala nola, biodibertsitatearen galera, klima-aldaketa, kutsadura edo desberdintasun soziala. Orain ekonomia suspertzera milaka milioi euro bideratuko badira, modu arduratsuan izan beharko da, hau da, ekologismoak eta komunitate zientifikoak eskatu dituen aldaketak ezarriz“.

Gobernuak eta autonomia erkidegoek orain arte hartutako neurriek antz handiegia dute aurreko hamarkadaren amaierako krisi finantzarioaren ondoren hartu zirenekin eta hauek krisi ekologikoan eta desberdintasun sozialean sakondu zutela salatu du elkarte ekologistak.

Gaur egun, inolako ingurumen-baldintzatzailerik ezarri gabe enpresa kutsatzaileak diru publikoarekin erreskatatu dituzte; eraikuntza eta turismoa sustatzeko ingurumen-araudiaren baldintzak murriztea proposatu dute, eta zerbitzu publikoko murrizketek mehatxua izaten jarraitzen dute”, azpimarratu du elkartekoek. Horregatik, Ekologistak Martxan taldeak proposatzen duen lehenengo jarduera-ildoa aurrera egiteko ihesa geldiarazteada. Elkartearen ustez, “hautabidea ez dago ingurumenaren edo ekonomiaren artean, planeta bizigarri bat izatearen edo ez izatearen artean baizik”.

Oreka ekologiko berria lortzea da konfederazio ekologistaren beste ekintza-ildo bat. Horretarako, berreskuratze-politika guztiak giza osasunaren hobekuntzara, biodibertsitatearen galeraren aurkako borrokara, ekosistemen degradazioa gelditzera, klima-aldaketa geldiaraztera eta kutsadura saihestera baldintzatzea proposatzen du.

Ekintza-ildo horren barruan, hainbat proposamen zirriborratu dira, hala nola, biodibertsitatearen galera geldiarazteko estatuko larrialdi-plan bat onartzea edo degradatutako ekosistemak leheneratzeko plan espezifikoak aktibatzea.

Eraikuntzaren, turismoaren eta automobilgintzaren sektoreen menpe egon da orain arte Estatu Espainiarren ekonomia. Sektore horiek, jasangarriak ez izateaz gain, kalitate gutxiko enplegua sortzen dute, eta ahulezia handia eragiten dute krisien aurrean. Hori dela eta, Ekologistak Martxan taldeak ekoizpen-eredu berri bat proposatzen du. Horrek hazkunde mugagabearen dogma alde batera utzi ez ezik, aipatutako sektoreen pisua murriztuko luke. Gainera, agroekologian, energia berriztagarrietan, pertsonen osasunean edo materialen erreparazioan eta berreskurapenean enplegua handitzearen alde egingo luke.

Ekoizpen-eredu berrihorretan planetarekiko jarduera kaltegarrienak, aberastasun handiak, finantza-transakzioak eta ekonomia espekulatiboa zergapetuko balira, eraldaketa horretarako beharrezkoak diren inbertsio guztien finantzaketa lor lirateke.

Ekologistak Martxan taldearen ustez, desberdintasun sozialak zuzendu eta lana bananduko duen ‘oreka sozial berria behar du berreraikuntza ekologikoak. Horretarako, zerbitzu publikoak indartzea, lanaldia murriztea edo etxebizitza eta oinarrizko hornidurak ziurtatzea, besteak beste, proposamenaren parte diren neurriak dira.

Azken ekintza ildoak, ‘Lurraren kultura berriak‘, ondasunen pilaketaren ordez, naturaz eta harreman sozialez gozatzeak duen garrantzia azpimarratuko duten hezkuntza neurriak bultzatzen ditu.

Txostenak ehun bat neurri ditu honako arlo hauetan: biodibertsitatea, larrialdi klimatikoa, ekonomia eta ekoizpen-sarea, ogasuna, fiskalitatea eta zorra, energia, garraioa, hirigintza, turismoa, ura, hondakinak, substantzia toxikoak, meatzaritza, arrantza, agroekologia eta elikadura-subiranotasuna, politika sozialak, berdintasun- eta lan-politikak, kontsumoa, hezkuntza, nazioarteko merkataritza, askatasun politikoak eta desmilitarizazioa eta Garapen Jasangarriko Helburuak.

Hurrengo gobernuek, hau da, EBk Gobernu zentralak, erkidegoek edota udalek, proposamen horiek aintzat hartzea espero dugu, gure etorkizuna, pertsona guztiena, jokoan dugulako”, laburbildu du Ekologistak Martxan taldeak.

Neurrien programa eta laburpena: https://www.ecologistasenaccion.org/148080

  • Twitter
  • Facebook