Energia berriztagarrien proiektu handien uholdeak trantsizio energetiko justu eta ekologikoa arriskuan jartzen du

    • Energia berriztagarriak instalatzeko proiektuen uholdea ikusita, Ekologistak Martxan taldeak teknologia horiei buruz duen jarrera plazaratu du laburpen-dokumentu baten bidez.
    • Behar-beharrezkoa da ekonomia deskarbonizatzea, eta ezinbestekoa da gizarte-justiziarekin, lurralde-orekarekin eta biodibertsitatearen babesarekin bateragarri egitea.
    • Erakundeak gogorarazi du eredu bat bera ere ez dela justua izango sozialki eta ingurumenari dagokionez. Ez, ase ezinik baliabideak xahutzen dituen sistema ekonomikoari ekiten jarraitzen bada; ez, sistema horrek energia-enpresa boteretsuetan eta haien proiektu handi jasanezinetan aurkitzen badu etekinak betikotzeko modua.

Datu zientifikoak argiak dira: larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta tenperatura globala 1,5 ºC-tik behera igoko dela bermatzeko, berotegi-efektuko gasen murrizketa globala urtean % 7,6tik gorakoa izan behar da. Horretarako, funtsezkoa da ekonomia berehala deskarbonizatzea. Ezinbestekoa da ekoizpen elektrikoa %100 berriztagarria izatea, ahalik eta lasterren. Helburu horrek berokuntza globalaren aurkako borrokan modu eredugarrian eta arduratsuan lagunduko luke eta, gainera, hobekuntza nabarmena ekarriko luke herritarren osasunerako eta abian diren aldaketa globalek gehien mehatxatzen duten biodibertsitaterako.

Baina eredu bat bera ere ez da bidezkoa izango sozialki eta ingurumenari dagokionez. Ez, ase ezinik baliabideak xahutzen dituen sistema ekonomikoari ekiten jarraitzen bada; ez, sistema horrek energia-enpresa boteretsuetan eta haien proiektu handi jasanezinetan aurkitzen badu etekinak betikotzeko modua, nahiz eta horrek planetaren degradazioa ekarri. Klima-aldaketaren aurkako borrokak oso ondorio onuragarriak ditu biodibertsitatea galtzearen aurka; hori horrela izanik, egia da ere trantsizio energetikoaren prozesua ezin dela bizitzarako mehatxu izan, eta ezin dituela espezieak, ekosistemak edo espazioak galdu ere, ordezkaezinak edo lehengoratze konplexu eta zalantzagarrikoak dira eta.

Distantzia handi eta arriskutsua dago 2020-2030 epealdirako Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuan aurreikusitako helburuen eta Espainiako Sare Elektrikoan sartzeko baimenak eskatu dituzten izapidetze-proiektuen artean. Plan Nazional Integratuak honako potentzia instalatua aurreikusten du 2030erako: energia eolikoko 50 GW eta eguzki-energia fotovoltaikoko 39 GW. 2020ko abenduaren 31rako aurkeztuta zeuden proiektuetan, ordea, honako potentzia instalatu hauek aurreikusi dira: potentzia eoliko eta fotovoltaikoko 130,4 GW, sarean sartzeko eta konexioa izateko eskubideak emanda dituztenak. Beste 45,3 GW izapidetze-fasean daude. Guztira, 175,7 GW dira: horrek esan nahi du potentzia eoliko eta fotovoltaikoaren bolumenak argiro gainditzen duela Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuan jasotakoa. Izan ere, 2021-2026 epealdirako sare elektrikoa planifikatzeko proposamenak honako hau dio: “Belaunaldi berriko sustatzaileen itxaropenak, sarbide-eskaeren bolumenean islatzen direnak […] 2026an instalatuta izan beharreko potentzia berria baino hiru aldiz gehiago dira eolikoaren kasuan, eta hamahiru aldiz baino gehiago fotovoltaikoaren kasuan”.

Plangintza zorrotz eta loteslerik eta kokaleku egokiak hautatzeko tresnarik ez dagoenez, habitat ugari okupatzen eta zatitzen ari dira, eta espezieak desagertzen, proiektu berriztagarrien kokalekuak bateraezinak direnean edo haien neurriak gehiegizkoak direnean. Batez ere, administrazioek gobernantza egokirik ez dutenez, enpresa sustatzaileak ari dira kokalekuak hautatzen, ez bakarrik baliabide eolikoaren edo eguzki-baliabidearen eskuragarritasuna kontuan hartuta, baita lurzoruaren kostu txikiagoan eta erresistentzia sozial txikiagoan oinarrituta ere.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak joan den urtearen amaieran sentsibilitate-eremuen mapa bat aurkeztu zuen, ingurumen-baldintzatzaile potentzialak identifikatzeko, baina ez zuen karakterizazio horretarako derrigortasun-mekanismorik garatu. Mapaketa horretan gabeziak ere ikusten dira. Adibidez, 10 eguzki-planta izapidetzen ari dira Alcúdiako haraneko eta Sierra Madronako (Ciudad Real) parke naturalari “lapurtutako” espazio batean kokatzeko. Mapak lekua egokitzat jo arren, agerian geratu da kokapen hori zein desegokia izango litzatekeen.

50 MW baino gutxiagoko proiektuak onartzeaz arduratzen diren autonomia-erkidegoek ere ez dute plangintza- eta zonifikazio-tresna sinesgarririk. Gutxienez, autonomia-erkidegoek kontuan hartu beharko lukete ingurumenarekiko sentsibilitate-maila, batez ere elkarren eraginpeko ingurumen-adierazleak, eta espekulazio-proiektu hutsen presentzia posiblea, beren ordenamendu juridikoan eta lurralde-araudian behar diren aldaketak eginez MITERDen zonifikazioan ez dauden eskualdeak sartzeko eta arreta berezia jarriz behar duten ingurumen-irizpideak dituzten eta ingurumen-sentsibilitaterik aitortuta ez duten eremuak ere kontuan hartzeko.

Hain zuzen ere, autonomia-erkidegoan une honetan ez dira kontuan hartzen ari inpaktu handiko proiektu zehatz askok dakartzaten ingurumen-arazoak. Lurraldean gehien ugaritzen ari direnak 50 MW baino gutxiagoko instalazioak dira; are gehiago, proiektuak zatikatzen ari dira, hau da, jardunbide txarrak egikaritzen, hartara, MITERDen izapidetzea saihesteko edo lurralde txiki batean kontzentratutako hainbat proiekturen eragin sinergikoen ebaluazioa saihesteko. Horrez gain, adibidez, Andaluziako eskualde-gobernuaren jarrera ere kontuan hartu behar da. Andaluziako sustatzaile berriztagarrien elkarteak eskatuta, berriztagarrien gida eta zonifikazioa kendu egin ditu, proiektu askok estepako hegaztien kontserbazioarekin dituzten gatazkak ezkutatzeko.

Era berean, ez da kontuan hartzen energia eolikoan teknologia berriak ezarriko direla, behar bezala ebaluatu ez direnak eta hegodun faunaren hilkortasunean aurreikus ezin daitezkeen ondorioak ekar ditzaketenak, are jauzi kualitatiboak ere. Adibidez, aerogeneradore handiak, 100 metroko pala-diametroa eta 2-3 MW-eko potentzia dutenak.

Oligopolio energetikoaren enpresa harroputzek nola jokatzen duten salatzen jarraitzen du Ekologistak Martxan taldeak, horiek baitira merkatu elektrikoaren eta haren garapenaren arauak eman dituztenak. Enpresa horiek energia berriztagarrien sektorearekin ere jolasean ari dira, eta egungo krisi planetarioak ekarri dizkigun akatsak errepikatzen dituzte. Errealitate horren aurrean, premiazkoa da formulen bitartez komunitateentzat onuragarriak izango diren energia- eta elektrizitate-kontsumoak aldeztea eta pribatiboak eta bereganatzaileak zigortzea. Adibidez, elektrizitatearen kudeaketa ekonomia sozial eta solidariotik bultza daiteke, irabazi-asmorik gabeko ikuspegi horretatik sortutako energia-proiektuen zerga-ordainketa kenduz edo murriztuz. Anbizio gehiago behar da zentzu horretan, eta instalatutako potentzia gutxiko instalazio txiki eta ertain horiek indartzea, gaur egun ezin baituute ezer egin enkanteen mekanismoan. Udal-ekimenek, energia-komunitateek edo kooperatibek bultzatutako instalazio horiek tokiko eskariak beteko lituzkete eta energia gutxi galduko lukete garraioan.

  • Twitter
  • Facebook