EAEn enpresa transnazionalen eta giza eskubideen zentro bat sortzearen alde

Enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentro bat sortzea aldarrikatzen du Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak, zeina hainbat sindikatuk, gizarte- erakundek eta nazioarteko elkartasunerako elkartek osatzen baitute, haien artean Ekologistak Martxan dagoena.

Gizartearen partaidetza bizia eta irmoa izango luke gune publiko berri horrek, eta eginkizun hau: euskal enpresa transnazionalen atzerriko jarduerak eta inpaktuak arautzea eta haiei buruzko kontuak eskatzea, bai eta Euskadin dabilen atzerriko kapitalarenak ere, giza eskubideen nazioarteko esparruaren aldeko jarrera irmoa abiapuntu izanda.

Lehentasun politikoa du gai horrek, ikusirik zenbateko protagonismoa berenganatu duten enpresa handiek krisi-garai honetan , non are bortitzagoa baita nazioarteko merkatuak atzitzeko eta atzerriko inbertsioak erakartzeko lehia. Egungo giro nahasiak areagotu egin du aipatutako protagonismoa, eta sortu duen gobernantza-ereduan erakundeek inongo baldintzarik gabe onartzen dituzte enpresen helburuak, interes orokorrekin bat omen datozelako. Hala, bada, esparru juridiko asimetriko bat eratu dute, korporazioen interesak giza eskubideen gainetik jartzen dituena.

Asimetria horri esker, multinazionalek ez dute zertan aintzat hartu araudi gorena, hau da, teorian behintzat giza eskubideei dagokiena. Bestalde, hertsatzeko, galdatzeko eta justizia betearazteko giza eskubideek baino ahalmen askoz handiagoa du multinazionalak babesten dituen lex mercatoriak (merkataritza- eta inbertsio-itunak, doikuntza-planak, nazioarteko kontratuak eta abar) gizartea eta erakundeak geroz eta gehiago desarautzen ari diren testuinguru honetan.

Korporazioen boterea, krisia, muturreko lehia, sektore publikoaren eta enpresen arteko aliantza, araudi asimetrikoak: elementu horien guztien konbinazioak sortu duen errealitatean etengabe urratzen dituzte multinazionalek giza eskubideak mundu osoan. Hala frogatzen dute, hainbat gizarte-erakunderen salaketek ez ezik, Nazio Batuen eta nazioarteko beste erakunde ofizial batzuen txosten askok eta askok ere.
Beraz, lehenbailehen ekin behar zaio arazoari, korporazioei protagonismoa kenduz eta gizarteko eta munduko gehiengoen esku jarriz. Denoi dagokigun lehentasun kolektiboa dugu, alor globaletik tokian tokikora jardutera bultzatu behar gaituena.

Gure ustean, Enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentroa gune ezin egokiagoa da —egungo eskumen-esparruan behintzat— giza eskubideak betearazteko alor estrategiko horretan; alegia, enpresen nazioarteko jardueran. Gainera, sektore publikoaren eta gizartearen arteko aliantza izango du oinarri, herritar antolatuei parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmen berezia emango diena.
Txosten honetan zehaztu ditugu Euskal zentroak izan behar lituzkeen ezaugarri nagusiak, betiere irizpide honi jarraikiz: erakunde publikoen araubideak enpresen borondatearen gainetik egon behar du, korporazioei giza eskubideak betearazteari dagokionez.

Eztabaida politiko, sozial eta mediatikorako tresna ere izan behar du Zentroak, haren parametro nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko egungo araudietan zehaztu eta garatzeko oinarria. Laburbilduz, ekarpenak eta indarrak biltzeko gonbita da (enpresa-batzordeak, ekonomia sozial eta solidarioko erakundeak, ETEak, saltoki txikiak, gizarte-mugimenduak, sindikatuak, lurraren eta lurraldearen aldeko sareak, alderdi politikoak eta abar), premiazko eginkizun hau helburu dela: enpresei giza eskubideak betearazteko erregulazio-eremu bat sortzea Euskadin.

- Irakurri proposamena Hemen

  • Twitter
  • Facebook