Mugimendu Iberiko Antinuklearrak alegazioak aurkeztu dizkio Hondakin Erradioaktiboen Zazpigarren Plan Orokorrari eta haren Ingurumen Azterlan Estrategikoari

Ekologistak Martxanek, Mugimendu Iberiko Antinuklearrarekin (MIA) batera, hainbat alegazio aurkeztu ditu hondakin erradioaktiboen planari eta haren ingurumen-ebaluazio estrategikoari buruz, eta bi dokumentuak luzeagoak eta sakonagoak izan daitezela eskatu du.

Ekologistak Martxan eta MIArentzat aurkeztutako zirriborroak eta ingurumen-ebaluazio estrategikoak ez dituzte proposatutako biltegiratze-alternatibak ebaluatu ahal izateko gutxieneko daturik ez azalpenik. Dokumentuan El Cabril hondakinen biltegia handituko dela aurreikusten da; hainbat erakundek errefusatu egin dute aukera hori, kokapenak dituen arazo handiak direla eta.

Ekologistak Martxan eta Mugimendu Iberiko Antinuklearrak parte hartu dute Hondakin Erradioaktiboen Zazpigarren Plan Orokorraren eta haren Ingurumen Azterlan Estrategikoaren hasierako bertsioa jendaurrean jartzeko aldian. Mugimendu antinuklearraren alegazioek adierazten dutenez, hasteko, planaren proposamenek ez dute azalpenik ez justifikaziorik. MIA eta Ekologistak Martxaren ustez, dokumentu hori “hurbilago dago laburpen eskematiko batetik, hondakin nuklearrak hainbat hamarkadaz kudeatu beharrari aurre egiteko proposamen baliagarri batetik baino.”

Zirriborroaren berritasun nagusia da konponbide-proposamen bat baino gehiago aurkezten duela erregai agortua eta aktibitate handiko hondakinak aldi baterako biltegiratzeko; izan ere, Ingurumen Azterlanaren Estrategikoaren betekizuna den arren, ez ditu kudeaketa-sistemen inplikazioak behar bezala aztertzen. Bi proposamen ageri dira dokumentuan: aldi baterako biltegi bakar eta zentralizatua (ATC) eta zentral nuklearren zazpi kokalekuetan jarritako biltegi deszentralizatuak (ATD). Bi alternatiba horiek bat egingo dute 2073an, sakoneko biltegi geologikoa (AGP), hondakin erradioaktibo arriskutsuen “behin betiko soluzioa” delakoa, martxan jartzen denean, milaka urterako.

Zentral guztiek dute Aldi Baterako Biltegi Indibidualizatua (ATI), edo laster izango dute, eta bertan ari dira hondakinak uzten. Kontua da ez dela behar bezala deskribatzen ATI bat ATD bihurtzeko proposamen berria. Zentralek eduki edukiko dutela ziurtatzen da, baina ez da zehazten zein den beharrezko ekipamendua, eta, era berean, esaten da arazoak daudenean, beharrezkoa izango dela hondakinak manipulatzeko funtsezko elementu bat, alegia, “gelaxka bero” delako bat izango dute zazpi instalazioek partekatuta. Hartara, “gelaxka bero” hori martxan egongo den hamarkadetan hondakinen egoera egiaztatu eta ikuskatzea edo manipulatzea eskatzen duen arazoren bat egonez gero, hondakin horiek errepidez lekualdatzea izango da.  Proposamenean ez da baloratu zer arrisku ekar dezakeen horrek, eta ez da azaltzen zergatik ez zaion instalazio bakoitzean “gelaxka bero bat” ezartzen. Ekologistak Martxanek adierazi duenez, “ezin da bi aukeren balorazio konparatiborik egin, informazio arrazoitu eta osoagoa ematen ez bada”.

Funtsezko beste kontu bat AGPak daraman hamasei urteko atzerapena da: aurreko planean, 2006koan, azken zentrala itxi eta 22 urtera behin betiko biltegiratzea egon zitekeela uste zen, baina plan berriak 38 urtera arte atzeratzen du epe hori, 2073ra arte. Ekologistak Martxanek adierazi du ez dela inolako justifikaziorik ematen aldaketa hori egiteko; soilik hogeita hamar urte ezartzen dira kokalekua eta ezaugarri geologikoak zehazteko, eta 2006an, berriz, nahikoak ziren hamalau urte. Hori nahikoa ez balitz bezala, prozesuaren hasiera 2029ra atzeratuko da, informazioaren zabalkundeari eta horrelako instalazio batek dakarren gizarte-kontsultaren prozesu luzeari lehenbailehen ekin beharrean. Egia esan, AGP eraikitzeak baldintzatuko du aldi baterako biltegien iraupena, alternatiba zentralizatua ala deszentralizatua izan. Eta zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta garestiagoa izango da zazpi ATDen alternatiba. Izan ere, mende erdira arte askoz garestiagoa izango da zentralizatua, ATC instalazioa eraiki eta edukiontziak lekuz aldatu beharko baitira. 2050etik aurrera, gastu-partida nagusiak biltegiak mantentzeari eta inguruko udalei konpentsazioak ordaintzeari dagozkionak izango dira. Beraz, AGP atzeratzeak aukera deszentralizatua garestitzen du, garraio erradioaktibo gehien saihesten duena, hain zuzen.

MIAk eta Ekologistak Martxanek adierazi dutenez, behin betiko biltegia eraikitzeko 16 urteko atzerapena saihestuz gero, hau da, hondakinen aurreko planeko baldintzetara itzuliz, aldi baterako biltegiratzeko bi aukerak merkatuko lirateke, eta, gainera, bi aukeren kostuak hurbilduko lirateke, eta horien arteko aukeraketa lotuago egongo litzateke segurtasun- eta gizarte-akordioko faktoreekin kostuekin baino. Erakundeak beharrezkotzat jotzen du kostuen urtez urteko banaketaren bigarren estimazio bat aurkeztea, AGP baten eragiketa-data hurbilago batekin, adibidez, 2057.

Edukiontzien garraioa funtsezko gaia da plan osoan, baina ez da horri buruzko daturik ematen eta ez da joan-etorrien eragina ebaluatzen. Ekologistak Martxanek egindako kalkuluen arabera, 600 edukiontzi baino gehiago mugitu beharko dira urrun dauden zazpi lekutatik. Edukiontzi horien blindajea ezin da erabatekoa izan, beraz, gamma erradiazioko emisioak daude, arriskutsuak direnak konboiak dabiltzan herrietako langile eta biztanleentzat, bereziki gauez atsedenlekuetan gelditzen direnean edo, jakina, istripua gertatuz gero. Era berean, sabotaje eta atentatuen aukera eta babesteko beharrezko neurriak ebaluatu beharko lirateke. Alternatiben ebaluazioan ez da horrelakorik kontuan hartzen, nahiz eta ATCak garraio-kopuru bikoitza eskatuko duen.

Erradioaktibitate oso baxuko, txikiko eta ertaineko hondakinen tratamenduari dagokionez, planak bere gain hartzen du El Cabrilek jarraituko duela segurutzat jotzen du, eta are handitu egingo dela ere. Beste gai batzuk alde batera utzita, MIAk eta Ekologistak Martxanek uste dute ez zaiola handitze horri ekin behar, eta behin El Cabrilen edukiera osatuta, itxi egin behar dela. Hondakin nuklearrak ezin dira balio natural handiko lekuetan kokatu, nolabaiteko aktibitate sismikoa duen ingurune geologiko hautsian eta instalazio nuklear eta erradioaktibo gehienetatik oso urrun. Eduki arriskutsua duten joan-etorri luzeak eskatzen ditu horrek. Datozen hamarkadetan, zentralak eraisten direnean eta hondakinak kudeatu beharko direnean, joan-etorrien kopurua eta bolumena handituko da, halabeharrez. Hondakin horiek kudeatzeko leku egokiago bat bilatzen hasi beharra dago lehenbailehen. Eta oraingoan, herritarrei zor zaien errespetuz, gardentasunez eta benetako parte-hartze publikoko prozesuen bitartez egin beharko da. Europar Batasuneko hainbat herrialdetan badago halako esperientziarik.

Ez da ezer aipatzen hondakinen kudeaketa ordaintzeko moduari buruz. Planak kostuen zenbatekoak ematen ditu, baina ez du inolako azalpenik ematen, eta partidak ez dira nahikoak alternatibak alderatu hala izateko, baina, gainera, ez da funtsen hornidura lantzen, beraz, ezin da jakin dirurik egongo den hondakinen plangintzari ekiteko edo gai hori erabakigarria izango den biltegiratze-alternatibei buruzko erabakiak hartzeko. Izan ere, dirua falta bada, kostu gutxien duen aukera ezarriko da, nahiz eta seguruena ez izan. Ezinbestekoa da planaren finantziazioa orain jorratzea, hondakinak ekoizten dituzten enpresek ―onura handiak aitortzen dituzten enpresak―, oraindik ere beren hondakin erradioaktiboen tratamendua ordaintzeko ekarpen-tasa doituta ikus dezaketelako. Azken zentrala ixten denean, ziur aski herritarrek beren gain hartu beharko dituzte kostuak, egungo ekoizpen nuklearraren kargen bidez finantzatzen jarraitu ezinaren aurrean.

Ekologistak Martxanek eta MIAk Hondakin Erradioaktiboen 7. Planaren zirriborroa sakonki hobetzeko eskatu dio ENRESAri, hondakinen plan berria egiteko ardura duen eragileari. Hainbesteko tamainako arazo bati aurre egiteko, gaitasun teknikoa behar da, baina baita gardentasunez jokatzea eta herritarren informazioa eta parte-hartzea erraztea ere. Zentral nuklearren itxieraren aurrean, garrantzi handikoa da plana, enpresak izan daitezen hainbat hamarkadatan baliatu duten kutsadura erradioaktiboagatik ordainduko dutenak. Hondakin nuklearren arazoari ezin zaio hain modu partzialean heldu, eta beharrezkoa da herritarren informazio- eta partaidetza-prozesu bati ekitea, hondakin nuklear erradioaktiboei behin betiko irtenbidea emateko milaka urtetarako.

Esteka hauetan kontsulta ditzakezu aurkeztutako alegazioak:

https://www.ekologistakmartxan.org/wp-content/uploads/2022/06/20220216-Observaciones_7PGRR-y-EsAE.pdf

https://www.ekologistakmartxan.org/wp-content/uploads/2022/06/20220616-Tabla-de-observaciones_PLataformaCCNC.pdf

 

 

  • Twitter
  • Facebook