Amildegi ekologikorako lasterketa saihesteko ekintzak eskatzen ditugu

Kalera atera gara Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari erantzukizuna eta ekintzak eskatzeko, egungo amildegirako lasterketa saihesteko

  • Kolektibo ekologista eta sozial ugark premiazko neurriak eskatzen dituzte “bidean dugun zibilizazio-krisiari aurre egiteko”

Aste honetan Egipton egiten den COP27 goi-bilera klimatikoaren aurrean, hainbat talde ekologista eta sozial Bilboko kaleetara atera dira, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari trantsizio energetiko “justua, demokratikoki erabakita eta nahikotasun-irizpidearen araberakoa lortzeko politikak ezartzeko konpromisoa” eskatzeko.

Arriaga Antzokiaren aurrean gaur egindako elkarretaratzea deitu duten kolektiboek adierazi dutenez, “klima-larrialdiaren eta honek sortutako muturreko bero-, lehorte- eta sute-fenomenoen aurrean, ekonomiaren eraldaketa, emisioen murrizketa eta justizia klimatikoa dira erantzun egokienak”. Ohartarazi dutenez, berotegi-efektuko gasen isuriek, beranduenez, lau urteren buruan goia jo beharko lukete, baina azken datuek erakusten dutenez, emisio horiek goranzko joera kezkagarria dute, COVIDaren aurretik baino handiagoa.

COP27an bildutako gobernuei zera eskatzen die Aldaketaldiak: “trantsizio saihestezinak modu justu eta solidarioan bideratzea, etorkizun bizigarriaren babesa lehenestea eta bizitza prekarizatuenak erreskatatzea ”.

Honez gain, Egiptoko gobernuak goi-bilera sozial alternatiboa egitea debekatu duela salatu dute gizarte eragileek. Horregatik, Egiptoko agintariei eskatzen diete neurriak har ditzatela “hango giza eskubideen krisi sakonari aurre egiteko” eta “gizarte zibilak espazio publikoan parte har dezan bermatzeko, goi-bilera honetan ez ezik, modu egonkor eta iraunkorrean”.

 

  • Twitter
  • Facebook