Euskadiko Otso Taldeak salatu du Karrantzan otso bat edo bi legez kanpo hil direla

  • Berriak ostiralean zabaldu ziren sare sozialetan

  • Ertzaintzari jakinarazi zaio dagoeneko

  • Inguruan hiru otso zeuden.

 

Euskadiko Otso Taldeak Karrantza inguruan ustez otso bat edo bi hil direla salatu nahi du. Albisteak ostiralekoak dira eta iturri ezberdinetatik datozenez, nahiko fidagarriak dira.

Ertzaintzaren patruila berdea jakinaren gainean jarri dugu, gertatutakoa iker dezaten. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Ingurumen Fiskaltzari eskatzen diegu informazioa egiazta dezatela eta, baieztatuz gero, errudunak identifika ditzatela eta justiziaren esku jar ditzatela.

Duela aste batzuetatik hona, hainbat komunikabidek otsoek etxeko abereei Karrantza inguruan egindako erasoen berri ematen zuten. Albisteek hiru otsori buruz hitz egiten zuten, eta fototranpatze-kameraz egindako bideo bat ere zabaltzen da. Bideo horretan, hiru otso agertzen dira, inguruan beita gisa jarritako ardi bati erasotzen (bideoan ikus daiteke ardia lotuta dagoela).

Euskadiko Otso Taldeak prebentzio-neurriak abian jartzeko eskatu die gai honetan inplikatutako aldeei, abeltzainei, nekazaritzako sindikatuei eta administrazioei, otsoen eta abereen arteko interakzioen inpaktua minimizatzeko. Izan ere, horiek ezartzeko funts publikoak dituzte, eta Europatik, Estatutik eta baita aldundi batzuetatik ere dirulaguntzak jasotzen dituzte. Era berean, eremu horietan zaintza handiagoa eskatzen dugu, legez kanpoko ehiza-kasuak saihesteko; izan ere, zoritxarrez, badirudi gaur egun ere zigorgabetasun kezkagarria eta onartezina dagoela.

Euskadiko Otso Taldeak, gainera, zenbait komunikabideren profesionaltasun eskasa salatu du, batez ere publikoena, eta, bereziki, ‘Nos echamos a la calle’ ETB2ko magazinarena. Izan ere, asteazkeneko saioan, hilaren 16an, kazetarietako batzuek arduragabekeriaz adierazi zuten otsoak arriskutsuak zirela pertsonentzat, eta gizartean oinarririk gabeko alarma sortu zuten. Komunikabide publiko batek zorroztasuna ematen eta otsoaren presentziari lotutako gizarte-alarmismoa arintzen lagundu beharko luke, eta ez haserrea eta pertzepzio negatiboa sustatzen babestutako basa-faunarekiko, eta inoiz ez oinarririk gabeko alarma zabaltzen, polarizazioa bilatzen eta gizarte-probokazioak sustatzen.

  • Twitter
  • Facebook