Ekologistak Martxan-ek salatu du Bilboko Udalak egindako lanek Pagasarri mendia pixkanaka desnaturalizatzen laguntzen dutela

  • Uste du Bilboko Udalak alde batera utzi duela gune natural gisa mantentzea, eta hiri-parke edo Artxandaren antzeko aisialdi-gune bihurtzen ari dela.
  • Ekologistak Martxan-ek eskatu du Pagasarriren kudeaketa-politika aldatzeko, igoera-pistak birnaturalizatzeko, farola berrien korronte-hartuneak kentzeko eta Bilboko birika berde hori naturgune gisa berreskuratzeko.

 

Ekologistak Martxan-ek salatu du Bilboko Udala hainbat lan egiten ari dela Pagasarri mendia pixkanaka desnaturalizatzeko prozesuan egon dadin, eta, ondorioz, hiri-parke edo Artxandaren antzeko aisialdi-gune bihur daitekeela. Erakunde ekologistak, era berean, Pagasarriren kudeaketa-politika aldatzeko, igoera-pistak birnaturalizatzeko, farola berrien korronte-hartuneak kentzeko eta Bilboko birika berde hori naturgune gisa berreskuratzeko eskatu du.

Inguru horretan egin diren lanen artean, lehen adibidea Igertu inguruan eta Pagasarri tontorraren inguruan atsedenlekuak eraikitzea da; izan ere, paisaiari kalte egiteaz gain, ez dira beharrezkoak eta denbora gehiena ez dago erabiltzailerik. Beste adibide bat Pagasarrin dauden pisten pixkanakako zoladura da, ibilgailuen eta bizikleten zirkulazioa errazteko. Ekologistak Martxan-ek duela urte batzuk salatu zuen igoerako ibilbideko zenbait puntu, hala nola “isiltasunaren aldapa”, 3 en 1rekin zolatuta zeudela. Orain, Bilboko Udalak urrats bat harago egitea erabaki du, zementuaren antzeko materialarekin zenbait zati zolatuz. Talde ekologistaren ustez, zenbait pistak malda handiak dituzte zenbait zatitan, eta horiek behar bezala mantentzeko inbertsioa behar dute, baina “pista guztiak pixkanaka zolatzea ez da beharrezkoa, eta ez dago justifikatuta”.

Beste alde kezkagarri bat “Pagasarriko bide zaharra” deritzonaren egoera da. Bertan, jatorrizko ibilbidearekiko alternatiba asko ireki dira, eta uraren jariatzeak eta airean geratzen diren haritz amerikarren sustraiak zapaltzeak lurzorua hondatzea eragin dute. Gainera, espezie exotiko horrek substratua hondatzen laguntzen du bere orbelarekin.

Ekologistak Martxan pozik agertu da “Bilboko Udalak Pagasarriren kudeaketarekin lotuta izan duen azken zentzugabekeria, igoeretako batean farolak jartzea, azkenean baztertu dutelako”. Hala ere, instalazio-lanak hasita zeuden, eta ingurunean eragin negatiboa izan du korronte-hartuneen instalazioak. Nolanahi ere, argi berri hori jartzearen alde eta kontra hartutako erabakiek inolako zalantzarik gabe erakusten dute “udal ingurumen-politikaren norabiderik eza”. “Ez dakigu eremua naturgune gisa mantendu nahi den edo Artxanda mendiaren antzeko aisialdirako gune edo hiri-parke bihurtu nahi duten”.

Ekologistak Martxan-ek uste du Bilboko Udalak ezin duela bere kabuz esku hartzen jarraitu, ezta obrak egiten ere, Pagasarrri bezalako naturgune batean, iritzi publikoa kontuan hartu gabe. Hori dela eta, premiaz parte hartzeko bideak irekitzea eskatzen du, erabaki horiek hartzerakoan adostasunak lortzeko.

 

  • Twitter
  • Facebook