Interkonexio Elektrikorik Ez! plataformak kexa aurkeztu du Arartekoaren aurrean, interkonexio elektrikoa 1100 milioi eurotan garestitu dela-eta

Duela hilabete bi, CNMCk proiektua geldiarazi zuen kostuen banaketan akordiorik ez zegoelako; izan ere, hasierako aurrekontua 1100 milioi euro handitu zen. Hala eta guztiz ere, martxoan, Red Eléctrica Españolak (% 80an enpresa pribatua da) akordio berri bat lortu zuen Frantziako bere homologoarekin, eta, beraz, proiektuak gure poltsikoak eta gure lurraldea mehatxatzen ditu berriro. Mungialdeko eta Uribe Kostako hainbat herritarrek eta “Interkonexio Elektrikorik Ez!” plataformak bat egin dute herritarrei jakinarazteko baztertua izan zen Bizkaiko Golkoko Interkonexio Elektrikoaren proiektuak aurrera jarraitzen duela.

Gaur egun, proiektu hau benetako hondamendi ekonomikoa da jada. Proiektuak 2850 milioi euroko kostua du guztira, eta aurrekontu horrek igotzen jarraituko du, materialen kostuaren igoera dela-eta. CNMCren oniritziarekin, herritarrok euro milioikada horiek eta etorkizuneko gainkostuak gure argindarraren fakturen bidez ordainduko ditugu, eta onuradun bakarrak enpresa pribatuak izango dira.

Akordio berri hau guztiz bidegabea eta gardentasunik gabea da, ez baita kostuak lurraldeen artean banatzea justifikatzen duen inongo kostu-etekinen azterketa bidez arrazoitu. Frantziako herritarrak proiektuaren onuradun izango diren bitartean –merkeagoak diren penintsulako soberakin berriztagarriak inportatuko baitituzte–, Espainiako Estatuko herritarrak arduratuko dira aurrekontuaren zatirik handiena ordaintzeaz.

Egoera larri horren aurrean, Interkonexio Elektrikorik Ez! plataformak kezka adierazi die Herriaren defendatzaileari eta Arartekoari, haien laguntza eskatzeko asmoz, proiektu horrek kontsumitzaileei ekar diezaiekeen inpaktu ekonomiko izugarria geldiarazteko.

  • Twitter
  • Facebook