Zaldibarko zabortegia erortzen ari dela salatu dute eta premiazko neurriak hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

  • Zonako azken txosten geologikoko datuek egiaztatzen dute zabortegiko hondakin-masaren egonkortasuna azkar galdu dela
  • Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxanek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eskaera bat erregistratu dute Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean, premiazko ekintzak eskatzeko
  • Ekainaren 29an, osteguna, Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzera eta ostiralean, hilak 30, Zaldibarren manifestaziora deitu dute

Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistak Martxanek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak prentsaurrekoa deitu dute astelehen honetarako, Zaldibarko zabortegiaren egoerari buruzko azken datuen aurrean kezkatuta daudela adierazteko. Kolektiboen ustez, “oso garrantzitsua da bizilagunei egungo arrisku-egoeraren berri ematea”, eta mobilizatzeko deia egin dute, “Eusko Jaurlaritzari premiazko ekintzak eskatzeko, beste hondamendi bat saihesteko”.

Eusko Jaurlaritzak Geología y Geotecnia Larrea S.L. enpresari eskatutako txosten geologikoaren arabera, hondakinen masa ez da egonkorra. Apirilean, Segurtasun Faktorea (FS) 1,15ekoa zen, eta beheranzko joera zuen, eta eraitsi egin daiteke 1. baliora jaitsiz gero. Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak amaitutzat jo zituela eremua egonkortzeko lanak 2021eko abuztuan, eta data horretan FS 1,6koa izan zen baldintza lehorretan eta 1,4koa drainatze-akatsen baldintzetan. Hau da, egoera larritzen ari da modu kezkagarrian.

Eneko Iraeta Zaldibar Argitu taldeko kideak argitu du “Eusko Jaurlaritzak berak txostena epaitegira bidali duela. Egonkortasunari begiratuz gero, arriskua handia da, mugitzen ari da, pitzadurak daude”. Iraetak dioen bezala, arriskua balizko erorketa batetik haratago doa,“ gasen, usainen eta suteen isurketei dagokienez ere arrisku handia baitago”. Hiru urte baino gehiago geroago, Zaldibar Argituk salatu du “egungo egoera ez dela 2020ko otsailaren 6koa baino hobea”. Hondakin-masaren egonkortasun-galera azkarrak (egunean 2mm inguruko mugimenduekin) alarmak piztu ditu. “Oso kezkatuta gaude”, dio Iraetak.

Berriro erortzeko arriskua dagoenez, Ekologistak Martxan-eko kide Javier Vazquezek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio “baliabide eta mekanismo legal guztiak jartzea zuzenean, subsidiarioki eta berehala jarduteko”. Eusko Jaurlaritzaren ekintza beharrezkoa dela uste dute, “egoeraren zuzeneko erantzulea nor den, sor daitezkeen legezko beste erantzukizun batzuk zein diren eta azkenean beharrezko jarduerak nork finantzatu behar dituen kontuan hartu gabe”. Vazquezek gogorarazi du, ingurumen-erantzukizunari buruzko 2004/35/EE Zuzentarauaren arabera, “erakundeen betebeharra eta erantzukizuna dela beren lurraldean ingurumena eta osasun publikoa zaintzea, bai eta hura babesten duten legeak betetzea eta betearaztea ere”.

Era berean, kolektiboek eskaera bat erregistratu dute (ikusi erantsitako dokumentua) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean, “Eitzagako zabortegiaren segurtasuna, ingurunearen ingurumen-babesa eta indarrean dagoen legeria betetzea bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak lehenbailehen eta berehala hartzeko” eskatuz.

Arrisku-egoera horren aurrean, kolektiboek mobilizatzeko eta ekintza hauetan modu masiboan parte hartzeko deia egiten dute:

  • Ekainak 29, osteguna, 12:00etan. Elkarretaratzea Eusko Legebiltzarraren aurrean.
  • Ekainak 30, ostirala, 19: 00etan. Manifestazioa Zaldibarko Udaletxe plazan.

  • Twitter
  • Facebook