Klima ez, sistema aldatu

Change the change. Lerroburu hori jarri diote Donostian antolatu den Klima Aldaketaren Nazioarteko Konferentziari. Hiru egunetan, bertoko eta nazioarteko adituak elkartuko dira “historia arrakastatsuak eta “negozio-eredu berriak” aurkezteko eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean gizarte gisa ditugun erronkez eztabaidatzeko. Programan, hizlari nagusien artean, Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua, Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumeneko diputatua, Ignacio S. Galán, Iberdrolako presidentea eta Gonzalo Sáenz de Miera, Iberdrolako Klima Aldaketako zuzendaria, Ernesto Gasco, Donostiako alkateordea eta Teresa Ribera, Trantsizio Ekologikorako Espainiako ministroa. Sarrera arrunta 180 euro eta 100 euro ikasle eta langabetuentzat. Ez dut dudarik orri asko beteko dutela komunikabide mainstream-etan baina nire buruari galdetzen diot, pertsonaia horiek eta ordezkatzen duten enpresa eta interesak klima arazoaren parte dira ala soluziobidearena?

Iberduero kanpora! Hala kantatu du urte luzeetan euskal mugimendu antinuklear eta ekologistak Lemoizko aferan. Al Gorek, Nobel saridunak, aldiz, Bilboko Guggenheimean euskaldunok zorte handia genuela esan zigun. Aldaketa klimatikoari ekiteko Iberdrola eta Gamesa tresna oso baliotsuak baitira, bere ustez. Gamesa duela gutxi Siemens alemaniarrari saldu diote eta nire aburuz, Iberdrola dugu arazoaren parte (nagusia) eta ez soluzioarena. Espainiako Estatuaren CO2ko isurketen %1aren erantzulea da. Beste multinazional batzuek gehiago kutsatzen dute, noski, Endesak %10, Gas Natural, EDP eta Repsol-Petronor hirukoteak %3 bakoitzak. Cepsa, Cemex, ArcelorMittal, Viesgo eta Cementos Portlandekin batera, hamar enpresa horiek heren bat sortzen dute (%28). Erantzukizun oso nabarmena, aldaketa klimatikoan.

Klima ez, sistema aldatu! Hau da justizia klimatikoaren leloa mundu osoan.  Kapitalismoaren eredu soziala gainditzeko eredu energetikoa aldatu beharra dago eta trantsizio energetiko hori egitekotan aldeko eta kontrako indarrak eta eragileak borrokan gaude. Iberdrolako zuzendaria eta AHT, erraustegia, superportuak, Coke, errepide eta azpiegitura berriak (Araban, Barroneko urtegia, azken alea dugu), instituzio politiko eta enpresetatik defenditzen dituztenak, ez daude justizia klimatikoarekin lerraturik, sistemaren parte dira. Behetik sortzen diren aldaketak, jende asko biltzen dutenak lotu behar ditugu eta bidaia luze horretan instituzio eta enpresen munduan aliatuak egon badaude, zorionez. Change the change moduko ekimenek ez dute ezer aldatzen/ekartzen… Sistema bera irauteko egiten dira. Zoritxarrez!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

  • Twitter
  • Facebook