Hitzaldia (Oiartzun) Erraustegiaren kutsaduraz azken berriak

Zubietako erraustegiaren kutsadura 2021ean:
ToxicoWatch-en ikerketaren aurkezpena Oiartzunen

Martxoaren 17an, ostirala, arratsaldeko 18:30etan Oiartzunen (Udaleko batzar aretoan) aurkeztuko da Holandako ToxicoWatch fundazioak Zubietako erraustegiaren kutsaduraz 2021ean bildutako laginekin egindako txostena. Errausketaren Aurkako Mugimenduko bi kide izango dira datuak eta emaitzak aurkezten “Zer dakigu Zubietako erraustegiaren kutsaduraz?” hitzaldian.
ToxicoWatch fundazioko ordezkariak 2019an izan ziren Hernanin eta bertan aurkeztu zuten Holandako Harlingen hiriko erraustegiaren kontrolean egindako lana, erraustegiko arduradunek kontrolik gabe lagatako edo apropos ezkutatutako kutsadurak herritarrei azaltzeko. Geroztik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Zubieta Lantzen elkarteak eskatuta gauza bera egiten hasi ziren Zubietako erraustegiaren inguruan; hori finantzatzeko herritarren artean diru-bilketa egin zen eta hainbat udali ere dirulaguntza eskatu zitzaien.
ToxicoWatchek lehenbizi erraustegia martxan jarri aurreko egoera analizatu zuen, horretarako analizatuz inguruko oilategi batzuetako arrautzak, erraustegi inguruko ura, errekako lohia, zenbait landare eta zuhaitzen hostoak, goroldioa eta abar. 2020an eta 2021ean berriro egin dute neurketa, bildutako lagin berriak laborategian analizatuta.
Duela gutxi bukatu dutenez 2021eko txostena, horrek erakusten dituen datu kezkagarriak aurkeztuko ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduko kide usurbildar batek, laginen bilketa eta analisietan parte hartu duenak.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua antolatutako aurkezpen hau Oiartzungo Udaleko Batzar aretoan egingo da, martxoaren 17an-ostirala- arratsaldeko 18:30etan.

ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA

  • Twitter
  • Facebook